Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Juanma Garate. Rabobankeko txirrindularia

«Lehen astea esprinterrena dela onartu behar dugu, hain ero ibili gabe»

Kito. Amaitu da Frantziako Tourra Juanma Garaterentzat. Erorketa batek bidali du etxera. Triste dago, baina zentzuz hitz egin du.

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Penatuta, baina gehiago ezin zuela egin barneratuta dator etxerako bidean Juanma Garate (Irun, Gipuzkoa, 1976), Beñat Intxaustiren auto berean. «Inoiz baino hobeto» sentitu arren, BERRIAko zutabegilea erorketa batek utzi du Tourretik kanpo. Gaur-biharretan egingo dizkiote proba gehiago, lesioen larritasunaz informazio zehatza edukitzeko. Baina «lanbidearen ajeak» direla onartuta, Donostiako Klasikoari eta Espainiako Vueltari begira jarri da jada irundarra.

Zer moduz zaude, bai fisikoki eta bai psikologikoki?

Psikologikoki oso gaizki pasatu dut. Ikusten nuen ezinezkoa izango zela jarraitzea, eta azken hilabeteetan egindako lana ezerezean geratuko zela. Fisikoki, berriz, lehertuta nago. Azken hiru etapetan oso gaizki pasatu dut, gorputza txikituta neukalako, eta neukana baino gehiago eman behar izan dudalako. Goizen batean esnatu eta berrindartuta egoteko ilusioarekin oheratzen nintzen. Baina egunetik egunera okerrera egin dut. Larunbat gauean ez nuen ia lorik egin, eta ezinezkoa zen horrela abiatzea.

Nola gogoratzen dituzu larunbateko etapa amaitu eta erretiroa hartu arteko orduak?

Larunbat gauean jada ikusi nuen ezinezkoa izango zela jarraitzea. Etapa horretan koskor bat atera zitzaidan prostatan, bizikleta gaineko posturagatik. Pisua eskuin besaburuan ez jartzearren, ezkerraldera okertuta egin nuen etapa guztia, eta horregatik irten zitzaidan koskorra. Krema batzuk eman nituen iluntzean, goizean sendatuta egongo zelakoan. Baina jaiki nintzenean berehala ikusi nuen are okerrago zegoela. Lorik egin gabe eta minez, ez zeukan zentzurik irteerara joateak.

Tourraren bezperan zuk zeuk onartu zenuen inoiz baino hobeto zeundela. Pena areagotuko du horrek, ezta?

Bai, bai. Etxean egindako testak inoiz baino hobeak izan ziren; oso-oso emaitza onak lortu nituen, eta motibazioz gainezka nengoen. Banekien neure lana egiteko moduan egongo nintzela. Mendateetan Roberten [Robert Gesink] ondoan egon nintekeela sinetsita nengoen, eta beste zerbait egiteko aukera ere eduki nezakeela uste dut. Familiarekin pasatu beharreko ordu asko igaro ditut altueran entrenatzen, eta amorrua areagotu besterik ez du egiten horrek. Baina gure lanbidearen barruan daude erorketak ere.

Hiru asteko 21. itzuli handia zenuen aurtengo Tourra, eta orain arte behin bakarrik zeunden erretiratuta, 2002ko Espainiako Vueltan.

Hala da. Orduan ere erorketa baten ondorioz erretiratu nintzen. Erorketa handi bat egon zen, bi belaunak txikitu nituen, eta ezin izan nuen itzulia amaitu.

Bederatzi etapa igaro dira aurtengo Tourrean, eta hemezortzi txirrindulari erretiratu dira jada. Zergatik hainbeste erorketa eta hainbeste erretiro garrantzitsu?

Tentsioa pilatzen den lekuan ari dira gertatzen erorketak, aurrealdean. Denek egon nahi dute aurrean, eta ez dago denentzat lekurik. Nire ustez, hiru arrazoi daude erorketen atzean: batetik, Tourreko lehen astea izateko, errepideak ez dira oso zabalak izan; bestetik, lehen etapan Alberto Contador eta Samuel Sanchez erori ziren, eta ordutik inork ez du ezustekorik nahi; eta, azkenik, txirrindulari guztien maila geroz eta paretsuagoa da. Horregatik, etapa batean minutu eta erdi galduta, urte guztiko lana gal daiteke, eta horrek tentsio handia sortzen du.

Irtenbide bila hasita, lehen asteko erlojupeko gogor batek egoera lasaitzen lagunduko luke?

Asko lagunduko luke. Aitzin-etapa batek, adibidez, urduritasun puntu bat kentzen dio lasterketari, bakoitza bere lekuan jartzen duelako. Mendiko etapa batek ere lagunduko luke lehen aste horretako giroa baretzen. Aurten jarri duten tarteko helmuga horrek, berriz, tentsioa areagotu du. Ihesaldiak bertan behera uzteko tresna besterik ez da, esprinterren taldeak ahalik eta puntu gehien pilatzen saiatzen direlako. Baina autokritika egin eta lehen astea esprinterrena dela onartu behar dugu, hain ero ibili gabe.

Zein hausnarketa egingo zenuke Frantziako telebista kateko auto batek Flecha eta Hoogerland lurrera bota zituela ikusi ondoren?

Gertakari horrek ez dauka izenik. Telebistan argi ikusi zen zer gertatu zen. Ezin da onartu auto gidaria lasterketari begira egotea, eta ohartzerako parez pare zuhaitz bat daukala konturatzea. Autoa gidatzen ari denak autoa gidatu behar du; bestela, gidariaren ondoan jar dadila. Zuzendariek badakite tropelean nola mugitu, baina auto horietako gidari asko gonbidatuak izaten dira.

Igandeko etapa arraro samarra izan zen Rabobankentzat. Zure erretiroarekin hasi zen eguna, baina Luis Leon Sanchezek irabazi zuen etapa, eta Gesink aurrekoekin helmugaratu zen.

Telebistan, agian, ez zen ikusi, baina Robert [Gesink] ezinean zihoan 15. kilometroan. 80. kilometroan izan zen erorketa, eta aurrekoekin bat egitea lortu zuen, dena baretu zelako. Baina 15. kilometrotik lau taldekiderekin zihoan auto artean, lehertuta. Eguzkiak dezente berotu zuen azken aldera, izerditzen hasi zen, eta erorketagatik pilatuta zeukan likido guztia kanporatu zuen. Txirrindulari sentitu zen berriz ere, baina txikituta dago. Pentsa, autoan bi aldiz egin zioten lekua.

Pirinioak gainean daudela, Evans, Andy Schleck eta Contadorren arteko lehia espero daiteke?

Tour ero honetan ez naiz ausartzen jada pronostikoak egiten. Tourra hasi aurretik egin nuen, eta ixilik egon banintz, hobeto. Albertok [Contador] garaipenaren borrokan sartuta jarraituko du, baina Andy Schleckek alde polita dauka. Baina auskalo, ez dakidalako Samuel Sanchez, Basso, Evans... nola dauden.

Telebista piztu eta Tourrari begira jarraituko duzu, edo lasaitasun pixka bat behar duzu?

Erdi eta erdi egingo dut. Etapa batzuk ikusiko ditut, baina egun batzuetan alabarekin egongo naiz parkean, ahaztuta daukadalako hori egitea zer den.

Etorkizunera begira jarrita, Espainiako Vuelta daukazu buruan?

Proba batzuk egingo ditugu lehenengo, lesioen larritasuna aztertzeko. Eta gero ikusiko dugu Donostiako Klasikora eta Vueltara iristen garen edo ez. Gustatuko litzaidake, baina lesioak osatzea da lehenengo lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.