Batzuk lehenago, beste batzuk beranduago, baina euskal talde guztiek izan dituzte eginbeharrak udako merkatuan. Gizonezkoen denboraldia duela bi aste hasi arren, azken egunotan gestioak egiten ibili dira jokalariei irteera emateko eta beste batzuk kontratatzeko. Athletic eta Reala izan diraazken egunean mugitu diren taldeak. Zuri-gorriek Unai Lopezen eta Iñigo Cordobaren irteerak iragarri dituzte astearte honetan, eta txuri-urdinek Modibo Sagnanen irteera iragarri dute. Nesken taldean, asteburu honetan ekingo diote ligari eta denek berritu dituzte taldeak; bereziki, Realak.
Alaves
Babazorroek baja garrantzitsuak izan dituzte uda honetan. Deigarrienak Lucas Perez, Rodrigo Ely eta Manu Garciarenak izan dira; aurrelariak Elxerekin fitxatu berri du, atzelaria talde gabe dago eta orain arte kapitaina izan denak Aris Limassol (Txipre) taldean jokatuko du. Pasa den denboraldiko helburua beteta, Callejaren taldeak Lehen Mailan jarraitu gura du datorren urtean ere. Baina horretarako hasiera txar honi buelta eman beharko diote, eta horretarako beharrezkoak izango dira fitxaketen ekarpena: Toni Moya, Ivan Martin, Manu Garcia (Sporting), Florian Lejeune (orain jabetzan), Mamadou Loum, Facundo Pellestri (berriz ere utzita), Matt Miazga, Mamadou Sylla eta Miguel De la Fuente.
Mikel Cresporen taldeak ere erronka polita dauka aurretik. Lehen Mailan ariko dira lehen aldiz eta hori merkatuan ikusi da islatuta. Bederatzi jokalari berri sinatu dituzte eta denen batasuna funtsezkoa izango da gorengo mailan jarraitzeko datorren denboraldian. Fitxaketak honako hauek izan dira: Nerea Nevado, Osinachi Ohale, Sara Carrillo, Carla Armengol, Garazi Facila, Abdulai Mukarama, Sonia Garcia Majarin, Jana Xin Henseler eta Cris Auñon.
Athletic
Zuri-gorriak azkar ibili ziren merkatu hasieran fitxaketak egiteko. Alex Petxarroman, Mariasun Quiñones eta Itxaso Uriarte fitxatu zituzten, hauek berritzeko kontratua ez onartu eta gero. Eta nabarmentzekoa den beste fitxaketa bat Ainize Barea ‘Peke’ da. Orain arte Deportivon aritu den aurrelaria golegile nagusia izan da eta Iraia Iturriegiren hamaikakoan funtsezkoa izango da. Irene Oguizak eta Leyre Monentek lehen taldeko fitxa izango dute.
Iristeaz gain, beste hainbatek amaitutzat eman dute euren etapa Athleticen. Nesken taldeko Andene Leginak eta Leia Zaratek futbola utzi dute; Andrea Sierrari, Jone Ibañezi, Marta Pereari eta Maria Diazi ez diote kontratua berritu; eta Bibiane Schulzek, Nerea Nevadok eta Amaia Peñak beste talde batean jokatuko dute, utzita. Azken egunera arte itxaron dute Unai Lopezen eta Iñigo Cordobaren egoerak argitzeko. Errenteriarrak Rayon jokatuko ditu hurrengo hiru denboraldiak eta bilbotarrak Go Ahead Eagles (Holanda) taldean jokatuko du, utzita. Gainera, Ibai Gomez, Kenan Kodro eta Iago Herrerinek ere talde zuri-gorria utzi dute uda honetan.
Fitxaketa etiketa ez duten arren, Marcelinok lehen taldeko fitxa egitea erabaki du Daniel Viviani eta Oihan Sanceti, eta biek itxura oso ona eman dute denboraldi aurrean.
Osasuna
Jagoba Arrasateren taldea ongi mugitu da merkatuan. Ante Budimir, Jonas Ramalho, Cote, Kike Garcia eta Jesus Areso fitxatu dituzte, eta Manu Sanchez eta Ontiverosek utzita jokatuko dute urte batez. Zazpi fitxaketak aurtengo beste zazpi baja ordezkatzeko izango dira: Ruben Martinez, Adrian Lopez, Facundo Roncaglia, Brandon Thomas, Jony Rodriguez, Jonathan Calleri eta Enric Gallego. Marc Cardona, aldiz, Go Ahead Eagles taldean ariko da, utzita.
Reala
Talde txuri-urdina etengabe ibili da lanean uda osoan. Emakumezkoen zein gizonezkoen taldeetan fitxaketan egin behar izan dituzte, baina bereziki Natalia Arroyorenean. Udako merkatua ireki orduko, hamar jokalarik utzi zuten Reala; besteak beste, Nahikari, Leire Baños eta Maitane Lopez. Batek ere ez zuen berritzeko kontratua onartu. Hauen ordez etorri direnak bost izan dira: Pleurer, Vanegas, Iris Arnaiz, Emma Ramirez eta Gaby Garcia. Mirari Uria lehen taldeko dinamikan egongo da.
Imanolen taldean, aldiz, izan dituzten bost irteeretatik bat ere ez da izan salmenta; guztiek jokatuko dute utzita: Martin Merquelanz eta Kevin Rodrigues (Rayo), Willian Jose (Betis) eta Jon Bautista (Leganes). Azken mugimendua Modibo Sagnanena izan da, astearte honetan iragarritakoa; Tondele (Portugal) taldean jokatuko du sasoi honetan, utzita. Miguel Angel Moyari ez zioten eskaini kontratu berria. Zubietako aurpegi berriak Mathew Ryan, Diego Rico eta Alexander Sorloth dira.
Eibar
Armaginek bigarren urtez jokatuko dute Lehen Mailan. Erronka berri honi aurre egiteko, merkatura jo behar izan dute: Nerea Abancesek eta Esti Aizpuruak erretiroa hartu dute; eta Jujubak, Mar Torresek, Jimena Lopezek eta Thembik taldez aldatu dute. Lau fitxaketa egin dituzte: Amaia Peña, Alejandra Bernabe, Ana de Teresa eta Alba Vergues. Azkenak ez ezik, beste hirurek utzita jokatuko dute Eibarren. Bestalde, Ana Junyent entrenatzaileak Iker Dorronsoro ordezkatuko du.
Nazioartea
Futbol zaleek inoiz ahaztuko ez duten merkatua izango da aurtengoa. Mundu mailako futbolari garrantzitsu batzuek taldeez aldatu dute eta horietako bi ezustean izan dira. Cristiano Ronaldo Manchester Unitedera bueltatu da, eta Leo Messik PSGatik fitxatu du Bartzelonaren arazo ekonomikoak direla medio. Argentinarrak Sergio Ramos izango du taldekide, honek ere Pariserako bidea hartu baitu. Bestalde, Real Madril azken unera arte saiatuko da Kylian Mbappe (PSG) fitxatzen. Sky Sports hedabidearen arabera, 220 milioi euro eskaini ditu Madrilgo taldeak izar frantziarrarengatik.
Euskal jokalarien artean, mugimendu nabarmenena Irene Paredesena izan da. Parisen bost urte egon eta gero, Bartzelona taldean jokatuko du datozen bi denboralditan. Duela gutxi UEFAk Txapeldunen Ligako atzelaririk onena izendatu zuen legazpiarra.