Pilotaria eta botileroa ez dira ausaz elkartzen. Galtza zuriz dabilenak gertukoa eta konfiantzazko pertsona hautatzen du haren laguntzaile gisa jarduteko. Bada, Unai Lasok haren lagun min Jon Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999) du. «Baikora itzuli zenean, Sanferminetako torneoan haren botilero izateko eskatu zidan». Ez zuen bitan pentsatu. Ordutik, Lasok jokatzen duen partida bakoitzeko, Mariezkurrena kontrakantxako aulkian eserita egoten da, adi-adi; besteak beste, Lau eta Erdiko Txapelketan. «Polita eta berezia da»
«Konplizitate handiko» harremana dute Lasok eta Mariezkurrenak. Bereizi ezinak dira. Anaiak dirudite. Berriozarrekoak gertutik jarraitu du Bizkarreta-Gerendiaingoak izan duen bilakaera. «Lehen urduriagoa zen, eta gauzak pentsatu gabe egiten zituen; orain, kantxan beste pertsona bat dela ikusten zaio». Zer dela eta? «Profesionaletatik kanpo egon zen denbora horretan, bere burua asko landu zuen, eta lantzen segitzen du oraindik ere. Helduagoa da».
Hain zuzen, Lasok bertute hori makulu izan du lau eta erdiko finalera heltzeko. Peio Etxeberriaren aurka jokatutako finalerdia gogora ekarri du Mariezkurrenak: «Tentsio handiko partida izan zen. Askotan aurpegia aldatu behar izan nuen, Unaik ni urduri nengoela ez ikusteko». Garaipenaren ondoren, bien arteko besarkadak hamaika sentipen metatu zizkien buruan. «Iraganean bizi izandakoaz gogoratu ginen. Eta orain, begira noraino iritsi den: final handi batera». Lasoren lorpenak finalera heltzeaz harago doazela gehitu du: «Duela urtebete, gurekin bat egin zuten Baikoko pilotarien meritua ere bada; haiek gabe, Unai ziurrenik ez zen honaino ailegatuko».
Biek motxila «astuna» gainean badaramate ere, aurrera begiratzea dute xede. «Datozen egunak eta finalekoa gozatzen saiatuko gara». Partida jokatuko ez duen arren, Mariezkurrenak ez du ezkutatu urduritasunez biziko duela. Halere, argi du zein den bere rola. «Unaik duen tentsioa baretzen saiatzea, eta momentuak eskatzen duenean aholkuak ematea». Askok bezalaxe, Jokin Altuna jo du finala irabazteko faborito. Halere, Laso irabazteko gai dela uste du. «Ea sustoren bat hartzen duen Jokinek. Unaik txapela irabaziko balu, lan handiaren saria izango litzateke».
Lagun mina, kontrakantxan
Konplizitate handia dute Jon Mariezkurrenak eta Unai Lasok. Berriozarrekoak gertutik jarraitu du adiskideak izandako bilakaera, eta finalerako «itxaropentsu» agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu