Lasterbidea topatu du Callejari esker

Alavesek zazpi puntu lortu ditu Javier Callejak zuzenduriko lehen hiru partidetan, eta, hala, zulotik atera da. Jokalariek fedea eta konfiantza berreskuratu dute; baita sendotasuna eta joa ere. Valentziaren zelaian jokatuko dute gaur (18:30).

Javi Calleja Alaveseko teknikaria aginduak ematen aurreko igandean, Huescaren aurkako lehian. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Bi aste eskas aski izan ditu Javier Callejak Alaves berpizteko. Hura iritsi aurretik, noraezean zebiltzan arabarrak, eta amore ematen hasiak ziren mailari eusteko bidean. Sailkapeneko azken postuan hartu zuen taldea entrenatzaile espainiarrak. Fardel galanta izango zen askorentzat, baina Calleja oso itxaropentsu iritsi zen Gasteizera. Hasieratik esan zuen erabateko fedea zuela. Bada, kutsatu egin ditu jokalariak baikortasun horrekin, eta erreakzioa berehalakoa izan da: Alavesek bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu azken hiru lehietan. Bidezidorra topatzen lagundu dio Callejak, eta helmuga askoz ere gertuago dakusa orain: jaitsiera hiru puntura dute.

ORAIN BAI: SINESTEN DUTE

Aldaketarik handiena jokalarien jokabidean eragin du prestatzaile berriak. Abelardo Fernandezekin, etsipen zantzuak gero eta ageriagoak ziren. Callejarekin, aldiz, jokalariak beren buruan sinesten hasi dira berriro. Eta, horri esker, eraldatu egin da Alavesen jarduna. Arreta askoz ere handiagoz dabiltza orain, eta sasoi osoan garesti ordaindutako akatsak gutxitzea lortu dute. Eta, horrekin batera, zutik iraun dute une zailetan. Athleticen eta Huescaren kontra, tinko eutsi zuten, eta Vila-realen aurka, berdinketaren gola jasotzea ez zen hondamendia izan. Erresilientzia izan zuten erauntsiaren erdian, eta irabazteko aukeran sinesten jarraitu zuten. Azkenean, hiru puntuak bereganatu zituzten.

BATASUNAREN INDARRA

Jarrera aldaketak zerikusi handia du Callejak hasieratik hedatu duen batasun mezuarekin. Aurrez izandako tirabirak alde batera utzi ditu, eta jokalari guztien inplikazioa sustatu du, denei jokatzeko aukera emanez. Lucas Perez bazter utzi zuen Abelardok, engaiamendu eta errespetu falta leporatuta, baina entrenatzaile berriak titular gisa erabili du orain arte zuzendu dituen hiru partidetan. Jota Peleteirori ere hasieratik aritzeko aukera eman dio Athleticen, Huescaren eta Vila-realen aurka. Hogei jokalari erabili ditu guztira.

JOKAMOLDE MOLDAKORRA

Taldea denboraldiaren azken txanpan hartu du; beraz, Callejak ez du astirik alor taktikoan aldaketa sakonak egiteko. Alta, ñabardura batzuk txertatzen ari da. Adibidez, baloia izateko prestasun handiagoa dute orain arabarrek, eta ahalegintzen ari dira atzetik jokaldi landuak egiten, behin eta berriz Joseluri pase luzeak eman beharrean. Ekimena izaten saiatu ziren, esaterako, Athleticen eta Huescaren kontra. Edonola ere, luze jokatzea ez da bekatua, eta, hala behar zenean, hala egin zuten, une bakoitzera egokituz. Hots, eskuliburu malgua ezarri nahi du Callejak. Presio lerroen kokapena ere aurkariaren eta, batez ere, egoeraren arabera moldatzen ari da. Horretaz aparte, asmatu egin du aulkitik zer jokalari atera hautatzean.

DEFENTSAKO GILTZARRAPOA

Atzetik aurrera eraikitako taldea izan da Alaves azken urteetan, eta, Callejarekin, ematen du berreskuratu duela hain beharrezko duen sendotasuna. Gol bakarra egin diote azken hiru partidetan; hobekuntza ikusgarria da, Abelardok zuzenduriko hamabi neurketetan 29 gol jaso ondoren. Erdilariak erruz ari dira lan egiten; hegaletan ez dago pitzadura handirik, eta Laguardia bere onera etortzen ari da. Gainera, Pacheco geldiketa erabakigarriak egiten ari da, aurreko denboraldietan bezala. Giltzarrapoa ondo itxita dago.

HORTZAK ZORROZTUTA

Erasoan askeago dabiltza gasteiztarrak. Beste freskotasun bat dute trantsizioak egitean. Arrisku sentsazioa askoz ere handiagoa da. Eta, horrekin batera, asmatzen ari dira ate aurrean ere, pazientzia lagun. Huescari 85. minutuan egin zioten garaitzeko gola, Battagliaren zartakoa baliatuta. Vila-real, berriz, bi erdiraketarekin azpiratu zuten: bata Joseluk sareratu zuen, eta bestea, Edgarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.