Moduak ahaztuta, puntuak lehenesten dituzte talde guztiek ligaren hasieran. Baita Eibarrek ere. Lehen Mailako handitasunera iritsi zenetik, liga hasiera onak egin ditu Eibarrek, eta erronka horixe berbera dauka denboraldi honetan ere, hirugarrenez. Dena alde zeukatenean, Deportivoren zelaian huts egin zuten gipuzkoarrek lehen jardunaldian (2-1), baina garaipen handia lortu zuten gero bi aste atzera, etxean, Valentziaren aurka (1-0). Fitxaketa askoko uda izan da igaro berri dena, eta Granadaren zelaian lasaitasunera bidean beste pauso bat emateko aukera ona dauka gaur Eibarrek.
Denbora irabaziko luke taldeak aurkari zuzen bat mendean hartuta. Gipuzkoarrek, gainera, Lehen Mailan inoiz ez dute galdu Granadan. 0-0 berdindu zuten 2014-2015eko denboraldian, eta 1-3 irabazi zuten aurreko denboraldian, lehen jardunaldian. Paco Jemezen esanetara, liga hasiera gorabeheratsua egin du Granadak. Lehen jardunaldian lehen puntua pilatuta —berdindu egin zuen Vila-realen aurka (1-1)—, 5-1 galdu zuen gero Las Palmasen zelaian, eta ez da giro taldean. Izaera gogorreko entrenatzailea da Jemez, eta litekeena da lauzpabost aldaketa egitea hasierako hamaikakoan. Ezusterik ezean, hasieratik ariko dira Ruben Vezo eta Alberto Bueno iritsi berriak.
Eibarri dagokionez, debuta egin dezakete Fran Ricok —Granadako jokalari ohiak—, Alexander Mesa Nano-k eta Anaitz Arbillak. Lejeunek ordezkatuko du Ivan Ramis.
Lasaitasuna lortzeko
Granadaren zelaian irabazita, aurkari zuzen bat urruntzeko aukera ona dauka gaur Eibarrek. Las Palmasen aurka 5-1 galduta dago Granada

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu