Lehen Mailako futbol denboraldiak bederatzi hilabete pasatxo irauten du. Beraz, gehienetan ez du askorako balio urte oso batean egin dena baloratzeak. Jakinekoa da tarte horretan denboraldi baten bigarren zatia eta hurrengoaren lehen herena jokatzen direla. Baina Athleticen kasuan merezi du 2009. urtean egindakoari begiratu bat ematea, oso urte interesgarria izan baita.
Goi mailako txirrindulari lasterketa batek eskatzen duen guztia eman behar izan du talde zuri-gorriak munduan dauden lehiaketa garrantzitsuenei aurre egiteko -Espainiako Kopa, Liga eta Europako Liga-. Denetarik izan du urteak: lehen mailako mendiak, maila ertainekoak, ordeka luzeak... eta ia arlo guztietan erantzun du talde zuri-gorriak. Urte hasieran Tourreko podiumetik gertu egon zitekeen taldea zirudien Caparrosenak. Talde sendoaren itxura eman zuen sasoia izan zen. Ligan ondo aritzeaz gain, Kopan azken 25 urteotako emaitza onena lortzeko eman beharreko pauso guztiak eman zituen.
Kopan helmugara ailegatu aurretik maila bereziko tontor bi gainditu behar izan zituen. Sevilla indarrez gainezka menderatu ostean, azken igoera gogorregia egin zitzaion talde zuri-gorriari. Finala, alegia. Hala ere, ibilbide guztian zehar emandako ikuskizunak begiak zabaldu zizkion jarraitzaileari. Ilusioa sortu zuen taldearen inguruan.
Kopa mendia bada, median ondo moldatu da Athletic. Ordekan, berriz, hainbestean. Ligan tropelean ibili da. Uda aurretik, joan den denboraldiaren bigarren zatian, larri aritu zen. Azken kilometroetan atzean geratzetik gertu egon zen, baina memento erabakigarrietan haginak estutu eta hainbestean amaitu zuen sasoia. Lasterketa berria -denboraldia berria- hasi zenetik, berriz, tropelaren aurreko postuetan kokatuta dago. Bide beretik jarraituz gero, sari potoloa dauka -Europako Ligan sartzeko aukera-.
Horretarako, tarteko helmugan -urte amaierako partidetan- segundo batzuk irabazi gura du Athleticek. Zaragoza eta Osasuna izango ditu aurkari esprintean. Hiru taldeek antzeko maila dute, baina oraingoz Caparrosenek eman dute itxura onena. Osasuna ere itxura polita ematen ari da, baina pauso bat atzerago dago. Zaragoza dago hiruretatik egoera kezkagarrienean. Denboraldi batez infernuan egon ostean, lehen aukeran bueltatu da onenen artera. Lehen Mailan lehiatzeko taldea dauka, baina, beharbada, iraganean gertatu zen legez, gehiegi ari zaie eskatzen. Hamabi punturekin, jaisteko postuetatik puntu bira dago. Ondorioz, eta azken jardunaldian Mallorcan hartutako jipoiaren ostean -4-1 galdu zuen-, kolokan dago Marcelino Toral entrenatzaile postuan.
Ramalho deialdian
Athletic ezin da Zaragozaren entrenatzailearen etorkizunari begira egon, ordea. Zuri-gorriek ondo amaitu gura dute urtea. Goiko postuetan jarraitu gura dute, eta horretarako, garrantzitsua da zaurituta dagoen aurkariari erasotzea. Caparrosek jokalari gehienak prest ditu horretarako. Llorentek, aste guztian mokorreko minarekin egon ostean, atzoko lan saioan belauna bihurritu zuen, baina jokatuko du. Toquerok eta Susaeta ere sendatu dira. Eskuinean Gurpegik jokatuko du. Ezkerrean nork jokatuko duen ez dago argi. Yeste min hartuta dago. Basauritarra ordezkatzeko lehen hautagaia ere bai, De Marcos. Beraz, Gabilondoren eta Muniainen artean aurkeratu beharko du entrenatzaileak.
Neurketa garrantzitsua izan arren, jokalari bakar bat izan da notizia Athleticen inguruan: Jonas Ramalho. Caparrosek gaztea eraman baitu Zaragozara. Ramalhok Athleticeko gaztetxoetan jokatzen du. Atzelaria da eta 16 urte ditu. Beraz, talde zuri-gorriarekin aritzen bada, Athleticen elastikoa jantzi duen futbolaririk gazteena izango da. Gazteena eta lehen jokalari beltza.
Lehen esprinta da
Athleticek aho zapore gozoa utzi gura du urtea amaitu aurretik, Zaragozaren eta Osasunaren kontra dituen partidetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu