Willian Jose da Silva. Realeko jokalaria

«Lehen lau postuetan sailkatzeak izan behar du Realaren helburua»

Jatorriz familia umilekoa izaki, Reala lidergoan egoteak ez du harrotu Willian Jose, eta aitortu du lanean jarraitzea dela bide berari eusteko sekretua, denboraldia «oso luzea» delako. Anbizio faltarik ez du, eta, pertsonalki zein kolektiboki, iragan sasoiko zenbakiak hobetzea du buruan. Hamalau golen langa gainditu nahi du; dagoeneko bi badaramatza.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
<i>Donostia</i>
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Parte Zaharreko pintxoekin batera, Donostiaren gauzarik kutunena itsasoari begira egotea omen du Willian Jose da Silvak (Porto Calvo, Brasil, 1991). Bada, haren izena ageri zaio olatuaren aparretan, suziri baten moduan abiatu baitu denboraldia. Lehen bi partidetan gol bana sartu du, eta lidergoan distiratsu ageri da Reala. Hala ere, «oinak lurrean» izan nahi ditu. Bide berari eustea espero du. Gutxienez, iragan sasoiko markak hobetu nahi ditu: golena berari dagokionez, eta postuarena taldeari dagokionez. Lotsati ospea du, baina ez zaio halakorik antzeman solasaldian.

Lider da Reala. Hobeto ezin zitekeen hasi sasoia.

Pena da azkarregi iritsi dela ligako lehen etenaldia, bi astez lidergoan egotea polita izan arren konfiantzari eustea izango baitzen onena. Balaidosen hainbestean jokatu genuen, baina Anoetan oso irudi ona eman zuen taldeak. Hala ere, merezita atera ditugu jokoan egon diren sei puntuak. Gainera, bi aurkari zuzen atzean uzteko modua egin dugu. Baina gehiago nahi dugu. Uste dut hurrengo partida irabazteko aukera ona dugula, Deportivoren zelaian, eta bederatzi puntuetatik bederatziak batuta jar gintezkeela sailkapenean.

Lider zaudete, besteak beste, zuk sartutako bi golei esker.

Oso pozik nago: ezin nezake gehiago eskatu. Aurrelariok golari esker bizi gara, eta denboraldia horrela hasteak konfiantza eta lasaitasun handia ematen du. Golak sartzeaz gain, jokoan ere oso eroso aritu naiz, eta hori da garrantzitsuena niretzat. Iragan sasoia arazo batzuekin amaitu nuen, eta orain ondo nagoela ikusteak poza ematen dit. Taldeari laguntzea da nire nahirik handiena.

Mugarik jarri al diozu zeure buruari sasoi honetarako?

Mugarik ez, baina inoizko golik gehien egitea da nire helburua. Dudarik gabe, nire profesional ibilbidean aurrekoa izan zen denboraldirik oparoena, hamalau gol sartuta: hamabi ligan, eta bi kopan. Zenbaki horiek hobetu nahi ditut. Ez naiz erraz konformatzen diren horietakoa, eta gogotik saiatuko naiz. Garrantzitsuena izango da lesiorik ez izatea, eta egunero egiten ditut ariketak horretarako, Realeko prestatzaile fisiko eta medikuekin. Asko zaintzen dut neure burua. Iragan sasoian lesioek kondenatu ninduten; bestela, uste dut gol gehiago sartuko nituela.

Lehiakortasun handia duzu erasoan: Juanmi, Carlos Vela, Imanol Agirretxe, Jon Bautista... Hori ona al da?

Nik bakarrik ez: Juanmik ere bi gol sortu ditu lehen bi partidetan, eta denon ekarpenari esker gaude lider. Ondorioz, lehiakortasuna izatea oso ona da. Denekin harreman bikaina dut; oso eroso sentitzen naiz, eta elkarri lagunduta denok egongo gara hobeto. Gainera, lehiakortasuna izateak esan nahi du hamaikakoan ez daukazula postu bat ziurtatuta, eta lan saioetan zure onena eman behar duzula. Ez da erraza entrenamenduetan beti bete-betean aritzea, hanketan oinazeak sarri izaten ditugulako, baina gutxienez badakigu ezin dugula despisterik izan.

Ziurrenik, zu zara erasoko lerroan protagonismorik handiena duena. Eta jokatuko ez bazenu, haserretuko zinateke?

