Pilota. EPELen Binakako txapelketako finala

«Lanean sinesten dut bakarrik»

Hamarkada bat darama profesionaletan, eta, lehen urte zailen ondoren, Aritz Laskurainek bost daramatza puntan jokatzen; eta maila berean beste lau gutxienez egin ditzakeela uste du.

Imanol Magro Eizmendi.
Soraluze
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Norberak bere bidea urratu behar du bizitzan. «Nik lanean sinesten dut bakarrik, kirolean norberak egin beharra dauka». Esaldia Aritz Laskurainena da (Soraluze, Gipuzkoa, 1979). Jarraikortasun eta fede eredu bat da.2007tik puntan jokatzen dabil, bere kirol ibilbidearen erdia. Partida nagusietan erabat finkatu da, eta binakako azken bost txapelketetan hiru final jokatu ditu eta iaz tanto gutxi batzuengatik gelditu zen kanpoan. Sekreturik ez. «Klasea duena berez mantentzen da puntan, besteek lan egin behar dugu».

Oraingo Laskurainen mailaren sustraiak Astelena eta Bergarako pilotalekuan hondoratzen dira, eta Jokin Etxaniz izan da bilakaeraren lekuko. «Prestakuntza lanaren arlo garrantzitsuena pilotalekua da, gutxienez bi aldiz astean eta partida bat. Hortik behera dabilenak nekez egingo du pilotan» , azaldu du dogmatiko Laskurainek. 2007an hasi zen jarraikortasunez lanean, eskuan izandako papiloma baten erruz urtebete baino gehiago geldirik egon ondoren. «Nik beti sinetsi dut izan nigan, eskuek eutsi diotenean beti egin dudalako gora».

Lehen urtetan eskuko min asko izan zituen. «Bateren bat aberastuko zen nik garaian hartan bertan behera utziko partidekin», gogoratu du. 2002an debuta egin ondorenlehen urteetan eskuko minak traba handia izan ziren, 2004ean 2. Mailako binakako txapeldun izan arte. Handik gutxira lehen estelarra jarri zioten, «Titinekin uste dut», baina ez zuen jokatu, papilomaren sumatzen hasia zen. Laskurainena inoiz jokatu gabeko estelar baten historia zirudien.

Atzelaria ez da errukizalea, eta alde positiboa begiratzen dio lesioari. «Nik zailtasunak izan ditut, agian beste batzuk baino gehiago, baina ez nuen amore eman. Zailtasun horiek, agian, gogorrago egin naute». 2006an itzuli zen jaialdietara, eta apurka goraka egin zuen. Haiek izan ziren Etxanizekin entrenatzeko giltzapetzen hasi zeneko garaiak. «Jokin oso garrantzitsua izan da niretzat, berarekin lanean ordu pila bat sartutakoa naiz».

Bakarkako lana egiten zuten, lan zehatza. «Etxanizekin lana halakoa da. Bakarrik, edo asko jota bi atzelarirekin, maiz aritu nintzen Xabi Galarzarekin, etapilota botatzeko erabiltzen duen xaboi potea». Lan espezifiko saio luzeak ziren, ordubetetik gorakoak: atzeraka, sakeak, txapa gainean... «Desplazamendu asko ez, nire gabezia buena egitea zelako.Lan gehiago egiten genuen eskuinarekin ezkerrarekin baino, eta batez ere pilotaren bila ondo joatea. Pilota ondo bilatuz gero, erraza da pilotan jokatzea».

Garai hark bere prestaketa markatu zuen. «Nik nahiago dut bakarka entrenatu, txapelketa osoan saio bat edo bi egin ditut asko jota Xalarekin. Binaka entrenamendua jolas bihurtzen da, eta nik hori aspaldi laga nuen». Arlo fisikoa ere asko landu du Laskurainek. Bost urtetan hamar kilo «on» irabazi ditu, eta prestaketa mota ezberdinak probatu ditu. «Fisikoki ondo egotea garrantzitsua da, baina pilotalekua gehiago. Pilotalekua eta gimnasioaren artean aukeratu behar baldin bada, beti pilotalekua».

Lesioaren osteko lehen estelarra 22-6 galdu zuen, baina oroitzapen hobea du Bergaran Capellanen alboan Del Rey eta Elkororen aurka 2006ko Urteberri egunean 22-5 irabazitakoaz. «Hirugarren partidetatik aurrenekoetarako jauzia zen». Laster iritsi ziren partida nagusiak, eta txapelketetarako txartela. Binakako aurrenekoan finala jokatu zuen Titinekin, 2007an, eta azken bost txapelketatik hirutan iritsi da finalera, eta iaz tanto gutxi batzugatik gelditu zen kanpoan. Estatistikoki azken bost urteetako atzelaririk fidagarriena izan da.

Azken hamar urteetan pilotaren maila teknikoak gora egin duela uste du. «Aspen asko nabaritu zen Etxanizen etorrera», ekonomikoki, aldiz, ez du hobera egin. Aspaldi ikusi zuen pilota profesionala ogibide izan zitekeela, afizionatu urteetatik, baina argi du pilotak ez duela erretiratuko. «Pilota utzi eta hurrengo egunean lana bilatzen hasiko naiz. Pilota laguntza ona da, baina izar handi bat ez bazara gero lan egin behar da. Ni momentua gozatzen ari naiz». 32 urterekin, eta igarle lanetan jarrita, noiz iritsiko da une hori? «Azken urteetan lortu dut sasoirik onena. 36 urte bete arte maila honetan jokatzen dut nire burua. Nik mantenduko diot, gero gazteak nola datozen ikusi beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.