Asier Puertas. Hondarribiko arraunlaria

«Lan bera egin beharra daukagu aukera izateko»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ostiraleko entrenamenduaren aurretik erantzun ditu galderak Asier Puertasek (Orio, Gipuzkoa, 1975). Bertan dauka igandea, baina ez zaio urduri nabari. Esperientzia handiko arraunlaria da, eta hitz egin ere halaxe hitz egiten du, eskarmentuarekin.

Nolako estropada izango da gaurkoa?

Lehendabiziko igandean ikusi zen nolako berdintasuna dagoen traineruen artean, eta gaurkoa ere bide horretatik joango dela iruditzen zait.

Berdintasun horretan, eta estropada alde batera edo bestera hausteko,eragin handia izango du itsasoaren egoerak?

Bai. Oro har, zorteak zer esan handia edukiko du. Eta kale zozketak ere bai. Gauza hain berdindua dagoenean, faktore erabakigarriak izaten dira.

Zer behar du Hondarribiak bandera irabazteko?

Hasteko, dena emanda ibiltzea, ahalik eta ongiena aritu. Eta gero, jakina, Urdaibairi hiru segundo baino gehiago ateratzea. Baina ez hori bakarrik; izan ere, atzekoa, Orio, oso gertu dugu, eta gaur ere atzean utzi beharko dugu, aurrekoan bezala.

Kaiku baztertua al daukazu banderaren lehiarako?

Ez, ez. Gure artean ontzi bat baldin bada halako aldeak atera ditzakeena, Kaiku da. Hainbat estropadatan erakutsi du gai dela hamasei segundo eta gehiago ateratzeko beste aurkariei, eta kontuz ibili beharko da.

Hondarribiaren maila gorena joan zen igandekoa al da?

Baietz uste dut. Lan ederra egin genuen, eta beste horrenbeste egin beharko dugu gaur ere, banderaren lehian ibili ahal izateko. Hortik behera ibiltzen bagara, aukera txikia izango dugula iruditzen zait.

Urdaibai da faboritorik handiena?

Joan zen igandeko lanak ikusita, baietz esan behar da. Bera doa guztien artean lehenen, eta zerbaitegatik da. Lehen igandeko aldeak alde, bera da faboritoa.

Hondarribia dago bigarren, Urdaibaitik gertuen, baina ez al da gutxi- txo hitz egin zuetaz aste honetan?

Guretzat, hobe gutxi hitz egitea. Tira, egia da nahikoa baztertuta egoten garela komunikabideetan esaten eta idazten denetik, eta ez diogu aparteko garrantzirik eman gutaz gehiago eta gutxiago hitz egin izanari.

Aste hau izaten al da luzeena arraunlari batentzat?

Ez pentsa! Ohituta gaude udako martxara, beti eguneroko bera izaten dugu, eta, Kontxa izanagatik, ez da asko aldatzen asteko gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.