Andy Panko. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Lan bikaina egin dugu: oinarria sendotu aurrena, eta gabeziak estali gero»

Donostiako taldeko izarra da, eta Ligako bost jokalari onenetako bat joan den sasoian. Pozik dago egin den taldearekin, baina ez du handikiro hitz egin nahi. «Mailari eutsi, eta gero gerokoak»

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Estatubatuarra da Andy Panko (Harrisburg, AEB, 1977), baina urteak daramatza Euskal Herrian. Aurrena Bilbon, ondoren Donostian. Laugarren urtea du Lagun Aron, eta beste bi egingo ditu gutxienez. Bere lekua bilatu du, garrantzitsu sentitzen da, eta ez du lekuz aldatzeko asmorik. Are gutxiago Reya alaba jaioberria edukita.

Geldirik eman duzu uda. Joan den ekainean ebakuntza egin zizuten orkatilan, eta orain aste batzuk, hatz batean. Zer moduz zaude?

Ondo. Ekaineko ebakuntzaren ostean hiruzpalau aste egin nituen geldirik, baina uztaila bukatu aurretik igerilekuan-eta hasi nintzen pixka bat, eta, ondoren, abuztuan, korrika pixkanaka. Beno, eta golfean ere bili naiz, aitarekin, Pennsylvannian. Saio luzeak egin ditut oinez, mesede egin dit.

Eta hatzekoa? Zer gertatu da?

Ezker eskuko laugarren hatzean halako mina, traba sentitzen nuen aspaldi, hatza behar bezala tolesteko orduan, eta orkatilako lesioa osatzen ari nintzenez, ebakuntza egitea erabaki genuen. Hatzeko lesioa osatuta daukat erabat.

Taldekideekin apenas aritu zara lanean. Arduratuta?

Ez. Egun pare batean hasiko naiz jaurtiketak-eta egiten [dagoeneko hasi da entrenatzen], eta erritmoa azkar hartzea espero dut.

Liga hasterako prest egongo zara, beraz.

Bai, bai, minutu batzuk jokatzeko bai, behintzat.

Zure etorkizuna argitu gabe joan zinen AEBetara, baina azkar erabaki zenuen Donostian jarraitzea.

Bai, baina zer nahi nuen garbi nuela hartu nituen oporrak. Ez nuen zalantza handirik eduki, erabaki erraza izan zen niretzat. Pablorekin hitz egin nuen [Pablo Laso Lagun Aro GBCko entrenatzailea], taldearen asmoak zein ziren jakiteko, nondik norakoak azaldu zizkidan, etorkizuneko asmoak, eta baiezkoa eman nion klubari.

Bi urte atzera BERRIAn esan zenuen Donostia zuretzat ez zela geltoki soil bat, beste jokalari atzerritar batzuentzat bezala, baizik eta bizitzen geratzeko aukera bat.

Gogoan dut bai. Niretzat eta familiarentzat leku ezin hobea da Donostia. Ni ondo nago, Eryn emaztea ere bai, Roman semea Realarekin zaletzen hasi da, eta Reya neska jaioberriak lehen egunak egin ditu Donostian.

Taldearekiko duzun konpromiso gisa ikusten da hori. Laugarren urtea duzu dagoeneko Donostian.

Horregatik sinatu dut bi urterako. Orduan 34 urte edukiko ditut, eta ez dakit jokalari profesional izateko eskaintzaren bat jasoko dudan [barrez]. Ez naiz inon Donostian baina hobeto egongo, hiria ezagutzen dut, lasaia da...

Alegia, emaztea eta bi haur dituzunean mugitzea ez dela erraza.

Jakina. Tira, beste erremediorik ez baldin baduzu, kontratua berritzeko eskaintzarik ez baldin baduzu, ba mugitu egiten zara, baina jarraitzeko aukera edukiz gero, ez. Nora joan behar dut nik 32 urterekin? Nork egingo dit dagoeneko Lagun Arok baino eskaintza hobea? Eta ez naiz arlo ekonomikoaz bakarrik ari.

Pablo Lasok eta zuzendaritzak taldea berritzeko egin duten lanari loreak bota dizkiote han eta hemen. Lan on horrekin ados?

