Top14ko hirugarren jardunaldiak aho zapore garratza utzi zuen atzo Lapurdiko kostaldean. Baionak eta Miarritzek etxean jokatu zuten, tenore berean, etabiak burumakur itzuli ziren aldageletara. Lehen hiru jardunaldiak bururatu direla, Miarritzek oraindik ez daki zer den irabaztea, eta atzo galtzaile atera zen Castresen aurka (18-23). Baionak, berriz, ez zuen asmatu Toulon menderatzen, eta Jean Dauger zelaian berdinketarekin konformatu behar izan zuen (12-12).
Emaitza horiek ikusirik, Miarritzek dauka egoera txarrena sailkapenean, hiru partidatik bi jokatu dituzte etxean miarriztarrek, eta ez dute irabazi. Joan zen asteko berdinketak bi puntu eman dizkie, eta atzoko defentsako puntuak, beste bat. Hiru punturekin egoera zailan daude. Baionarrak, berriz, pixka bat hobeki daude, sei punturekin, baina gorago egoteko aukerak alferrik pasatzen utzi dituzte, eta orain etxetik kanpo garaipen baten bila joan beharko dute.
Atzoko partidak antzekoak izan ziren. Miarritzek eta Baionak irabazi beharra zuten, eta, presioak eraginda, jokoa itxi zuten. Aldea aurkariak eman zuen. Agileran, Castresek antolaketa ona erakutsi zuen,bere kolpea ederki prestatu zuen eta Miarritze baino gehiago izan zen. Toulon, berriz, presiopean zegoen, Baiona bezala, eta jokoa errefusatu zuen trintxera gerlan sartuz.
Horren ondorioa garbia izan zen: zer partida itsusia Baionakoa, eta zer norgehiagoka pobrea Agilerakoa. Eskerrak Castresek entsegu polit bat sartu zuen. Bi partidetan, atxikitzeko moduko jokaldi bakarra.
Baionan ez zen kontatzeko moduko deus pasatu. Bi taldeak eremu txikiko borrokan galdu ziren. Aitzin pasak bata bestearen gibeletik jin ziren. Uztarketa, ostikada, eskasa... Eta ostikatzaileen launa ostiko. Horra Jean Daugerrera etorritakoek ikusi zuten bakarra.
Miarritzen ikuskizuna ez zen askoz hobea izan. Etxekoak ideia gabe aritu ziren, defentsan jarduteaz konformatuz. Parean, Castresek talde handia dela erakutsi zuen, eta baloia erabiltzen asmatu zuen. Hasieran gibeletik joan arren, pixkanaka emaitza hartu zuen, Talesen entseguaren ondotik, eta merezimendu osoz irabazi zuen.
Lapurtarrak, burumakur
Miarritzek irabazi gabe jarraitzen du (18-23), eta Baionak berdinketarekin konformatu behar izan du (12-12)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu