Pilota

Laxoa ondare immaterial izendatu du Nafarroako Gobernuak

Laxoa Elkarteak egin zuen proposamena, XX. mendean baztertuz joan den pilota jokoa kultura ondare izendatzeko. Maiatzaren 19an jaialdi batekin ospatuko dute, Donezteben.

Laxoa jokoaren erakustaldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 8a
20:51
Entzun

"Pilota jokoaren historia laxoaren historia izan da XIX. mendearen azken hereneraino, jeu de paume (esku ahurreko jokoa) aitzindari zuzenetik hasita". Halaxe azaldu du Nafarroako Gobernuak laxoa jokoaren historia, eta haren arabera, baliteke euskal pilotan birizirik iraun duen modalitaterik zaharrena izatea. Laxoa Elkarteak iazko abuztuan egindako eskariari erantzunez, gobernuak gaur jakinarazi du kultur ondare immaterial izendatu dutela laxoa. Maiatzaren 19an ospatuko dute izendapena, Donezteben, ekinbidea sustatu duen elkarteak antolatutako jaialdian.

Plaza librean jokatzen den zuzeneko pilota jokoa da laxoa; lau pilotarik osatutako bi taldetan aritzen dira, aurrez aurre. Plazaren alde bateko harri finko batetik egiten da sakea, eta eskularru berezi batzuk jantzita aritu ohi dira pilotariak.


Arraiozko plaza, Baztanen. 1986ko finala / 'Laxoa, la pelota en la plaza' liburutik hartutako argazkia.

XIX. mende amaieran hasi ziren sortzen gaur egun pilotan ezagun diren modalitateak, eta laxoaren galera ere hasi zen horrela; Nafarroako Gobernuaren esanetan, "bereziki, xisterak lortutako arrakastaren harira". Aspaldian, herriguneetatik aparteko soroetan jokatzen zuten, eta hiri-barrutietako plazetara eraman zuten ondoren. Gaur egun, Baztanen eta Malerrekan baizik ez du iraun.

Nafarroarentzat "garrantzi berezia duen ondasuna" dela azaldu du gobernuak, izendapenaren inguruan ateratako oharrean. "Berezia delako, eta urteetan iraun duelako; izan ere, pilota modalitate hau komunitate barneko transmisioaren adierazpen bizia da, bertan errotua eta partekatua".

Izendapena ospatzeko, maiatzaren 19an jaialdi bat egingo dute Donezteben, Laxoa Elkarteak antolatuta. Besteak beste, Baztan-Erreka laxoa txapelketako partida bat jokatuko dute, eta ekitaldi bat ere egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.