Lucia Garcia, Erika Vazquez, Marta Unzue, Yulema Corres eta Maite Orozen hutsuneekin heldu dira bilbotarrak Sevillara, baina hala ere etxekoei aurrea hartzen jakin dute Joseba Agirrerenek. Hala, beste jardunaldi batez laugarren tokian jarraitzen dute Athleticekoek.
Ondo jokatzen dakitela erakutsi dute zuri-gorriek hasieratik. Leia Zaratek sartu du buruz 0-1ekoa, 55. minutuan, eta handik hamar minutura heldu da zuri-gorrien bigarren gola. Oihane Hernandezek sartu du bigarrena, Maria Diazen erdiraketa bat baliatuta.
Partida amaitzeko minutu gutxi batzuk geratzen zirenean sartu du Olga Carmonak Sevillaren gol bakarra. 81. minutuan heldu da hura. Carmonak ezustean harrapatu du Ainhoa Tirapu eta murriztu egin du markagailuko aldea. Ahaleginak egin arren, baina, Bilbo aldera joan dira gaurkoan hiru puntuak.