Sei hilabeteko atzerapenarekin, baina aurkeztu dute. Caja Laboralek Maciej Lampe pibota aurkeztu zuen atzo, Buesa Arenan. Udan fitxatu zuten poloniarra, baina aurkezpen egunaren bezperan lesio larri bat atzeman zioten aldakan. Ebakuntza eta osatze prozesu larria behar zuen ustekabeko arazoak. Irailaren 1ean egin zioten ebakuntza, eta bost eta zortzi hilabete arteko osatze aldia beharko zuela esan zuten medikuek. Denbora hori pasatuta hartuko zutela Poloniako pibota fitxatzeko erabakia, hartzekotan. Asteartean hartu zuten, Lampek osasun azterketa zorrotzak gainditu ostean.
Aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo eguerdian, eta han entzun ahal izan ziren lehen aldiz jokalariaren hitzak. Felix Fernandez taldeko managerrak hartu zuen hitza aurrena; Lampek denboraldi honetarako eta beste birako sinatu du. Pibota otsailaren lehen egunean iritsi zen Gasteizera, Denver hiritik (AEB), eta managerrak baieztatu zuen egun batzuk egin dituela taldearekin lanean: «Baita lan saio bereziak ere, Oskar Bilbao prestatzaile fisikoa lagun zuela».
Jokalariak berak hartu zuen hitza gero, eta lehen hitzak Baskoniaren pazientzia eskertzeko erabili zituen. «Real Madrilen jokatzen nuenetik eduki diot estimua Baskoniari, handia, eta behin fitxatuta, halako ezusteko handi bat edukitzea... Beste talde batek kontratua bertan behera utziko zuen ziurrenik, baina Baskoniak ez, eta eskerrak eman behar dizkiot horregatik, emandako konfiantzagatik».
Sasoi aldetik nola dagoen galdetu zioten aurrena, eta gaztelaniaz, txukun, «ondo nago», esan zuen. «Osatze aldia luzea izan da, ebakuntza serioa izan delako eta egun asko eman ditudalako ohean etzanda. Baina ez daukat minik». Segundo pare bat egin zuen isilik, eta ondokoa gehitu: «Beno, mina daukat hanketan, bai, baina lan saio gogorren ondorioz».
Ivanovicek erabakiko du
Lampek jokatzeko prest dagoela esan zuen ondoren, eta horrek prentsa aretoan bildutako kazetarien harridura keinua eragin zuen, Ivanovicek Lampe fisikoki pattal ikusi zuela esan zuelako bezperan. Kopa jokatzeko aukera «oso txikia» zela ere esan zuen entrenatzaileak, eta hitz horiek ekarri zizkioten gogora Lamperi: «Osasuntsu nago, baina bistan da, sasoiko ez. Lesio larrietan denbora behar da gorputza bere onera bueltatzeko, eta horretan ari naiz. Halere, eta erabat sasoiko jartzen naizen bitartean, jokatzeko prest nago, entrenatzaileak hala erabakitzen badu».
Baskoniak igandean dauka hurrengo norgehiagoka, Obradoiroren aurka. Litekeena da Lampek taldearekin bidaia egitea, baina kantxaratzeko aukera gutxi du. Gehiegizko arriskua hartzea litzateke, lan saioetan jardutea eta partidetan aritzea ezberdina delako. Arriskua hartzekotan, Kopan hartuko lukete arabarrek, eta ez jokoan garaipen bakarra dagoen neurketan. Pare bat egunen buruan jakingo da erantzuna, edo, gehienez, astebetean.
Lampe: «Minik ez dut; jokatzeko prest nago»
Hilabete askoan geldirik egon denez sasoiko egon ez arren, Caja Laboraleko pibotak esan du aldakako ebakuntza ahaztu duelaIgandean Galizian jokatzeko prest dago, baita Kopako final-laurdenetarako ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu