PILOTA

Lasoren zorigaitza

Baikoko pilotariari bi ebakuntza egingo dizkiote hamar egunean: joan den ostiralean, apendizea kendu zioten; datorren astelehenean, berriz, ebakuntza egingo diote eskuin aldakan, hautsia baitu labrum hezurra. Horren ondorioz, ia ezinezko du udan jokatzea.

Unai Laso, Buruz Buruko Txapelketan jokatutako partida batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 7a
09:57
Entzun

Unai Lasok (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997) aurki egingo ditu bi urte profesionaletara itzuli zenetik. Baikoko aurrelaria ikusgarri aritu zen lehen urtean. Txapelketa garrantzitsu guztietako finalak jokatu zituen bata bestearen atzetik: sanferminetako lau eta erdikoarena, Lehen Mailako lau eta erdikoarena, binakakoarena eta buruz burukoarena. Bakarra irabazi zuen, baina garrantzitsuena: buruz burukoa. Zerua ukitu zuen txapel hura jantzita, eta berehala jaso zuen horren saria: Baikok 2027ra arte berritu zion kontratua.

Ordutik, ordea, gozotik baino gehiago izan du gazitik. Kontratua berritu eta gutxira jokatu zuen bigarrenez sanferminetako lau eta erdikoaren finala. Galdu egin zuen Joseba Ezkurdiaren aurka. Baina galdu ez ezik, min hartu zuen eskuin hankako koadrizepsean. Akabo sanferminetako feria. Ia hiru aste egin zituen jokatu gabe.

Lehiara itzuli zen, eta txukun aritu zen. Baina irail hasieran, Ordizian (Gipuzkoa), ikusle batek lurrera botatako edariarekin irrist egin, eta min hartu zuen eskuin aldakan. Ia hilabete egon zen jokatu gabe. Estu eta larri iritsi zen lau eta erdiko nagusia jokatzera. Baina pattal aritu zen: ez zen sailkatu finalerdietarako.

Binakakoan ere gorabeheratsu aritu zen, baina garaiz suspertu zen, eta, horri esker, hark eta Ander Imazek bigarrenez jarraian jokatu zuten finala. Baina ezinean aritu ziren Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Buruz burukoan ere ezin izan du gora egin. Lau eta erdikoan gertatu bezala, final-laurdenetako ligaxkan esan zuen agur. Elordik irabazi zion partida erabakigarrian.

Eta udari gogotsu ekiteko zain zegoela, bi kolpe hartu ditu bost egun eskasean: lehenbizi, apendizea kendu zioten; eta, orain, hautsia du eskuin aldakako labrum hezurra. Aspalditik du mina, eta horrek ez dio uzten bete-betean aritzen. Horregatik erabaki du ebakuntza egitea.

Baikok ez du zehaztu zenbat denbora beharko duen osatzeko, baina ia ezinezko du udan jokatzea. Haren enpresakide Iosu Eskirozek lesio bera izan zuen duela bi urte, eta ia sei hilabete egin zituen jokatu gabe. Hala balitz, Lasok ez luke jokatuko lau eta erdikoa, eta binakakoaren lehen jardunaldiak galduko lituzke. Ebakuntza egin ondoren argituko dute medikuek zehazki zenbat denbora beharko duen berriro jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.