Lehen argi printzak

Gaurtik eta hurrengo igandera bitarte jokatuko da Paris-Niza, UCI World Tourreko bigarren lasterketa

Iñaki Lasa Etura.
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Txirrindulariek bi hilabete daramate pedalei eragiten, eta denboraldia aurrera doan heinean, kilometroak pilatzeko aukera izan dute. Gaur, baina, kilometroak soilik ez, eta sona handiko garaipenak pilatzen asteko asmoarekin ariko dira. Down Under Tourrean lehiatu ondoren, Paris-Nizaren garaia da, UCI World Tourreko bigarren proba; gaur hasi, eta igandera bitarte. Denboraldia abian zen jada, baina orain, serio jarri eta benetan hasi dela ohartzeko ordua iritsi zaie.

Berritasunak ditu aurten Eguzkiaren Lasterketak. 1968tik lehen aldiz distantzia luzeko erlojupeko bat jokatuko da, seigarren etapan. 27 kilometroko luzera izango du, eta ikusteko dago zenbaterainoko eragina izango duen. Ibilbidea erakargarria da; arlo zehatzetan nabarmentzen direnentzat bainoago, arlo askotan txukun ibiltzen direnentzat aproposa. Igotzaileek amaiera gogorragoak nahiko lituzkete, esprinterrek aukera gehiago, eta erlojupeko espezialistek etapa luzeagoa. Denak ezin gustura geratu.

Lehendabiziko bi etapak giharrak askatzeko eta esprinterrek euren arrastoa uzteko baliagarriak izango dira. Baina benetako Paris-Niza etzi hasiko da. Guztira 27 mendate igoko dituzte parte-hartzaileek, erdi mailakoak gehienak.

Lautaden ondoren, mendateen txanda hirugarren etapatik aurrera iritsiko da. Igotzea bezain garrantzitsua izango da maldan behera beldurrik gabe jaistea. Ez dago etapa amaierarik mendate gainean, eta pare bat helmuga—batez ere azkenekoa— jaitsiera luzeen ondoren daude.

Contador ez da ariko

Igotzaileek bosgarren etapan dute euren aukera, batez ere. Hurrengo eguneko erlojupekoan denbora galtzen dutenek bi egun izango dituzte berreskuratzeko. Etapa ikusgarriena amaierarako utzi dute antolatzaileek: 124 kilometro eta bost mendate; azkena, helmugatik hamasei kilometrora. Ikuskizuna azken uneraino ziurtatu nahi izan dute.

Hautagai zerrenda, beti bezala, luzea da. Hainbat txirrindulari sasoiko datoz, aurreko itzulietan erakustaldiak eginda. Beste batzuek lasterketa aproposa dute beren berezitasunak baliatzeko. Horiei Paris-Nizan beti itxura ona ematen duten txirrindulariak, izar izatera deituak eta ezustekoak emateko prest daudenak gehitu behar zaizkie. Benetan lasterketa irabaztera nor datorren eta kilometroak pilatu eta burua hurrengo probetan zeinek duen izango da gakoa. Zalantza dantza horretan hiru txirrindulari dira guztien gainetik irabazteko deituak diruditenak: Luis Leon Sanchez (Rabobank), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) eta Peter Sagan (Liquigas).

Luis Leon Sanchezek 2009ko ekitaldia irabazi zuen, eta beti dabil txukun. Gogoko du proba, eta sasoiko iritsi da, Algarven itxura ona eman ostean. Samuel Sanchezek, berriz, proba gutxiago korritu ditu aurten, baina ibilbideari so eginez gero, hautagai nagusienetakoa da. Iaz laugarren amaitu zuen. Azkenik, Sagan sasoi betean dago. Iazko itxura ona berretsi, eta lehertu egin du aurten. Sardiniako Itzulia nagusitasun osoz irabazi ondoren, irabaztera dator.

Atzetik izen asko daude: Tony Martin, Roman Kreuziger, Jurgen Van den Broeck, Xavier Tondo, Frank Schleck, Vladimir Karpets eta Bradley Wiggins. Guztiak kontuan izatekoak eta beren aukeraren esperoan.

Izen garrantzitsuak ere falta dira. Hutsune nabarmenena, Alberto Contadorrena; iazko eta 2007ko txapelduna. Espainiako Federazioak klenbuterol positiboaz errugabe dela ebatzi zuen joan den hilean, eta orain dela bi aste egin zuen denboraldiko debuta, Algarveko Itzulian. Halere, uko egin dio aurten Paris-Nizan egoteari, eta Murtziako Itzulian ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.