Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Lan bila nabil, badakit eta hau ez dela betirako»

Donostia
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egun batetik bestera, Aspetik jasotako dei batek bizitza aldatu zion Beñat Rezustari (Bergara, Gipuzkoa, 1993). Afizionatuetan jokatzeari utzi, eta profesionaletan hastea eskaini zioten. Mallabiako txapelketa, eta batez ere,Bergara Hiria irabazteak ireki dizkio ateak.

Zer pentsatu zenuen profesionala izango zinela esan zizutenean?

Ez nuen espero. Bergarako txapelketa irabazi eta gutxira eskaini zidaten aukera. Sorpresa pozgarria izan zen. Bizpahiru entrenamendu egin nituen Asperekin, baina kolpetik etorri da dena.

Gogorrak izan al dira afizionatuetako urteak?

Inork ez du ezer oparitzen. Bergarako beste pilotariak bezala, Reyes Azkoitiak asko lagundu nau. Gutxi dira hark baino ordu gehiago pilotalekuetan ematen dituztenak. Asko erakutsi dit. Pilotari moduan, dena zor diot.

Buruz buru jokatzean, emakumezko botileroa izango duzu. Berritasuna da hori profesionaletan.

Dudarik gabe; niri asko gustatuko litzaidake. Baina hori berari galdetu beharko zaio.

Nolako pilotaria zara?

Ezkerra izateaz gain, piloteoan agintzea atsegin dut. Aurretik pilota astintzen aritzen naiz erosoen. Atzeko koadroetan aritzea tokatzen zaidanean, asko sufritzen dut.

Atzelaria, eta ezkerra...

Ez da ohikoa, egia esan. Ezkerra dena txikitan beti aurrean jartzen dute, atzelaria eta ezkerra izatea ezinezkoa delakoan. Tira, bada, hemen nago ni hori gezurtatzeko.

Bere abantaila eta desabantailak izango ditu.

Bai, noski. Ezkerraren kolpeak eskuinaldera tiratzen du, eta horrek aurkariari egiten dio mesede. Baina pilota ezker hormara datorrenean, ezkerrok erraztasun eta konfiantza handiagoa dugu.

Debuteko partidarekin pozik egongo zara? Irabazi egin zenuen.

Beno, irabaztea beti da ona. Hala ere, urduri hasi nintzen. Pilota gainera etortzen zitzaidan, eta deseroso sentitu nintzen. Hala ere, erdi aldera hainbat pilotakada gozatu nituen. Azkenean, Aritz Lasaren laguntzarekin, partida txukuna egin genuen.

Zer nabarmenduko zenuke profesional mailako jokotik?

Beste abiadura batean jokatzen da. Ez dauka zerikusirik. Pilotak asko ibiltzen dira lurrean, eta karga handia hartzen dute.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik bost urtera?

Ez da erraza esatea. Lehen debutatzen zenuenean bazenekien 35 urtera arte edo jarraituko zenuela. Egun, gauzak aldatu egin dira. Kontratu motzak egiten dituzte, eta epe horretan balio duzula erakusten ez baduzu, enpresek ez dute arazorik kalera botatzeko.

Mesfidati ikusten zaitut.

Errealitatea da. Nik ikasketak bukatu berri ditut, eta orain gustatuko litzaidake lanaldi erdiko lanen bat topatzea. Gaur profesionala banaiz ere, baliteke hemendik urte batzuetara ez izatea, eta geroa ziurtatu beharra dago; ezin zara ezer gabe geratu. Aukera dagoenean, baliatu egin behar da, baina beti pentsatzen hau ez dela betirako.

Zein duzu pilotaririk gustukoena?

Titin, duen grinarengatik, ez du pilotarik galdutzat ematen. Atzelarien artean, Barriola; duen dedikazioa eredugarria da, baita nola entrenatzen duen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.