Zelaian, Eibarren zenbakiek itxaropen handia piztu dute zaleengan, eta zelaitik kanpokoek ezinegona eta kezka. Lehen Mailara igotzeko aukera irudikatzen dute aurrenekoek, eta Bigarren B Mailara jaisteko arriskua besteek. Kapital handitzea buruko min bilakatu da klubaren barruan, eta atzo Alex Aranzabal presidenteak azalpenak eman zituen, Jose Miguel Fiallegas kontseilariarekin batera.
Aho bizarrik gabe eta garbi mintzatu zen presidentea: «Legea bete beharko dugu, eta kapital handitzea egin beste aukerarik ez dugu izango». Hainbat bilera egin dituzte Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarekin, azkenekoa astelehenean bertan, eta ez dietela lagunduko argitu zuen Aranzabalek: «Ulertu, ulertzen dituzte gure arrazoiak, baina legea betetzeko dagoela esaten digute».
Legediak berak ematen du kapital handitzeko erabakiari helegitea jartzeko aukera, eta horri ere heldu dio Eibarrek: atzo bertan jarri zuen. Baina itxaropen handirik gabe. Fiallegas abokatuak ere garbi hitz egin zuen atzoko agerraldian: «Normalean, ez du aurrera egingo gure helegiteak, ez digute onartuko». Helegitean, ondorengoa eskatzen du klubak: «Kapital handitzearen kopurua finkatzeko kontuan izateko Eibarren egoera ekonomiko ona. Kapital soziala hartzen du legeak kopuru berria zehazteko, eta guk eskatzen dugu klubaren kapital garbia edo funts propioak hartzeko abiapuntutzat».
Helegitearen arrazoia zenbakitan jarrita, ondorengo azalpen zehatza eman zuen abokatuak: «Eibarren kapital soziala 400.000 eurokoa da, kapital garbi positiboa 1.471.000 eurokoa, eta funts propioetan 800.000 euro dauzkagu. Kapital handitzean 1.724.000 euro lortzeko eskatzen zaigu, eta guk eskatzen duguna da abiapuntua ez izatea kapital soziala, lortu beharreko kapitala txikiagoa izango litzatekeelako horrela». Helegitearen ebazpena noiz izango den galdetuta, hilabeteko epea bota zuen Fiallegasek.
Helegiteak helegite, batereitxaropenik ez dutenez, kapital handitzea nola egin zehazten ari da administrazio kontseilua: «Maratoia izango da, eta abuztuaren 5ean izango du amaiera. Guk lortu behar dugu jarri diguten kapital handitzea betetzea, eta hori da zabaldu behar den mezua», esan zuen Aranzabalek. «Sinplea eta erraza izango da, eta ahalik eta jende gehiena erakarri nahi dugu akziodun izateko. Ez da izango eibartarrentzat bakarrik bideratutako kanpaina. Konturatzen ari gara Eibarrek zale asko dituela beste herrialde batzuetan, eta guztiengana heldu nahi dugu».
Kapital handitzearen xehetasun handirik ez zuen eman. Izan ere, Akziodunen Ezohiko Batzar Orokorra egingo du klubak apirilaren 7an, eta han xehatuko dizkiete kontu guztiak akziodunei. Hala ere, kontu batzuen berri eman zuen presidenteak: «Akzio bakoitzaren prezioa 50 eurokoa izango da, nahiz eta balio nominala 60,10 eurokoa izan». Akzio bakoitza erostean sortuko den 10,10 euroren aldea klubak berak jarriko du: «Klubaren erreserbak jarriko du diferentzia hori, baina klubak jartzen duena ez da kontuan hartuko kapitala handitzeko kopuru gisa, Espainiako Kontseilu Gorenaren legeak ez duelako onartzen. Helegitean, klubak jarriko duen dirua ere onartzekoeskatu dugu».
Jabe asko izateko bermea
Egungo akziodunek izango dute akzio berriak erosteko aukera aurreneko fasean, eta bakoitzak ezingo ditu sei baino gehiago erosi. Bigarren fasean, edozeinek izango du aukera akziodun egiteko, eta horretan ere bada kezkarik. Izan ere, beste klub batzuetan sartu izan dira akziodun gutxi batzuk kluba erostera. Halakorik ez gertatzeko neurriak iragarri zituen Fiallegasek: «Eibarren izaera bermatzen segitzeko estatutuetan aldaketa proposatuko dugu apirilaren 7ko batzarrean».
Erakundeak ere hartu zituen hizpide Aranzabalek: «Asko dute esateko kapital handitzean». Ez zuen gehiago zehaztu. Marketin plan sendoa dutela iragarri zuen: «Enpresetara joko dugu, jokalari ohiekin ere badugu zerbait egiteko asmoa... Planaren xehetasunak batzarrean emango ditugu». Denaren eta denen beharra izango du Eibarrek zelaian lortzen ari dena bulegoetan eta legedietan ez galtzeko. Klubaren etorkizun hurbila dago jokoan, eta horixe du kapitalik handiena.
«Legea bete beharko dugu»
Eibarrek helegitea jarri dio kapital handitzea egitera behartzen duen erabakiari, baina arrazoi emango dioten itxaropenik ez duAlex Aranzabal presidenteak garbi esan du: «Kapital handitzea egin beharko dugu»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu