Duela gutxi arte Ana Tempranok (Oviedo, Espainia, 1984) argi zituen bere lehentasunak. Ikastea zen lehena —fisioterapia ari da ikasten—, eta eskubaloian jokatzea bigarrena. Lehentasun horien ordena, ordea, aldatu egin da joan zen udan Bera Berarekin sinatu zuenetik. Orain, eskubaloia besterik ez du buruan. Beharko, erronka zaila baitu: Darly Zoqbi De Paulak atean utzitako hutsunea ez nabaritzea. Oraingoz, ederki ari da, eta gutxi gogoratzen dira brasildarrarekin. Seinale ona da.
Donostiatik Valentziara autobusez.Han, ligako partida jokatu, eta hurrengo goizean handik Bartzelonara autobusez, handik Munichera hegazkinez, handik Zagrebera berriro hegazkinez eta handik Koprivnicara autobusez. Dena bi egunetan. Idazteak ere nekatu egiten du.
Bada, imajina ezazu gu nola gauden. Gogorra da, Txapeldunen Liga jokatzearen bidesaria da.
Zorionez, maleta konfiantzaz lepo duzue. Ligan partida guztiak irabazi dituzue, eta Txapeldunen Ligako estreinakoan, Vardarren aurka galdu arren, oso irudi ona eman zenuten.
Bai, baina pena pixka batekin bukatuko genuen partida. Gehiago estutu izan bagenu, alde txikiagoaz galduko genuen. Baina, tira, ez diogu horri bueltarik eman behar. Gustura amaitu genuen, eta zaleek ere zoriondu gintuzten.
Gaur Podravkaren aurka jokatuko duzue. Lehen jardunaldian astindua eman zion Larvikek (34-18). Itxuraz, zuen mailatik gertuen dagoen taldea da multzoan.
Guk, behintzat, hala uste dugu. Izan ere, hasiera batean Larvik eta Vardar gu baino koska batzuk gorago daude. Podravkak, ordea, aurkari errazagoa dirudi, eta min egin diezaiokegu. Halere, argi dugu ere haren pistan jokatuta zailagoa izango dela. Gu saiatuko gara irabazten. Lehen partidako itxura emanez gero, ziur naiz estutasunetan jarriko dugula.
Itxura ona eman zenuten Vardarren aurka, baina agerian geratu zen alde handia dagoela Espainiako Ligaren eta Txapeldunen Ligaren artean.
Jakina, baina talde horien aurrekontua gurearen halako hiru da, eta hori sumatu egiten da, jauzi handia dago. Europako liga asko gurea baino koska batzuk gorago daude. Gu ari gara saiatzen aldea murrizten, baina oso zaila da.
Jauziez hitz eginda, zuk bai eman duzu jauzia. Orain arte mailari eusteko taldeetan jokatu izan duzu. Bera Berak, ordea, asmo handiagoak ditu. Sumatu duzu aldaketa?
Bai, noski. Jokatu izan dudan taldeek mailari eustea edo gehienez Espainiako Koparako sailkatzea zuten helburu. Bera Bera, aldiz, Txapeldunen Ligan ari da, eta Espainiako lehiaketan titulu guztiak irabazteko lehiatzen da.
Non da handiagoa presioa, mailari eusteko borrokan dabiltzan taldeetan ala tituluak irabazteko lehian dabiltzan taldeetan?
Nik, behintzat, presio handiagoa nabaritzen nuen mailari eustea helburu zuten taldeetan. Egoera horretan norgehiagoka guztiak dira hil ala bizikoak. Bera Beran ere presioa badago, neurketa guztiak irabaztera behartuta gaudelako, baina presio hori eramangarriagoa da. Gainera, ligan, aurkari guztiak baino hobeak gara. Orain dudan defentsak, adsibidez, ez du antzik aurretik izan ditudanekin.
Hain da handia aldea?
Bai. Nire taldekideak bete-betean ari dira, defentsa oso zorrotza eginez. Eta horrela, aurkariek zailtasun askoz gehiago dituzte jaurtitzeko. Askoz baloi gutxiago iristen zaizkit, eta iristen direnak errazagoak dira gelditzeko.
Eta antolaketari dagokionez, aldea ere handia da?
Bai. Dena dago hobeto antolatuta, eta taldea profesionala da erabat. Jokalarien lehentasuna eskubaloia da. Batzuk ere ikasten ari dira, baina argi dute lehentasuna eskubaloia dela. Aurreko sasoian, Zuazon, ia denek egiten zuten lan, edo ikasi, nire kasuan bezala. Horixe zen lehentasuna, lan egitea edo ikastea, eta lana edo azterketa bat bazenuen, ez zinen entrenatzen. Hemen, ordea, entrenatzea da lehentasuna.
Fisioterapia ikasten segitzen duzu?
Bai, baina ikasketak bazter batean utzi behar izan ditut. Ikasgai batzuk bakarrik hartu ditut. Zuazon ari nintzenean banuen aukera behar nuenean Murtziara joateko, hango unibertsitatean bainago matrikulatuta. Baina orain ezin dut. Eskubaloia da orain nire lehentasuna.
Zer moduz egokitu zara?
Oso ondo. Veronica Cuña ezagutzen nuen, harekin jokatu nuelako Castron. Askotan etortzen nintzen Donostiara, Bera Beraren partidak ikustera.
Zer-nolako iritzia zenuen Bera Beraz?
Oso klub serioa zela, eskubaloia asko lantzen zuena, eta jokalariak oso ondo zaintzen zituena. Goian egon nahi zuen, eta lortu du. Eredu da.
Ezustean hartu zituen bere deiak?
Bai. Ez nuen uste ni izango nintzenik Zoqbi ordezkatzeko lehen aukera. Uste nuen atezain atzerritarren bat fitxatuko zutela. Gainera, duela urte batzuk neure burua eskaini nien, baina Murtzian ikasteko aukera atera, eta atzera egin nuen.
Erronka zaila duzu: Zoqbi ordezkatu.
Hala da. Zoqbik oso goian utzi du langa, eta saiatuko naiz hara gerturatzen.
Oraingoz, gutxi gogoratzen dira harekin. Seinale ona da.
Oso gustura nago orain arte egin dudanarekin. Taldekideek zerikusi handia dute, oso ondo ari baitira defentsan. Ea horrela jarraitzen dugun.
Ana Temprano. Bera Berako jokalaria
«Lehen, ikasketak ziren nire lehentasuna; orain, ordea, eskubaloia»
Gijonen, Castron, Murtzian eta Zuazon, mailari eustea helburu zuten taldeetan jokatu du Ana Tempranok Bera Berara iritsi aurretik. Orain, punta-puntan, inoiz ez bezala ari da gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu