Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Zumaia

Lan zaila bezain polita

Zumaia itzuli egin da San Miguel ligara hiru urteren buruan, eta joan zenean bezala jarraitzen du lanean: etxeko arraunlariekin. Mailari eustea dauka helburu bakartzat

Zumaiako arraunlariak, garaipena ospatzen, kanporaketako bigarren jardunaldian, Portugaleten, iazko irailean. KLAUSSER.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
San Miguel ligako entrenatzaile batek hau esaten duenean, gauza askoren berri ari da ematen: «Gure fitxaketarik onena da iazko talde ia osoak jarraitzen duela». Are eta esanahi zehatzagoa hartzen dute hitzok, baldin eta entrenatzailea liga nagusira igo berri den talde batekoa bada. Horixe esan dio BERRIAri Patxi Francesek, Zumaiako entrenatzaileak.

Fitxaketarik onena taldeak jarraitzea da Zumaiarentzat. Ez da gutxi, aurreko urteetako esperientziak ikusita: «Urte batetik bestera, ia beti izan dira taldea utzi duten arraunlari dezente, eta denboraldi berria hutsetik hasi beharra egon da urteetan hemen. Aurten, ez, eta hori, behintzat, gure aldeko da», azaldu du Francesek. Iazko titular bat bakarrik falta zaio aurten. Ohi bezala, harrobikoak izango ditu ia arraunlari guztiak Zumaiak.

Arraun munduak jarri dio dagoeneko azkena ibiliko denaren txartela Telmo Deun mitikoari, eta gogoeta hau egin du entrenatzaileak: «Gu gara talderik apalena aldez aurretik San Miguel ligan. Hasieratik ikusten zen aurreko denboraldietan azkeneko lekuan ibili izan diren Meira, Pedreña eta Castro oso baliabide gutxirekin ateratzera zihoazela; jakina zen atze-atzean izango zirela». Ez du uste, ordea, hain atzean ibiliko denik bere taldea: «Ilusioz gaude gauzak ondo egiteko, eta sekulako kasta daukate gure arraunlariek. Azkena eta nabarmen ez ibiltzeko, iazkoa hobetu behar dugu, eta hori lortzeko saiakeran gabiltza».

Zenbakiak ere jarri dizkio beharrezko hobekuntza horri: «Iaz, KAE1 mailan, hogei minuturen bueltan ibili ginen. Aurten, mailari eutsi ahal izateko, hogei minututik behera ibili beharko dugu ia estropada guztietan».

Badaki lan zaila dela, eta onartzea bera abiapuntu egokia izan daiteke aurrera egiteko. Badaki Francesek eta badakite arraunlariek ligaren hasieran atzean ez geratzea ia funtsezkoa izango dela: «Oso garbi daukagu hori, eta saiatuko gara indartsu hasten. Ez dut ezer ezkutatuko, eta esango dut prestakuntza horretara bideratu dugula». Nabarmendu du beraiek etxe barruko lana ondo egin behar dutela: «Gure esku dago lan hori egitea, eta egin egin behar dugu. Badakit, gainera, egingo dugula, arraunlariek eta nik neukere bai». Horrez gain, zortea aldeko izatea ere eskatu du: «Beharko dugu, kale zozketetan, eguraldiarekin eta horrelakoekin».

Mailari eutsi ahal izateko sekulako ahalegina egin beharko dutela dio: «Badakigu hala izango dela, eta ondo barneratuta daukagu guztiok egundoko lana egin beharko dugula mailari eutsi nahi badiogu».

«Aspaldiko ligarik zailena»

Aurreko denboraldia bukatu zenean eta aurtengoari begira jarri zenean, Astillero, Zierbena eta Portugalete bere taldearekin lehian ikusten zituen KAE1 ligara ez jaisteko, baina aldatu egin behar izan du Francesek iritzia: «Indartu egin dira hirurak, eta nola gainera».

Nahi besteko esperientzia dauka entrenatzaileak, eta garbi asko esan du hau: «Ligarik gogorrena izango da aurtengoa, zailena». Baina senak esaten dio urtero izaten dela talderen bat ezustean ez jaisteko lehian ibiltzen dena: «Aurten ere eroriko da baten bat, eta diruarekin taldea osatu duten horietako bat bada, guretzat hobeto, diru kontuak direla-eta talde barruan arazoak izatea gure mesederako izango delako».

Bukatzeko, mezu hau zabaldu nahi izan die Telmo Deun-eko arraunlariei: «Aurrerapausoa denok eman behar dugu iaztik, baita nik ere, eta, hala bada, gure helburua lortzeko aukerak izango ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.