Amaia Aldai. Lea Ibarra Motrollo klubeko pilotaria

«Lasaiago ari naiz; une oro dakit zer egin behar dudan»

Aldaik Promozio Mailako lau eta erdikoa irabazi zuen 2018an, eta maila nagusikoa irabazi nahi du. Baina ez dago itsututa txapelarekin: «Gozatu egin nahi dut, eta ikusleak gozarazi».

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Aste betea du Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000): klaseak —irakasle izateko ikasten ari da—, entrenamenduak, aurkezpenak, elkarrizketak... «Nabari da ezohiko astea dela, baina seinale ona da», aitortu du. «Zoriontsu» dago.

Igandean jokatuko duzu Emakume Master Cupeko lau eta erdikoaren finala, Miriam Arrillagaren aurka. Zer moduz zaude?

Lasai nago, baina pentsatzen dut finala gerturatu ahala urduriago egongo naizela. Ondo nago, sasoiz eta jokoz, baina, batez ere, oso indartsu sentitzen naiz buruz. Arlo psikologikoan gora egin dut nabarmen.

Zertan nabari duzu gorakada?

Lasaiago jokatzen ari naiz; une oro dakit zer egin behar dudan. Lehen, batzuetan, presaka aritzen nintzen. Orain, patxada handiagoarekin ari naiz. Hori egiten ikasi dut. Horri esker, hobeto ari naiz kontrolatzen oldarkortasuna eta etsipena. Lehen, sarritan haserretzen nintzen huts egiten nuenean. Oraindik oihuren bat botatzen dut, baina normala da, amorrua ematen baitu tanto bat galtzeak.

Nola joan da txapelketa?

Urduri ekin nion, denbora asko baitzen ez genuela lau eta erdikoan jokatzen. Gainera, niretzat oso garrantzitsua zen txapel hau irabaztea. Zorionez, behetik gora egin dut. Oso gustura amaitu nuen Olatzen aurkako finalerdia [22-19 irabazi zion Arrizabalagari].

Zergatik diozu oso garrantzitsua dela txapel hau irabaztea?

Promozio Mailakoa irabazi nuen 2018an, eta polita izan zen, baina hau beste gauza bat da; onenekin aritzen zara. Gainera, diziplina bat gustuko badut, lau eta erdikoa dut gustuko. Maila nagusian txapel hau irabaztea falta zait.

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Gogorra izango da, eta erakargarria ere bai. Bi estilo oso ezberdin ditugu Miriamek eta biok: hura atzean aritzen da, eta ni, aurrean. Horrek xarma emango dio.

Nolako aurkaria da Arrillaga?

Oso kontrario gogorra da. Atzelaria izanik, atzean jokatzen du beti, ia ez aurrean. Oso lasai jokatzen du, tantoa landuz, eta aukera garbia ikusten duenean dejada edo horma-bikoa botatzen du. Nik, ordea, azkarrago jokatzen dut. Erasokorragoa naiz, eta, horregatik, hark baino tanto gehiago huts egiten ditut. Final polita izango da.

Non egongo da gakoa?

Nire jokoa egiten saiatuko naiz, eta aukerak aprobetxatzen. Finalerdietan erakutsi nuen ondo joka dezakedala. Ahaleginduko naiz Miriam batera eta bestera ibiltzen.

Txapela da helburua?

Lehenbizi, gozatu egin nahi dut, eta ikusleak gozarazi. Ikus dezatela emakumeon pilota gora egiten ari dela. Ez nuke nahi gaizki jokatuta irabazi.

Sarrera asko eskatu dizkizute?

Aita arduratu da gaiaz. Nahiago dut ez jakin zenbat joango diren.

Zernahi gertatzen dela ere, bide polita ari zara egiten. Pozik zaude?

Pozik nago egiten ari naizen ibilbidearekin. 2018an irabazi nuen Promozio Mailako lau eta erdikoak pilotara lotu ninduen. Ez banu irabazi edo ez banu ondo jokatu, agian, ez nuen pilotan segituko. Baina ikusi dut gauza politak egin ditzakedala eta ondo aritu naitekeela. Urte askoan aritu naiz futbolean, eta gauza asko aldatu behar izan ditut egokitzeko. Lan handia egin dut, eta fruitua jasotzen ari naiz.

