Lasaitasuna ez da erlaxazioa

Sailkapenean eroso daudenez, Athleticek eta Osasunak presio gutxirekin jokatuko dute gaur urteko azken partida

haritz gallastegi
Asier Legarda-Ereño. Bilbo Iruñea
2009ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Urteko azken partida euskal derbia izatea berezia da. Espainiako Ligan atsedenaldi bat dagoen bakoitzean bai taldeek baita euren ingurukoek ere azken emaitzak utzitako aho zaporearen arabera egiten dute irakurketa. Hau da, askotan garrantzi handiagoa izaten duela azken neurketan egindakoak ordura arte egindakoak baino. Horregatik da garrantzitsua urteko azken neurketa. Talde guztiek astebete inguruko atsedena hartuko dute jardunaldia amaitzen denean. Ba, emaitza ona eskuratu dutenak baikor joango dira oporretara. Azken norgehiagokan gertatutakoarekin gustura geratu ez diren taldeetako ordezkariek, berriz, arantza txiki batekin jango dute Eguberrietako turroia.

Athleticek ez du arantzarik gura. Jokoa eta emaitzak kontuan hartuta, ona izan da zuri-gorrien lehen denboraldi herena. Emaitzak soilik aztertuz gero, berriz, oso ona izan da. Athletic gertu dago Europara sailkatzeko postuetatik. Lehia horretan, aurkari zuzena izan daiteke Mallorca, eta kontuan hartuta datorren urteko lehen neurketa haren kontra jokatuko duela, sekulako garrantzia dauka Osasunaren aurkako lehiak. Irabaziz gero ilusioz gainezka egingo dio aurre Balear Irletako taldeari. Emaitza ona ez bada, berriz, atzerapausoa izango litzateke.

Hala ere, Athletici ezin zaio orain neurketa guztiak irabazteko eskatu. Euskal derbian lan ona ez eginda ere, inork ezin izango lioke ezer aurpegiratu Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeari. Batetik, jokalarien konpromisoa ezin daitekeelako ezbaian jarri. Bestetik, huts eginda ere denboraldi hasieran baikorrenak uste baino puntu gehiagorekin jarraituko duelako.

Baina inork ez du galtzea gustuko. Zer esanik ez euskal derbia bada eta zaleen aurrean jokatuz gero. Katedralean sekulako giroa egongo da berriz ere. Ate atzeko eta zelaiaren alboetako sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko. Hain zuzen ere, sarrera merkeenak erosten dituzte gehien animatzen duten jarraitzaile gazteek. Beraz, bazkideek ohiko erantzuna ematen badute gainezka egongo dira San Mameseko harmailak. Ez dute presio makala izango aurkariak eta epaileak. Azken jardunaldietan eskuratutako emaitza onek ematen duten konfiantza eta zaleen laguntza baliatu gura ditu beste garaipen bat eskuratzeko. Hori bai, ikusteko dago zein izango den jokalarien jarrera. Aurkariaren maila dela-eta edo kontrarioak zuen beharra aprobetxatzeko asmoz, azken lehietan jokatzeko era aldatu egin du Athleticek. Orain ez da lehen minututik erritmo bizia ipini eta aurkariaren bila joaten den taldea. Erosoago aurkitzen da aurrean duenak arriskatzen badu. Zain egoteko hautua hartu duela, alegia.

Baina gidoia asko aldatzen ez bada behintzat, gaur erasora zeilaratu beharko da. San Mamesen ez da espero hasieratik hiru puntuen bila joango den Osasuna.Jose Antonio Camachok entrenatutako jokalariek ez baitute aparteko puntu premiarik. Beraz, hori kontuan hartuta, arriskatu dezala etxekoak.

Caparrosek ezin izango ditu bere gustuko jokalari bi zelairatu: Susaeta eta Amorebieta zigortuta daude txartel pilaketa dela eta. Bestalde, atzeko lerroko ezker hegalekoarekin ere baditu burukominak. Koikili min hartuta dago, eta Castillo ez dago ehuneko ehunean.

Golegilearen bila

Sailkapenaren erdian dago Osasuna. Hargatik, azken zazpi partidetatik bakarra irabazi dute nafarrek -Zaragozan-, eta etxeko azken bi partidetan kale egin eta gero jaitsiera postuei begira jarrita dira berriz. Dena dela, Gabonetako oporraldian Osasunako jokalariek izango dituzten burutazioak oso ezberdinak izan daitezke gaur arratsaldeko lehiaren emaitzaren arabera. Badakite Athleticen aurkako norgehiagoka irabaziz gero Gabonetan futbolaz apur bat ahaztu eta jai egunez gozatzeko moduan izango direla. Gaur galduz gero, ordea, kezkak ahaztea zaila izango dute. Are eta gehiago 2010eko lehen partidan Nafarroako Erresuman Real Madril indartsua hartuko dutela jakinda. Zalantzarik gabe, Athleticentzat baino garrantzitsuagoak dira hiru puntuak Osasunarentzat, eta hori nabaritu egingo da zelaian.

Athletic Europako Ligarekin nahastuta ibili da aste honetan, eta Osasunak, berriz, Mallorcaren aurkako partidaren amaieratik San Mameseko partidan jarrita du arreta. Hori ere gorritxoen alde izango da, Bilboko taldeak ezer oparituko ez duen arren. Dena dela, albiste txarrik ere izan da aste honetan Osasunaren inguruan. Walter Pandiani golegile nagusiaren hutsunea nahikoa ez, eta Carlos Arandak ere min hartu zuen azken norgehiagokan. Golak egiteko ardura hartuko duen aurrelariaren bila jarraitzen du Osasunak. Pandianiren tokian ondo ari da Javier Camuñas, baina gola sartzen ez du asmatu oraindik. Aranda zen Pandianiren lekukoa hartzeko hautagai nagusia, baina Mallorcaren aurka jasandako gainkargak urteko azken partidatik at utzi du Aranda ere. Eta hor hasten dira Camachoren buruhausteak.

Portillo eta Dadyren artean aukeratuko du gaur Athleticen aurka gizonik aurreratuenaren postuan ariko den jokalaria. Pandianiren itzala luzea da, baina Dadyk eta Portillok ere badakite golak sartzen, eta badute dohainak erakusten hasteko garaia. Ez oso aspaldi emaitza bikainak lortu zituen Osasunak San Mamesen, baina Camachorekin San Mamesen albiste txarrak besterik ez dituzte jaso gorritxoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.