Lagun Aroren aulkia berriz hutsik

Itxuraz, Sito Alonsoren ordezkariek kontratu hobea lortzeko hautsi dute akordioa, kluba estu hartzeko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Burrunba. Eta ikaragarria. Sito Alonso edo haren ordezkarien erabakiak hautsak harrotu ditu Donostian eta Gipuzkoan, eta sekulako iskanbila sortu. Astearte iluntzekoa da berria. 23:00ak baino 20 minutu lehenago oharra bidali zuen klubak, entrenatzaileak taldearekin zeukan kontratua eten zuela jakinarazteko. Orduak harridura eragin zuen, eta erabakiak, zer pentsatu franko eman. Askok Baskoniak ustez Alonso fitxatzeko zeukan interesa ikusi zuten kontratu etetearen itzalean, baina, egunak argia hartzearekin bat, bi aldeek kontratua berritzeko izandako negoziazioak hartu zuen indarra.

El Diario Vasco kazetak eman zuen arrastoa. Alonsok eta haren ordezkariak kontratu berri bat hitzartzen saiatu dira klubarekin, liga bukatu ondotik. Klubak bi urteko kontratua eskaini zion entrenatzaileari, %25eko soldata igoerarekin. Sito Alonsok ez zuen eskaintza onartu, eta %80ko igoera eskatu zuen, trukean. Klubak proposamen hori onartzea ezinezkoa zela jakinarazi zion ordezkariei, kontuek gainezka egingo zutelako, eta entrenatzaileak jokalari garestienak adina diru jasoko zuelako kontratu horri baiezkoa emanez gero.

BERRIA klubeko arduradunekin harremanetan jarri zen atzo goizean, eta adierazpen ofizialik ez zutela egingo erantzun zioten. Egunkariak argitaratutako xehetasunak baieztatu zituzten, ordea, eta Sito Alonsoren eta haren ordezkarien jarrera kontratu hobeago bat lortzeko presio neurri gisa ulertu. Lagun Arok Baskoniak Sito Alonsori eskaintzarik ez diola egin uste baitu. Ez Baskoniak, ezta beste inork ere. Donostiako taldeak harreman bikaina du Josean Kerejeta Baskoniako presidentearekin, eta agerikoa da hartu-eman on hori baliatu dutela Sito Alonso Baskoniarekin lotzen zuten informazioaren inguruko zehaztasun bila.

Gasteiztik ezezkoa jasota, garbi dute Sito Alonsoren ordezkariek zurrumurru hori zabaldu zutela nahita, Lagun Aro presionatzeko. Kontua da kluba entrenatzailerik gabe dagoela. Ikusteko dago hurrengo egunetan ze mugimendu gertatuko diren, baina, printzipioz, zail ikusten da Lagun Arok eta Sito Alonsok akordioa lortzea berriro. Klubak erabateko konfiantza zeukan entrenatzailearekin, baina konfiantza hori zeharo galdu da orain, klubak ez zuelako espero entrenatzaileak bere kabuz hitzarmena haustea, eta, are gutxiago, halako diru kopuru handia eskatzea.

Trukean, Sito Alonsok lortutako emaitza bikainak daude. Baita hainbat jokalarik taldean jarraitzeko baldintza gisa entrenatzaileak karguan segitzeko eskatu izana, ustez. Ausartuko al da kluba, konfiantza galarazi dion entrenatzailearekin segitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.