Imanol Agirre pilotari ohiak konbentzitu zintuen pilotan hasteko. Nola lortu zuen?

10 urterekin pilotan jokatu nuen, urtebetez, eta Bizkaiko txapeldun izan nintzen. Imanolek horren berri izango zuen, eta, 17 urte nituenean, uda batean nire anaiak eta haren semeak elkarrekin jokatu zuten futbolean, eta Imanolek esan zidan emakumeen pilota indarra hartzen ari zela, eta ondo molda nintekeela bertan; lagunduko zidala esan zidan. Futbolean ari nintzen ni buru-belarri, eta ez nekien ezer emakumeen pilotaz. Baina konbentzitu egin ninduen. Hark eman zuen nire izena Emakume Master Cupeko lehen ekitaldian, elite mailako binakakoan, baina gaizki joan zen. Lau eta erdikoa jokatu nuen gero, eta txapeldun izan nintzen. Asko zor diot Imanoli. Babes eta laguntza handia eman zidan hastapenetan. Haren matrakagatik izan ez balitz, ez nintzen orain hemen egongo.

Futbola utzi zenuen pilotan aritzeko. Gogorra izan zen erabaki hori hartzea?

Bai, izugarri gustatzen zaidalako futbolean jokatzea. Biak egin nitzakeen aldi berean, baina motibazioa galdu nuen futbolean, pandemia etorri zen gero, eta utzi egin nuen. Gaur-gaurkoz, pilotan ari naiz buru-belarri, baina ez dut futbolaren atea erabat itxi.

Beraz, futbolak jokalari on bat galdu du, baina pilotak pilotari on bat irabazi du?

Ez dakit, futbolean maila altuan aritu bainintzen ere, Athleticen harrobian eta euskal selekzioan. Baina ez nuen garai ona pasatu. Orain, buruz indartsuago izanda, futbolari hobea izango nintzateke. Kirolean oso garrantzitsua da burua ondo izatea, eta nik orain ondo dut: indartsu sentitzen naiz.

Oso langile ospea duzu.

Gustatzen zait lana egitea, batez ere taldeka. Bakarka gehiago kostatzen zait.

Zenbat entrenatzen zara?

Astean bitan entrenatzen naiz nire klubarekin, Lea Ibarra Motrollorekin. Beste bi egunetan, berriz, lan fisikoa egiten dut taldetxo batekin, Dimako kiroldegian. Ordu eta erdi inguru entrenatzen naiz egunean.

Asko sufritzen duzu eskuetatik?

Lehen bai, ez bainekien nola jarri takoak. Materialarekin ere arazoak izan nituen, baina aldatu egin genuen, eta, orain gustura ari naiz. Urtebete daramat minik gabe.

Emakumezko pilotaren gorakadaren lekuko izan zara. Nola bizi izan duzu?

Pozez bizi izan dut. Emakume Master Cupek sekulako lana egin du, eta makina bat ate ireki dizkigu. Oso eskertuta gaude; batez ere ikusgaitasuna lortu baitugu: telebistan, prentsan... Ikerrek [Amarika, antolatzailea] ahalegin handia egin du horretan.

Gorakada horretan sortu dira Emakume Pilotarien Elkartea eta Ados kluba. Zer iritzi duzu?

Ni ez naiz elkarteko kide, eta duela gutxi utzi dut Ados kluba, arrazoi pertsonalengatik. Argi dugu helburua, baina ez gaude ados nola egin behar den bidea. Nahiago dut orain nire klubaren alde egin.

Ez litzateke onena elkarte sendo bat izatea edo biak elkarlanean aritzea?

Bai, baina, egun, zail ikusten dut.

Zer eskatuko zenuke zuk beste aurrerapauso bat emateko?

Txapelketa luzeagoak jokatzea, eta ez hiruzpalau kanporaketakoak. Lau eta erdikoan zailagoa da, baina binaka egin daiteke. Gogorra da beti partida bakarrean dena jokatzea. Gainera, argi geratu da zenbat eta gehiago jokatu orduan eta hobeto aritzen garela. Sumatu egiten dugu noiz daramagun denbora asko jokatu gabe; errendimenduak apur bat behera egiten du, baita motibazioak ere. Ahalik eta gehien jokatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.