Astillero entzun eta traineru onaren irudia burura etortzea bat izaten da, handiak eginikoa baita azkenaldian. Diruaren indarrean hartu zuen olatua, eta hor iraun du. Baina orain, krisiaren garai latz hauetan, estu dabil, eta ez da orain gutxiko Astillero.
Diru arazoak konpondu ezinda jarraitzen du, kluba egundoko ahalegina egiten ari bada ere. Horrek eragina izan du kirol arloan, eta ezin talde indartsua osatu. Kopuruz txikia, eta esperientzia aldetik urria, zenbaiten kasuan. Jon Salsamendi entrenatzaileak onartu dio BERRIAri arazoak izango dituela datorren asteburuan traineru lehiakorra ateratzeko.
Horiek horrela, klubaren barruan oso argi ari dira hitz egiten: helburua, San Miguel ligari dagokionez, ez jaistea da. Zenbat aldatzen diren gauzak urte batetik bestera. Hau ez dute esaten, baina pentsa daiteke maila galduz gero klubaren etorkizuna ere ezbaian egon daitekeela. Ez dira kontu makalak.
Hori ez gertatzearen ardura, bidegabea eta justiziarik gabea bada ere, arraunlariengan dago. Beraiek atera behar dute ontzia aurrera. Halako momentu txarretan gertatu ohi den bezala, guztien arteko batasuna indartu egin da, eta Salsamendik berak esan du taldeak salbatuko duela urtea: «Oso bat eginda gaude».
Traineruaren prestakuntzaatzeratu samar daukate, baina ez inongo arazoak tarteko. Hala egin izan da beti Astilleron, aulki mugikorra lantzea sasoiko beste helburuetako bat izaten delako. Duela astebete eskas arte aritu dira zortziko mugikorrean hainbat arraunlari, eta orain ekin diote traineruko lanari. Horren ondorioa da ligaren hasiera zaila izango dutela. Salsamendiren hitzak dira hauek: «Talde guztietako arduradunei ari naiz entzuten bete-betean aterako direla puntuen bila, baina guk ezin dugu hasiera ona egin, gure prestakuntza urrunago begira dagoelako».
Laino beltzak ikusten dira Astilleron. Lehertuko diren eta denak bustiko ote dituen asteburutik aurrera jakingo da. Badaezpada ere, aterkia atera dute, kanpora begirako mezu zuhurrekin.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Astillero
Laino beltzak zeruan
Astillero ez dago garai onenean hainbat kontutan, eta, taldearen mailan eragina izan duenez, San Miguel ligari eustera aterako daDiru eskasiak ekarri du neurri handi batean klubak gaur egun duen egoera zaila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu