Brad Oleson. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Lauko Finala jokatu nahi nuke; ez da egunero gertatzen»

Gaurko partida bakarrik du buruan eskoltak, «gero gerokoa». Funtsezkoa omen aurrenekoa irabaztea, «buruko indarragatik». Bosgarren makulua izan nahi luke, «lau baditugu, sendoak».

Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Esteban Batista taldekidearekin iritsi da Brad Oleson Buesa Arenako lan saiora. Uruguaitarraren gidari lanak egiten ari da estatubatuarra lehen bi hilabete hauetan (North Pole, AEB, 1983). Entrenamendurako arropa jantzi eta ekin dio argazkiei. Gaztelania ulertzen du, baina ez da ausartzen hitz egitera. Argazkilariaren ingelesaren eta Olesonen gaztelaniaren artean, jokalariaren gaztelania hobea dela dio argazkilariak berak, txantxetan.

Azken hamar egunetako laburpentxo bat egiteko modurik bai? Denetarik izan duzue: Fuenlabradako kolpea eta kritika handi samarrak, Cajasolen aurkako garaipen erosoa eta Maccabiren aurkako atarikoa, berrindartuta itxuraz.

Fuenlabradakoarekin hasita. Guretzat iraganeko kontua da. Hori da egin dezakegun onena, ahaztea, ez baitiogu azalpen logikorik bilatuko. Penagarri aritu ginen hirugarren laurdenean, eta ACB ligan inork ez du barkatzen. Lau egun izan genituen Cajasolen aurkakoa lasai prestatzeko, eta aise irabazi genuen, haiek Bullock gabe jokatu baitzuten. Behar genuen, konfiantza apur bat irabazteko, eta hemen gaude.

Badakizue kritikak gogor samarrak izan zirela Fuenlabradako kolpearen ostean.

Bai, eta normala da, talde honen exijentzia handia delako, baina ez daukat erantzunik. Hau goi mailako kirola da, eta horrelakoak gertatzen dira. Zure galderaren erantzun zehatza jakingo banu, aztia izango nintzateke, baina jokalaria naiz, ez aztia.

Min egiten al du horrelako porrotak, edo horrelakoak atzean uzten ohituta zaudete?

Pasatu da guretzat. Alferrik da bueltak ematea.

Prest, beraz, Maccabiren aurkako kanporaketari ekiteko.

Bai, jakina, baina lehenengo partidan bakarrik pentsatuta. Kanporaketa luzea da, bost partidakoa, baina guk biharkoan [gaurkoan] bakarrik pentsatzen dugu. Oso garrantzitsua da garaipena lortzea. Demagun hau borroka psikologiko baten parekoa dela, eta 1-0 aurreratzen bazara kolpea ematen diozu aurkariari. Euren konfiantza jaitsi egin daiteke, eta hori ona da guretzat.

Etxeko bi partidak irabaztea aurrerapauso handia litzateke, ezta?

Sekulakoa, baina hori ostegunean da, eta urruti dago oraindik. Lehen partida bakarrik prestatu dugu, bi partiden artean ezberdintasun asko egon litezkeelako.

Etxeko garaipenen kontua Gasteiztik urrun nahiko pattal zabiltzatelako esaten nuen.

Egia da ligan gaizki gabiltzala Gasteiztik at, baina Euroligan ez nuke esango gaizki ibili garenik. Kaunasen irabazi behar genuen, eta hala egin genuen, eta beste horrenbeste egin genuen gero Vilniusen.

Hala da, bai, baina Kaunas eta Vilnius Tel Aviv baino plaza errazagoak dira, ezta?

Beno, teorian bai, baina zin dagizut kantxa horietan garaile irtetea ez dela erraza.

Lituanian lortutako bi garaipen horien harira, Baskoniak ia beti neurri ona ematen du horren beharra duenean, baina ez hainbeste partida erabakigarria ez denean, edo aurkaria izen handikoa ez denean. Ados al zaude?

Baliteke hala izatea. Nire ustez, egoera kritikoa denean, hau da, irabazten ez baduzu kanpoan geratzen zarela baldin badakizu, jokalariok kontzentrazio handiarekin jokatzen dugu, eta gure onena eman [ingelesezko focus hitza erabiltzen du]. Zaila da partida guztietan kontzentrazio hori edukitzea, eta hortik etorri dira galdutako partida asko.

Gai al da, beraz, Baskonia Eliasen Eskuaren kantxan garaipena lortzeko?

Zergatik ez? Maccabi ere gai da gu Gasteizen menderatzeko, eta gu ere gai gara Israelen irabazteko. Dena da posible.

Kantxa faktorea zuen aldekoa da. Egoera horren garrantzia hitz bakarrarekin definitzeko eskatuz gero, zein hautatuko zenuke?

Bi hitz behar ditut: oso garrantzitsua. Estatistikak erakusten du etxeko faktorea alde daukaten taldeek kanporaketa gehiago irabazten dituztela. Horrek ez du esan nahi kantxa faktorea alde duen taldeak automatikoki kanporaketa irabazten duenik, baina lagundu egiten du, eta asko. Ondo gogoan dut joan den sasoian gertatu zitzaiguna. CSKAren aurka jokatu genuen azken laurdena, eta 2-0ekoarekin bueltatu ginen Gasteizera. Horrek zeharo hondoratu gintuen, buruz bate ere. Orain Maccabi da Gasteizen partida bat irabazi beharko duena, gutxienez, eta hori ona da guretzat.

Dena den, eta kanporaketako eredua gogoan, bi taldeentzat da zaila bi garaipen jarraian lortzea, egindako okerrak berri ez egiteko aukera ematen duelako 48 orduko atsedenak.

Bai, partidaren bideoa ikusten duzulako, gaizki egindakoak azterten berri ez egiteko... Dena den, hori erlatiboa da, nire ustez. Buruko indarra erabakigarriagoa da, okerrak ez errepikatzeko aukera hori baino, eta horregatik da funtsezkoa lehen dema irabaztea.

Maccabik talde bikaina dauka. Zer iritzi duzu Israelgo taldearen inguruan?

Hamar jokalari on ditu, guk baino gehiago, eta horretan abantaila du. Batez ere korrika egiteko duten gaitasuna azpimarratuko nuke. Trantsizio jokoan oso azkarrak dira, jokalari atletikoak baitira, eta hori saihestu behar dugu nola edo hala. Jaurtiketa txarrak ez egiten saiatu behar dugu, errebote luzeak bereganatzen... Hitz batean, oparirik ez egitea da helburua, haiek asko zigortzen baitituzte beste taldearen okerrak.

Eta nola irabazten zaio Maccabiri?

Cajasolen aurka jokatu genuen bezala jokatuta. Defentsan tinkoeta erasoan aukera onena bilatuz.

Buruz buruko dema interesgarri asko daude. Zein demak desoreka dezake balantza?

Ez dugu partida buruz buruko dema horien arabera planteatzen. Talde moduan jokatzea da gure asmoa, eta denok denei laguntzea. Adibide bat jartze aldera, Schortsanitis eta Baracen arteko deman, laguntza beharko du Stankok defentsan, baina erasoan Stankok berak abantaila handia lor dezake blokeo eta jarraipenari esker. Taldea gizabanakoen gainetik egotea da asmoa.

Taldeak asko eskertzen du zuk zeuk lan ona egitea. Hamar-hamabi puntu egin eta defentsan ondo aritzen bazara, nekez galtzen du. Pozik?

Aurreko sasoiarekin alderatuta, kolorerik ez, askoz hobeto ari naiz. Jarraikitasun apur bat falta zaidala esango nuke. Taldeak lau makulu sendo ditu, Huertas, San Emeterio, Teletovic eta Barac, eta nik bosgarrena izan nahi dut.

Ondo ezagutzen duzu Maccabiko jokalari bat: Dorom Perkins?

Bai, bera ere Alaskakoa da, ni bezala. Anchorage hirian jaio zen bera, hegoaldean, eta ni iparraldean, Fairbanksetik gertu. Alaskako hiru jokalari gaude Europan: Dorom, ni neu eta CSKAko Trajan Langdon. Iaz jokatu nuen Trajanen aurka, eta galdu. Orain Dorom Perkinsen aurka jokatuko dut, ea zorte handiagoa daukadan.

Euroligako zure blogean Alaskako lehiaketa izenburua jarri diozu kanporaketaren analisiari.

Bai. Halako dema berezi bat sortu da Doromen eta nire zaleen artean. Urtero ikusten dugu elkar udan, etxera bueltatzen garenean.

Lauko Finala dago azken laurdenen ostean. Zer esaten dizu horrek?

Asko erakartzen nau tamaina horretako lehiaketa bat jokatzeak. Pentsatzen jarri eta Lauko Final bat jokatzea ez da egunero gertatzen den zerbait, eta nik bat jokatu nahi nuke behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.