Lamperen lesio larria aldakan

Ebakuntza egingo diote Baskoniako jokalariari, eta bost eta zortzi hilabete artean beharko ditu erabat osatzeko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Baskoniak espero ez zuen arazo bati egin beharko dio aurre hurrengo egun eta asteetan. Lehen zituenak gutxi ez, eta orain beste bat. Maciej Lampe pibotak lesio serioa dauka ezker aldakan, eta ebakuntza egingo diote hurrengo astean New Yorken (AEB). Osatze prozesua luzea izango da, bost eta zortzi hilabete artekoa, eta osatze hori erabatekoa izango den ere ezin jakin, atzo taldeko Alberto Fernandez medikuak esandakoaren arabera.

Lampek udan Chicagon egiten ari zen lan saio batean hartu zuen min, eta Baskoniak bere fitxaketa ofizial egin aurretik arazo hori sumatu zuen. Medikuaren hitzetan, «Lampek aldakako labrum ehunean dauka mina. Ehun hori meniskoaren antzekoa da, baina ebakuntzaren ostean ez da ondo orbaintzen». Hori dela-eta, osatze prozesua eta errehabilitazio denbora ezin dela esan azaldu zuen medikuak, eta horregatik eman dutela bost eta zortzi hilabete arteko epe luzea.

Ondorioa garbia da. Baskoniak ez du ezer ofizialik jakinarazi oraingoz, baina normalean Lamperekin duen hitzarmena bertan behera utziko du. Onenean, otsailean bueltatuko litzateke kantxara poloniarra. Txarrenean, maiatzean, denboraldia bukatzear dagoela. Baskonia ez dabil airoso sosez, eta taldean 600.000 euro jaso eta jokatuko ez duen jokalari bat edukitzea zama astunegia litzateke.

Korolev ere kolokan

Donostian ere alarma gorria piztu da, Jaroslav Korolevek belauna osatu gabe omen baitu. Hegaleko errusiarrak ezker belauna txikitu zuen urtarrilean, eta lau hilabete geroago kantxara bueltatu zen. Jokalariaren aurkezpen ofiziala ere egin zuen Lagun Arok joan den astean, baina orain bertan behera utz dezake kontratazio hori.

Bilbon, berriz, ez dute arazorik. Atzo D'Or Fischer estatubatuarra aurkeztu zuten. «Eskarmentua eta saskipean indarra» eskaini nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.