Javier Ruiz de Larrinaga. Espainiako selekzioko txirrindularia

«Lehen 30en artean sartzea litzateke logikoena»

Besteak beste, Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa irabazi ditu Javier Ruiz de Larrinagak sasoi honetan. Bihar Munduko Txapelketan berretsi nahi du lan on hori.

unai zubeldia
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ziklo-kroslari gorputza dauka Javier Ruiz de Larrinagak (Zuia, Araba, 1979). «Errepidean ibiltzen nintzeneko gantz kopuru berbera daukat gorputzean, baina hiru kilo gehiago dauzkat». Indarra, potentzia, giharrak, teknika... Munduko Kopa dauka begiz jota, datorren denboraldian osorik egitea gustatuko litzaiokeelako. «Ea noraino hel naitekeen, nahiz eta badakidan 31 urterekin bat-batean ez naizela itxuraldatuko. Hori bai, beste pausoren bat eman dezakedala uste dut». Baina hurrengo paretan Munduko Txapelketa izena ageri da. Aurreko sasoian Txekiar Errepublikan bezala, izotz pista izango dute bihar Sankt Wendelgo zirkuituan, Alemanian. Sasoi honetan 11 proba irabazita, kolpe txukunen bat eman nahiko luke bihar Munduko Txapelketan.

Gain-gainean dago Sankt Wendelgo Munduko Txapelketa. Zer helbururekin ekingo diozu lasterketari?

Denboraldia kontuan hartuta, Munduko Txapelketa desberdina izaten da oso. Behingoz lan ona egitea da helburua, gutxienez nazioartean ematen ari naizen itxura ematea. Gauza batengatik edo besteagatik, inoiz ez dut lortu Munduko Txapelketan ondo ibiltzea. Baina lehen 30en artean sartzea litzateke logikoena. Nire ustez, Espainiako selekzioarekin lehiatuko garen lau txirrindulariak gara gai lehen 30en artean sartzeko: Egoitz Murgoitio, Isaac Suarez, Jose Antonio Hermida eta ni neu. Ea giro onean elkarri laguntzeko gai garen.

Aurreko denboraldian, Taborreko barruti izoztuan, Txekiar Errepublikan, 45. amaitu zenuen Munduko Txapelketa. Bihar ere izoztuta egongo da zirkuitua, zero azpitik bederatzi gradu iragarrita daudelako.

Hortxe daukagu beste arazo bat. Elur asko dagoen, hotza bakarrik den... dena aztertu beharko da, baina bai, bai, aurreko denboraldiko antzeko egoera eduki dezakegu. Hori bai, jada ez gara harrituta geratuko. Abenduan Belgikan parte hartu dudan bi lasterketetan ere elur gainean ibili naiz, eta geroz eta hobeto sentitzen ari naiz. Argi dago guretzat ez dela zirkuiturik egokiena, izotza delako eduki dezakegun gauzarik okerrena. Baina barruan daukagun guztia emango dugu, nazioartean gure maila zein den erakusteko.

Munduko Kopako lau probatan parte hartu duzu. Igorren 20. amaitu zenuen, Kalmthouten 43., Pontchateaun 25. eta Hoogerheiden 42. postuan. Zer irizten diozu?

Azken emaitza horrekin nahiz eta ez naizen oso gustura geratu, orokorrean nazioartean aurrerapausoa eman dudala ikusi dut, Munduko Kopako probetan batez ere. Argi dago emaitza horiek oraindik ez direla ikusgarriak, baina hobetuz noa, eta hori da garrantzitsuena. Hoogerheiden oso gaizki irten nintzen, eta ohartzerako azken hamar postuetan nengoen. Baina irteeretan eta lasterketan bertan, normalean, lehen baino lasaiago egoten naiz, erosoago.

Aurreko denboraldian esan zenuen 2010-2011 denboraldian Munduko Kopako proba guztietan lehiatzeko gogoa zeneukala, arriskatu egin nahi zenuela. Ez da posible izan, ordea. Zergatik?

Neurri batean, diru kontuak daude erabaki horren atzean. Baina etxeko lasterketa asko nazioarteko proben egun berberetan jokatu dira, eta, nire kasuan, babesleengatik, garrantzitsua zen etxeko proba horietan parte hartzea. Hori bai, datorren denboraldiari begira behingoz Munduko Kopako proba guztietan ateratzeko tematuta nago. Egia da ekonomiarentzat ez direla garairik onenak, baina saiatuko naiz.

Esan daiteke denboraldia amaitzen denean hasten dela zuentzat lanik zailena: babesleak aurkitzea, dirua biltzea...

Bai, bai. Ziklo-kroseko denboraldia amaitzean beti esaten dute: «orain atseden hartu beharko duzu, ezta?». Eta bai, fisikoki atseden hartu behar da, baina buruak lanean jarraitzen du. Norbera izaten da bere buruaren managerra eta ordezkaria, eta lan handia egoten da egiteko. Otsailean lan horietan ariko gara, lortutako emaitzekin eta ibilbidearekin txostena prestatu eta laguntza bilatzen. Azken hiru denboraldietan nabarmen egin dugu gora, eta ea pixkanaka lortzen dugun laguntza gehiago jasotzea. Errepideko denboraldia Lizarterekin egingo dut, eta, hain zuzen ere, Munduko Txapelketatik bueltan, otsailaren 3an, 4an eta 5ean kontzentrazioa daukat taldearekin. Hala ere, maiatzera arte ez naiz hasiko errepidean lehiatzen.

Egoitz Murgoitiok Munduko Kopako ia proba guztietan parte hartu du, baina ondoren, etxeko lasterketa batzuetan, zu ibili zara aurretik. Gora egiteko ezinbestekoa al da nazioartean lehiatzea?

Argi dago hobetzeko nazioartera irten beharra dagoela, baina Munduko Kopa bete-betean lehiatuz gero, etxeko probetan nabaritu egin daiteke gero. Publizitatea aintzat hartuta, oso garrantzitsua da, adibidez, Espainiako txapeldun izatea edo Espainiako Kopa irabaztea. Baina Munduko Kopa lehiatu beharra dago kirol arloan aurrerapauso bat emateko eta onenengana gerturatzeko. Egoitzek [Murgoitio] oso apustu sendoa egin du, eta ondo dabilela uste dut. Etorkizunak argituko du asmatu duen edo ez, baina hor gabiltzanen artean bera da gazteena, eta etorkizunean nabarituko da.

Nazioarteko txirrindularirik onenekin alderatuta, zertan egiten duzue bereziki herren Euskal Herriko ziklo-kroslariek?

Teknika hemengo probetan ere hobetu daiteke, baina gertatzen dena da etxeko lasterketetan irabazteko lehiatzen garela, eta une jakin batean lortutako aldearekin joka daitekeela. Belgikan, ordea, emaitza ona lortzea da helburua, eta proba guztian bete-betean joan beharra dago. Aurrekoak azkarrago joaten dira beti, haien gurpilari segitzea izaten da gure helburua, eta, azkenean, kirol arloan hobetzea izaten da borroka horren emaitza, etxeko probetan ez bezala, nazioartean ez delako egoten atseden txiki batzuk hartzeko aukerarik.

Aukeran jarriz gero, zer duzu nahiago, nazioarteko proba batean lehen hogeien artean sailkatu edo etxean lasterketa bat irabazi?

[Barrez] Oso gauza desberdinak dira. Argi dago niretzat Munduko Txapelketan 20. egitea zoragarria litzatekeela, pausoak ematen ari naizela ikusiko nukeelako. Baina babesleak bilatzeko, adibidez, eraginkorragoa da Euskadiko Txapelketa irabaztea Munduko Txapelketan 20. geratzea baino. Egunkarietan irabazlearen argazkia ateratzen da, baina oraintxe Munduko Txapelketan 20. sailkatzea sinatuko nuke, denboraldi honetan ez dudalako lortu Euskadiko Txapelketa irabaztea [sukar zantzuekin, zazpigarren amaitu zuen].

Munduko Kopako probetan ikusi ahal izan den bezala, irteerak oso garrantzitsuak dira ziklo-krosean. Azken irteerak kontuan hartuta, arduratuta zaude?

Irteerak oso garrantzitsuak dira, baina aurrean irteteko, Munduko Kopako proba guztietan lehiatu beharra dago, proba horietan soilik pilatzen dituztelako txirrindulari guztiek UCI puntuak. Guretzat zaila da aurrean egotea, baina denboraldi honetan aurrerago gaude. Egoitz Murgoitio 34. postuan dago UCIren sailkapenean, ni 42. postuan, Isaac Suarez 44... Espainiako selekzioko ordezkariak geroz eta aurrerago gaude nazioarteko sailkapen horietan, eta ziklo-krosa indartzen ari den seinale da hori. Espero dugu Espainiako Federazioak ere diziplina honen aldeko apustu sendoa egitea.

Barrutia izoztuta egongo dela eta gorabeheratsua dela aintzat hartuta, zein dira Munduko Txapelketa irabazteko faboritoak?

Sven Nys ezinean ibiltzen da gehienetan Munduko Txapelketan, baina Sankt Wendelen bertan berak irabazi zuen, 2005ean. Orduan ere izoztuta eta elurtuta zegoen barrutia. Egia da kosta egiten zaiola, baina nire kinieletan Nys agertzen da beti buru-buruan faboritoen zerrendan. Gertu ibiliko da Kevin Pauwels, denboraldia bikaina amaitzen ari delako; Niels Albertek ere ez du huts egingo, nahiz eta izotz gainean larriago ibiltzen den; eta Zdenek Stybar nola dagoen ikusi beharko da. Abenduan lesioa eduki zuen, eta ez da izan lasterketa askotan. Baina ziur nago irabazteko lehian egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.