Lan handiagoa, final handian

Saralegi-Zelailuzek eta Irigoien-Izeta III.ak Urrezko Lehiaketako finala jokatuko dute bihar

DONOSTIA
2005eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Bihar izango du akabera lehen aldiz modu berezian jokatzen ari den binakako Urrezko Harri-jasotzaileen Lehiaketa Pastorkua Sariak. Finala, gainera, harri-jasotzeak usadioa duen lekuan jokatuko da, Azpeitian (Gipuzkoa). Bestalde, Egur Sportek antolatzen dituen txapelketetan ez da hain ezohikoa saioa jokatuko duten ordutegia (23:00).

Hasiera batean finalera sartzeko hain hautagaiak ez ziren Miel Saralegi eta Xabier Valenciano Zelailuze ariko dira alde batetik, eta, Aimar Irigoien eta Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.-a bestetik. Horiek biek bai, finalera sartzeko aukera askorekin ekin zioten lehiaketari.Lau harri erabiliko dituzte: 200 kiloko koadroa, 2 minutuko txandatan; 100eko zilindro zaharra, bi minutuz; 113ko kuboa, bi minutuz eta 100eko bola, 3 minutuz. Koadroarekin Saralegik eta Irigoienek jardungo dute, zilindroarekin Zelailuzek eta Izeta III.ak, eta, kuboarekin eta bolarekin txanda librean ariko dira bi bikoak. Puntuaketari dagokionez, 2, 2, 2 eta 3 puntu jasoko dituzte proba bakoitzeko irabazleek.Valenciano Ermukoak ere aitortu du nahikoa egin dutela finalera heltzearekin: «Lehen saioak erabat ezustean harrapatu gintuen, oso gutxi prestatu baikinen bolarekin. Hurrengo kanporaketa jokatzeko aukera eman ziguten, eta ikusi denez Lazkaoko saio hark on egin zigun. Bolarekin ongi uztartzea lortu dugu, eta finalean gaude. gainera, ez dugu deus galtzeko».Bolarekin egin duten lanari esker sailkatu dira hein handi batean nafarra eta bizkaitarra. «Ez genuen espero Saralegik hain lan ona egitea bolarekin, baina gerora aise aritzen dela ohartu gara».Biharko finalerako laugarren harri bat sartu dute: 113 kiloko kuboa, orain arte erabili ez dutena. Zelailuzek aitortu du harri horrekin gutxi aritu dela Saralegi: «Mugimendu gehienak harri errektangularrarekin egiten direnak ditu, eta zaila da egun batetik bestera erakustea. Nik ez dut horrenbesteko arazoa, eta gustura ari naiz. Halere, badut izterrean min txiki bat eta horrek sortzen dit kezka».Astean pare bat aldiz jardun dute prestatzen: batean Leitzan eta bestean Mallabian.

Bolak amaiera ikusgarria eman diezaioke lehiari

Lehen proban pentsatzekoa da Saralegik mendean hartuko duela Irigoien, bigarrengoan Izeta III.ak Zelailuze. Ondorioz, 2-2 jarriko dira okerrik ezean. Kuboarekin hobeto moldatzeko moduan daude Irigoien eta Izeta III.a, eta hori hala bada, 4-2 aurreratuko dira gipuzkoarrak.

Laugarren eta azken probak hiru puntu banatuko dituenez, litekeena da horrexek erabakitzea. Saralegik eta Zelailuzek 35 jasoaldi egin zituzten final-laurdenetako kanporaketan Landarbide eta Zelairen aurka (2 minutu eta erdi). Finalerdietan, berriz, 37 jasoaldi Goenatxo eta Barinagaren aurka. Irigoienek eta Izeta III.ak ere 35 jasoaldi egin zituzten final-laurdenetan Elosukorta eta Izeta II.aren aurka, baina joan zen larunbatean 43 egin zituzten Ostolaza eta Izeta IV.aren aurka, Asteasun.Kontuak horiek dira, eta, aintzat hartuta Irigoienek eta Izeta III.ak nolako saio ikusgarria burutu zuten larunbatean, horiek menderatzeko asko behartu beharko dute gorputza Saralegik eta Zelailuzek.Izeta III.ak aitortu du larunbatean izugarri indartu zutela gogoa: «Ostolaza eta iloba Odei ziren faborito, eta zoro moduan amaitu genuen bolarekin halako lana eginda. Bihar marka hori errepikatzeko moduan gaudela uste dut, 43 jasoaldi alegia. Dena den, Saralegi azkarra da harri horrekin, eta Zelailuzek laguntzen badio, edozein huskeriak eragin dezake».Asteazkenean egin zuten azken lan saioa, eta gustura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.