Arrauna. Kontxako Bandera

Lasai, baikor eta itxaropentsu

Kontxako Bandera irabazteko hiru hautagaietako patroiak igandera begira dira, lehen egunekoa ere gogoan: Inder Paredes (San Juan), Aiala Uribelarrea (Hibaika) eta Nagore Osoro (Zumaia).

Goitik behera, Hibaika, Orio, Zumaia eta San Juan, lehen txanpan, aurreko igandean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Arrauna ez da bakarrik indar kontua. Beste mila aldagai daude oso kontuan hartzekoak, eta ezinbestekoak dira. Lehorretik begiratuta baino askoz zailagoa da arrauna, eta kontu txiki handi horiek denak oso ondo menderatu behar izaten dituzte patroiek. Traineruko buruek. Ez dira alferrik aurrera begira doazen bakarrak traineru barruan, dena ikusten.

Emakumezkoen Kontxako Bandera irabazteko hautagaiak hiru patroi handi dira: Inder Paredes San Juanekoa (Pasai Donibane, 1991), Aiala Uribelarrea Hibaikakoa (Santurtzi, 1991) eta Zumaiako Nagore Osoro (Ondarroa, 1994). Esperientzia zabalekoak hirurak, ezagunak arraun munduan. Badakite zertaz ari diren estropadaz hizketan. Igandera begira daude hirurak, nola ez. Aurreko igandekoan oinarritzen dituzte gogoetak. Ezinbestean. Aurreko igandea, eta orduko denborak eta tarteak: San Juanek 1,32 Hibaikari, eta 4,48 Zumaiari.

Hortik hasi behar gogoeta saioa. Bakoitzak bere azterketa egin du igandean gertatuaz, eta irabazlea baikor agertzea normala izanik ere, bigarrena eta hirugarrena ere alde onarekin geratuta daude. Paredesek honela ikusi zuen lehen jardunaldikoa: «Aurreneko kalea ez zen onena bueltako luzea egiteko, eta, hala ere, aurrenak gu izan ginen». Uribelarrearen gogoeta da ondorengoa: «Ziabogan, San Juanek bost segundo atera zizkigun, eta bueltako luzean, hiru pasa atera genien guk». Osoro dator orain: «Bueltako luzean, gure arraunkera egiten ez genuen asmatu, baina eutsi eta eutsi, lau segundo bakarrik atera zizkigun San Juanek, eta hiru Hibaikak. Gauzak ondo egin gabe hain gertu egoteak zerbait esan nahi du».

Hirurak baikor eta itxaropentsu. Baina igandean, 11:15 aldera, bakarra egongo da pozez saltoka; beste biak ez. Batek bakarrik irabaziko du. Badoa astea aurrera, eta egin dituzte entrenamendu batzuk asteon. Iganderako zer asmo daukaten jakiteko une da hau. Atzetik aurrerako hurrenkeran, Osororengadik hasita, oso garbi dauka zer egin behar duen Zumaiak: «Bi traineru gainditu behar ditugu, eta gure aldetik horixe da txarrena. Baina sinestera behartuta gaude; bestela, etxean geratzea hobe. 2011n, bigarren jardunaldian, bi ontzik hartu zioten aurrea lehen igandeko aurrenekoari; gu izan ginen onenak lehen egunean, eta gero Galizia eta Getaria aurretik sartu zitzaizkigun bigarren igandean». Teknikari ere heldu dio pixka bat: «Gure arraunketa egitera atera behar dugu. Gurea egitea ezinbestekoa izango dugu».

Uribelarreak Hibaikaren baitan ze estrategia darabilten hasi da kontatzen: «Saiatuko gara hasieratik aurrea hartzen. Badakigu ziabogatik barrura gu moldatzen garela ondoen, eta horri lehen luze ona gehitzea da asmoa. Hala ere, ziabogan aurrenak ez izateak ez gaitu asko arduratzen, igandean ikusi zelako bueltan gai garela atzetik aurrera joateko». Paredesek irudikatu eta dena egin du igandeko estropada, zer gerta daitekeen eta zer gertatzea gustatuko litzaiokeen uztartuz: «Hiru traineruak antzera samar joango gara aurreneko luzean, eta bueltan gu etorriko gara aurretik».

«Astea lasaia izaten ari da»

Aste hau ez omen da samurra izaten Kontxako Bandera irabazteko hautagaientzat. Urduritasunak gaina hartuta. Baina hiru patroiak lasai antzean daude. Uribelarreak esan duenez, «oso ondo ari gara entrenatzen, gozatzen; ontzia oso ondo doa». Paredes ere iritzi berekoa da bere taldeaz hitz egiterakoan: «Lasai gaude, badakigu zer egin behar dugun, eta konfiantzaz gaude». Osoro ere antzekoa pentsatzen ari da: «Azken astean ez du merezi lana aldatzen hasteak. Egindakoa eginda dago, eta guk asko egin dugu, duela hilabete batzuk trainerua osatu ezinda geundelako, eta begira non gauden orain».

Igandean hirurak non izango diren garbi dago: taldea gobernatzen, banderaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.