Lander Euba txirrindulariak ez du jarraituko Euskaltel-Euskadi taldean heldu den urtean. Informazio hori argitaratu zuen atzo Deia kazetak. «Burgosko Itzulian beste talderen bat bilatzeko askatasun osoa nuela esan zidaten, Euskaltel-Euskadik ez zuela nire kontratua berritzeko asmorik», adierazi du karreristak. Kolpe handia hartu zuela aitortu du txirrindulari gazteak: «Agostinho Sarian profesionaletan nagoenetik nire lehen garaipena lortu bainuen eta horrek aukeraren bat emango zidala uste bainuen». Haren managerrak, Euskal Herrian ez bada, Espainiako edo Portugalgo talderen batean lekuren bat bilatuko diola agindu diolako zer edo zer lasaitu omen da Euba. Deia-k esan du beste bi txirrindulariei kontratua ez dietela berrituko Euskaltel-Euskadiko arduradunek. Julen Fernandez eta Ruben Diaz de Cerio bide dira bi karrerista horiek.
Telekom taldeak, bestalde, sei txirrindularik talde horretan ez dutela jarraituko jakinarazi zuen atzo. Gianmateo Fagnini, Bobby Julich, David Kopp, Kai Hundertmark, Dirk Reichl eta Stefan Schumacher dira sei txirrindulariak. Danilo Hondok ere Telekom utziko du, baina Gerolsteiner taldearekin fitxatzeko. Telekomek Bram Schmitz, Tomas Konecny eta Sergei Ivanov fitxatu ditu 2004. urterako.
Mentxov eta Flickinger garaile asteburuan
Profesionaletako bi proba jokatu ziren asteburuan. Espainian lehenengoa, Mendateen Itzulia, eta Plouayn bigarrena, Normandian. Denis Mentxov errusiarrak (ibanesto.com) irabazi zuen Espainiakoa, hirukote bateko esprintean azkarrena izanda. Mentxovek Marcos Serrano espainiarra (ONCE-Eroski) eta Peio Arreitunandia mutrikuarra (Carvalhelhos) hartu zituen mendean. Plouayko Sari nagusian, berriz, Andy Flickinger frantziarra (Ag2R) nagusitu zen, Geslin eta Nicolas Jalaberti aurrea hartuta. Joseba Albizu azpeitiarra izan zen lehen euskalduna, zazpigarren postuan, hiru segundora.
TXIRRINDULARITZA
Lander Eubak ez du jarraituko Euskaltel-Euskadin heldu den urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu