Li Na eta Jie Zheng lagun onak dira. Maiz ibiltzen dira elkarrekin, eta eurek onartua da afaltzera eta erosketak egitera batera joaten direla. Tenisak elkartu zituen, eta biek batera erabaki zuten udan Txinako tenis programa nazionala uztea entrenatzaile pertsonalekin euren kasa lan egiteko. Australiako Irekira ere elkarrekin iritsi ziren, eta Jie Zhengek herenegun finalerdietarako sailkatzea lortu bazuen, atzo Li Na izan zen laguna bakarrik utzi nahi ez izan zuena. Ustekabea eman zuen, Venus Williams kanporatuta (2-6, 7-6 eta 7-5), eta gaur haren ahizpa izango du aurkari finalerdietan. Williamstar gazteenak, bestalde, gorriak ikusi zituen Victoria Azarenka kanporatzeko (4-6, 7-6 eta 6-2). Gaur ere jokatuko da emakumeen beste finalerdia, Justine Henin eta Jie Zhengen artean.
Li Nak eta Venus Williamsek behartu gabeko hutsez jositako partida kaskar eta gogorra jokatu zuten atzo. Bien artean 110 huts egin zituzten, eta hamazazpi aldiz hautsi zituzten sakeak, horietatik zortzi txinatarrak. Li Naren hanken eta Williamsen besoaren arteko lehia izan zen, eta estatubatuarrak ez zuen baliatu irabazteko izandako aukera. Lehen seta irabazi ondoren, 5-4 aurreratu zen, baina ez zuen sakea baliatu. Na Lik hautsi egin zion, kitarakoan gailendu aurretik. Williams akituta iritsi zen hirugarren setera, baina borrokan jarraitu zuen. Sei aldiz hautsi zioten sakea elkarri, eta txinatarra freskoago iritsi zen azken txanpara. Historian lehenbizikoz bi txinatar sailkatu dira Grand Slam bateko finalerdietara. Aurretik Zheng Wimbledongo finalerdietara iritsia zen, eta Na Li Olinpiar, Jokoetakora. Dena den, biek oso zail izango dute finalerako sailkatzea.
Tsongaren ustekabea
Australiako Irekiak egin zuen ezagun Jo Wilfried Tsonga, 2008an finalera iritsi zenean, eta frantziarrak berriz ere orduko bidea egiteko aukera izango du. Atzo Novak Djokovic kanporatu zuen, ia lau orduko partidan (7-6, 6-7, 1-6, 6-3 eta 6-1). Lehen bi setak galdu ondoren, buelta eman zion partidari jendearen oihuen artean. Etxeko tenislaririk gabe, Rod Laver Arenako ikusleek Tsonga babesten ari dira.
Frantziarrak Federer izango du aurkari gizonezkoen biharko finalerdian. Suitzarrak Nikolai Davidenko kanporatu zuen (2-6, 6-3, 6-0 eta 7-5). Garaipen horrekin Federerrek irekiaren ostean ATP zerrendako buru jarraitzea ziurtatu du, eta, hala, 268 izango dira guztira, Jimmy Connorsen marka berdinduta. Lehen finalerdia gaur jokatuko da, Andy Murray eta Marin Cilicen artean.
Lagun onak, beti elkarrekin
Li Nak Venus Williams kanporatu du, eta bi txinatar ariko dira aurrenekoz Grand Slam bateko finalerdietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu