Txirrindularitza

Lehen aldian bezainbesteko ilusioa du Ane Santestebanek

Italiako Giroa bihar hasiko da, eta Ane Santesteban hamabigarrenez ariko da, bigarrenez jarraian Laboral Kutxarekin. Etxeko taldearekin aritzea «pizgarri» dela dio.

Ane Santesteban, joan den igandean, Espainiako Errepideko Txapelketan. SPRINTCYCLING
Ane Santesteban, joan den igandean, Espainiako Errepideko Txapelketan. SPRINTCYCLING
2025eko uztailaren 5a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ane Santesteban (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) ez da lehen aldiz ariko Italiako Giroan. Bihar hasiko da proba, eta Santesteban hamabigarren aldiz lehiatuko da hartan. Txirrindulari errenteriarrak, baina, «lehen aldian bezainbesteko ilusioa» dauka. Izan ere, duela 11 urte Italiara joan behar izan zuen «txirrindulari profesional izateko», eta orain ametsa «egia bihurtzen» ari da, iaz «etxeko taldera» itzuli baitzen: Laboral Kutxara. «Orain dela urte batzuk pentsatzen nuen amets hori ezingo nuela bete, baina Laboral Kutxari eta babesle guztiei esker lortu egin dut», aitortu du.

Girora sasoiz «oso ondo» iritsi bada ere, igandean zorigaiztoko ustekabea izan zuen Granadan, Errepideko Espainiako Txapelketan: «Ihesaldi batean bakarrik nindoala, erori egin nintzen», kontatu du. Eroriko horrek «zalantza batzuk» eragin dizkio, baina «ahalik eta ondoen» indarberritzen saiatu da. Hala ere, «gustura» dago Giroan aritzeko egindako prestaketarekin: «Beste urteetan baino lasterketa gehiagotan parte hartu dut, eta oso gustura aritu naiz. Lehiatzen ez ezik, entrenatzen ere oso gustura ibili naiz».

Helburu jakin bat du Giroan: «Kontuan hartuta erregulartasuna dela nire indargunea, sailkapen nagusian ahalik eta postu onena lortu nahiko nuke». Horretarako, erlojupekoan lehiatu beharko du lehenik, bihar, aurreneko etapan: «Horixe izango da etaparik zailena niretzat, segur aski. Oso txirrindulari arina naiz, eta asko sufritu ohi dut erlojupekoetan», azpimarratu du. Sailkapen nagusiko lehian aritu ezin bada, «etaparen bat» irabazten ahaleginduko da, azaldu duenez.

Taldeari dagokionez, «oso ondo» ari dela iritzi dio. Horren harira, nabarmendu du emaitzen atzean «lan izugarria» dagoela, nahi eta jendeak ez duen ikusten: «Agian, Usoa Ostolazak lortzen ditu taldeko emaitzarik onenak gehienetan, baina horren atzean talde guztiaren lana dago». Santestebanek badaki eskarmentua duela, eta, hain zuzen, esan du «laguntzeko prest» dagoela errepidean erabakiren bat hartu behar denean. Errenteriarra ezinbesteko pieza bat da taldearentzat.

«Kontuan hartuta erregulartasuna dela nire indargunea, sailkapen nagusian ahalik eta postu onena lortu nahi dut»

ANE SANTESTEBAN Laboral Kutxa taldeko txirrindularia

Zortzi etapa jokatuko dituzte aurtengo Giroan, bihartik uztailaren 13ra bitartean. Proba luzea da, eta beharrezkoa da tentsioari eustea. Esperientzia mesedegarri zaio zeregin horretan Santestebani. «Esperientziari esker, gauzak beste modu batera ikusten hasten zara, lasaiago. Xehetasun guztiek duten garrantziaz jabetzen zara: elikadurarenaz eta atsedenarenaz, esaterako».

Ibilbideari dagokionez, «oso Giro gogorra» izango dela azpimarratu du. Azaldu du bizpahiru etapa gogorragoak izango direla beste guztiak baino. Bat nabarmendu du: Monte Neronen bukatuko dena. Azken-aurreko etapa da hori: «Lasterketa hasieratik gauzak ondo egitea izango da gakoa. Indarra gordetzen ere saiatu beharko dugu, tarte erabakigarrietan erabili ahal izateko». Gogorra izango bada ere, ibilbidea «asko» gustatzen zaio, esan duenez.

Egoerari buelta ematen

2024. urtea oso gogorra izan zen Santestebanentzat. Urte gogoangarria egin berritan, etxeko taldera itzuli zen. Baina gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera. «Ikusten nuen ez nengoela ondo; ez nuen indarrik. Sasoiz ondo ez egoteak asko eragin zidan psikologikoki, eta laguntza eskatzea erabaki nuen». Behin arrazoia zein zen jakin zuenean, «lasaitu» egin zen. Izena jarri zion osasun arazoari: «Endometriosia diagnostikatu zidaten».

Denboraldia hasi arte «zalantza batzuk» izan zituela aitortu du, baina, behin entrenatzen hasi zenean bere burua «ondo» nabaritu zuenez, «bizikleta gainean disfrutatzen» hasi zen berriz ere. Urte zail horretan gauza garrantzitsu bat ikasi zuen: gauza txikiak baloratu egin behar direla. «Denboraldi hasieran, Naia Amondarainek esan zidan berriz pozik ikusten ninduela, eta hala zen: gauza txiki guztiak izugarri disfrutatzen ari nintzen berriz».

Giroan arazorik ez badu, «gustura» geldituko da. Izan ere, sasoiz «oso ondo» egonagatik ere, aitortu du ez duela zorterik izan, eta, horren ondorioz, ez dela onena ematen ari. Beraz, Girorako asmoetako bat da daukan guztia «errepidean erakustea». «Pasioak bultzatzen nau lanean jarraitzera. Azkenean, txirrindularitza, nire lanaz izateaz gain, zaletasun bat ere bada, eta izugarrizko pasioa pizten dit. Etxeko taldean egoteak eta lasterketarik garrantzitsuenetan parte hartzeak bultzatzen nau egunero bete-betean aritzera».

ETAPAK

Bihar: Bergamo-Bergamo (14,2 km). Banakako erlojupekoa jokatuko dute.
Uztailak 7: Clusone-Aprica (92 km). Mendate batean bukatuko dute.
Uztailak 8: Vezza d’Oglio-Trento (122 km). Lehen mailako mendate bat igoko dute hasieran, eta, gero, maldan behera ariko dira.
Uztailak 9: Castello Tesino-Pianezze (142 km). Mendiko etapa da.
Uztailak 10: Mirano-Monselice (120 km). Etapa laua da.
Uztailak 11: Bellaria Igea Marina-Terre Roveresche (145 km). Etapa gorabeheratsua da.
Uztailak 12: Fermignano-Monte Nerone (150 km). Mendiko etapa da.
Uztailak 13: Forli-Imolako zirkuitua (134 km). Etapa oso gorabeheratsua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.