Bai, erabat; niretzat taldean geratzeko beste arrazoi garrantzitsu bat da. Oinarria sendotu zuten aurrena [ingelesezko core hitza erabili du], eta hori funtsezkoa da ACB ligaren moduko txapelketa batean. Oso garrantzitsua da liga ezagutzen duten jokalariak edukitzea, ligako kultura ezagutzen dutenak. Taldean geratu garenak antzera pentsatzen dugula esango nuke. Ricardo Urizek jarraitzen du, baita Domen Lorbekek eta nik neuk ere hegaleko postuan, eta Mirallesek eta Doblasek saskipean.

Oinarria lotu ostean, oinarri hori nahiko ondo hornitu dela diote adituek, joan den denboraldiko hutsune eta gabeziak estaliz. Zer diozu?

Iritzi hori dutenekin erabat ados nagoela. Genituen gabeziak estaltzeko ahalegina egin da, eta hori ez da erraza sos gutxiago dituzunean. Aurrena gabezia garrantzitsuenak zein diren zehaztu behar da, eta, gero, horiek estaltzeko zer egin, eta zein jokalari fitxa daitekeen erabaki. Ez dugu lan txarrik egin, mailari eutsi diogu, baina hobetzen ahalegindu behar dugu. Nola? Fitxatu ditugun jokalariak fitxatuta. Garbi utzi nahi nuke Hopkins eta Ignerski ez direla jokalari txarrak, baina taldeak aldaketak egin baditu, hobetzeko asmoarekin egin ditu.

Has gaitezen etorri direnak aztertzen. Ondo ezagutzen duzu Javi Salgado.

Bai, haren taldekide izan nintzen. Hitz bat erabiltzekotan, eskarmentua hautatuko nuke. Borrokalari handia da, izaera gogorrekoa. Galtzea gorrotatzen du. Bilbotik alde egiteko beharrean egongo zenik ez zuela pentsatzen esango nuke, baina berak badaki saskibaloi profesionalean halakoak gertatzen direla. Itxura ona emango du.

Jimmy Baron zure herrikidea da. Nolakoa da?

Jaurtitzaile petoa da.

Antwain Barbour baino hobea?

Ezin dira konparatu, jokalari ezberdinak dira zeharo. Baron jaurtitzailea da, baina barneraketetan Barbour oso ona da. Lan saioetan bera defendatzen nuelako esaten dizut. Hirukoetan ligako talde txarrena izan ginen joan den sasoian, eta arazo hori konpontze aldera etorri da Baron.

Oso gaztea da, eta ACB liga Turkiakoa baino askoz gogorragoa da. Ondo moldatuko al da?

Ikasi egin behar du, baina oso jarrera ona erakusten ari da. Mutil apala da, entzuten dakiela erakutsi du, eta uste dut asko lagunduko gaituela. Aste hauetan anaia nagusi jardunean ari naiz. Dena galdetzen dit: hau nola egin, denda hau non dagoen, aisirako denboran zer egin daitekeen... Mutil ona da.

Mohammed Koneren etorrera ere garrantzitsua da. Jokalari handia da.

Bai, oso handia, eta berak badaki barneraketak zaildu, txapelak jarri eta erreboteak hartzeko etorri dela. Oso atletikoa da, eta lan saioetan aho bete hortz uzten gaitu taldekideak sarri bere jauzi ahalmenarekin.

Eta horrekin guztiarekin, zein da taldearen helburua hastear dagoen sasoian?

Orain arteko jarduna hobetzea.

Eta zer da hori?

Beno, urtez urte lasaitasuna irabazi dugu, jardunaldi gehiagoren faltan lortu dugu mailari eusteko erronka, eta denboraldi honetan ere antzera izan beharko luke. Nik ere nahi nuke ligako 10-12 talde onenen artean sartzea, baina goazen bidea poliki-poliki egitera, tentuz mintzatzea hobe. Datorrena espero edo pentsatu baino hobea bada, gehiago gozatuko dugu.

Noiz urrunduko duzue behin betiko jaitsieraren mamua?

Niri galdetzen badidazu, mailari eutsiko diogula esango dizut. Ziur, gainera. Joan den sasoian Koparako sailkatzear egon ginen, eta etxetik urrun etxean baino hobeto aritu ginen ia. Estatistika hori apur bat hobetzen badugu, ez dugu estutasunik pasako.

Zu zeu zara taldeko jokalari zaharrena, eta zu zeu izan zinen taldeko jokalari onena joan den denboraldian.

Aurren-aurrena, ni gaztea naiz, 32 urte ditut bakarrik. Eta bigarrenez, garaipen gose handia duten taldekide gazteak ditut, eta haiek taldeari ni baino bultzada handiagoa ematea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.