«Lan onaren egiaztapena da»

Zazpi urte geroago, Oriok berriz irabazi zuen Zarauzko Bandera, igandean. Oier Aizpurua bi aldietan izan da traineruaren barruan.

Aitor Manterola Garate.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen ere gertatu zaigu igandeko bera aurten, eta Pasaian izan zen, bezperan Santanderren irabazi eta gero. Ematen du irabazi izanaren pozak euforia moduko bat sortzen digula, eta hurrengo egunean lotu bezala egiten gaituela». Oier Aizpurua (Zumaia, Gipuzkoa, 1977) ari da hizketan, eta barruan dauzka Zarauzko Bandera bezperan irabazi izanaren poza, batetik, eta, berak dioen moduan, «aberia galanta egiteko zorian izatearen sustoa», bestetik. Izan ere, larunbatean Hondarribiari atera zizkioten hemeretzi segundoak ia hutsaren pare geratu ziren bigarren jardunaldian: lau segundo eskasegatik irabazi zuen Oriok estropada preziatua.

Lehorrean egotea tokatu zitzaion Aizpuruari herenegun, bezperan San Nikolas traineruan arraun egin eta gero. Datua da, eta kontuan hartzekoa: Oriok aurten bost estropada irabazi ditu, lau Eusko Label ligan, eta bestea Gipuzkoako Txapelketa, eta lautanda arraunean Aizpurua. «Zorte kontua da. Ioritz [Etxeberria] eta biok aldatzen gabiltza, eta hark Getxon ehunen batzuetara izan zuen bandera irabaztea. Nik ez daukat ezer berezirik». Bien artean igandeko estropada aurretik izandako solasaldia ere gogoratu du: «Ioritzek esan zidan eskura utzi niola ikurrina, bezperako aldeagatik, baina erantzun nion ez zegoela ezer erabakita».

Gutxi behar izan zuen asmatzeko, bere eta bere taldekideen zoritxarrerako: «Eskapada handia egin genuen». Ikusleen artean zen Aizpurua, eta hasieran pixka bat atzera geratzea ez zitzaion harrigarria egin: «Gutxi-asko, espero izatekoa zen, eta lehen luzean izandako bospasei segundoko atzerapenarekin ez nintzen asko kezkatu». Konfiantza eduki poparean taldea egiten ari den lanarekin: «Gorka [Aranberri, patroia] taldean izanda, edozer espero daiteke, eta lasai nengoen. Taldekideen eskarmentuarekin ere banuen fedea». Baina bigarren luzeko azken bi minutuetan, Hondarribiak dantza egin zuen olatu artean: «Hamabi segundo atzetik ginen bigarren ziabogan, eta kezka hasi zitzaidan».

Pixka bat baretu zen kabitu-ezina hirugarren luzean: «Ez ziguten aldea handitu, eta poparean etortzeko bazen lasaitzeko moduko zerbait. Baina azken luzeko une batean, hamazazpi segundora igo zen aldea, eta hor bai, hor pentsatu nuen ikurrina galtzear ginela». Azkenerako, baina, Oriok lortu zuen hainbeste maite duen estropada, eta palmaresean 11. aldiz jarria dago Orioren izena Zarauzko Banderaren alboan.

Kontxa, helburu hasieratik

Beste bandera handi baten alboan Orioren izena jartzea da orain helburua: Kontxakoa. Urruti dago 2007a, azken garaipena. Aizpuruak onartu du zertara bideratu duten prestakuntza osoa, azaroan lanean hasi zirenetik: «Kontxa eduki dugu begiz jota, eta denboraldiko sasoi onena bertan harrapatzeko ari gara lanean».

Zarauzko estropada erreferentziatzat hartu du: «Lan ona egin nahi genuen, eta lortu dugu. Hau ere bi egunetara jokatzen da, Donostiakoa bezala, eta erakutsi dugu gu izan garela azkarrenak bi egunetako denborak kontuan hartuta». Aizpuruak lanari eman dio garrantzia: «Ondo ari garela erakusten du Zarauzkoak; egiaztapena da, eta egiten ari garen sakrifizio handiak zerbaiterako balio duela ere azaltzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.