Jokalari denoi gustatzen zaigu jokatzea, eta, hala ez denean, minduta geratzen gara. Ni ez naiz salbuespena. Halere, badakit denboraldi honetan ezinezkoa izango dela neurketa guztiak jokatzea. Entrenatzaileak esan digu minutuak banatzen saiatuko dela hiru txapelketetan ondo jokatzeko, eta egun batzuetan tokatuko zait begira egotea. Ez dut arazorik. Aulkian banago, ahalik eta gehien lagunduko diet taldekideei, eta, etxean banago, telebistari begira egongo naiz.

Iragan sasoian bederatzi gol sartu zenituen lehen hamabost partidetan. Hobetu al daiteke marka hori?

Horretarako ari naiz lanean, eta hasiera ona izan dut, behintzat. Aurreko denboraldian dena berria zen niretzat Realean, eta, eroso sentitu nintzen arren, espero dut bigarren urtean jokalari garrantzitsuagoa izatea. Konfiantza dut taldekideekin, elkar hobeto ezagutzen dugu, eta ea zenbakietan islatzen dudan. Esan dudan bezala, lesiorik ez izatea izango da gakoa. Zorteak laguntzen badit, uste dut denboraldi biribila osa dezakedala.

Sei hilabetean hiru aldiz izan dituzu giharretako arazoak hanka berean. Orain ondo al zaude?

Bai, erabat osatuta nago. Aurrez inoiz ez zitzaidan halakorik gertatu, baina otsailean zaintiratu moduko bat izan nuen, apirilean berri,z eta udan azken aldiz. Hirurak hanka berean izan dira, baina toki ezberdinetan, eta oporretan ere aritu naiz pixka bat indartze prozesuan. Halere, ez dut ezer askorik egin, nire gorputzak atsedena behar baitzuen.

Golegilea izateaz gain, jokoaren garapenean ere garrantzitsua zara. Nondik datorkizu dohain hori?

Areto futbolean jokatzetik. Brasilen ohikoa da areto futbolean jokatzea, eta opor garaian ere egin ditut saio batzuk lagunekin. Kalean hazi eta hezitako futbolaria naiz, eta, gure herrian futbol zelai handirik ez zegoenez, areto futbolean eman nituen lehen pausoak. Handik datorkit baloia bizkarrez gelditu eta hegaletara zabaltzeko abilezia. 14 urterekin egin nuen jauzi zelai handira, ikusi nuenean norbait izan nintekeela futbolean.

Abilezia horri esker, erdilari postuan ere jokatu zenuen Zaragozan, ezta?

Zelai handietan jokatzen hasi nintzenean erdilaria nintzen. Gero, taldeko garaiena nintzenez [1,86 metro da luze], erdilariak aurrelari ipini ninduen, buruz golak sartzeko, eta ikusi zuten ongi moldatzen nintzela. Bi postuetan aritzen nintzen eroso. Gustatzen zait jokoa ulertzea eta kontrolpean izatea, eta Zaragozan partida batzuk jokatu nituen erdilari gisa. Halere, gaur-gaurkoz, aurrelari petoa naiz. Postu horretan jokatzeko landuta nago.

Espainiako Liga Real Madrili esker ezagutu zenuen. Nolako sei hilabete izan zenituen Madrilen?

Esperientzia bikaina izan zen. Bigarren taldean jokatzeko ekarri ninduten, eta han ezagutu nuen Diego Llorente, orain taldekide dudana. Halere, lehen taldearekin debuta egin nuen, Xabi Alonso, Sergio Ramos eta beste batzuekin batera. Real Madrili esker ezagutu ninduten Espainiako Ligako beste hainbat taldek, eta gerora jokatu nuen Zaragozan eta Las Palmasen.

Azken sei urteetan zazpi taldetatik igaro zara. Zaila izan beharko du horrek, ezta?

Oso zaila. Nire fitxaren eskubideen jabea Deportivo Maldonado izan da, eta urtero utzita bidaltzen ninduen toki batera. Realarekin bost urterako sinatu dut, eta azkenean egonkortasuna lortu dut bertan. Oporretara joan nintzen jakinda hurrengo sasoian non jokatuko nuen. Realak jokalari batek behar duen guztia dauka: talde jatorra, zale bikainak, azpiegitura aproposak... Oso gustura nago Donostian. Haren eskaintza jaso nuenean ez nuen bitan pentsatu behar izan.

Egonkor zaude Realean, baina talde handiek jo dute jada zure atea.

Gauzak ondo egiten direnean, normala da talde batzuen interesa piztea; bestela, ikusi nola ibili diren Iñigo Martinezekin. Dirudienez, ni ere batzuen zerrendan egon naiz, baina ez dut inolako asmorik alde egiteko. Sekula ez dut jokatu Europako lehiaketan, eta ezin diot muzin egin Realarekin dudan aukera honi. Ilusio handia egiten dit Europa liga jokatzeak. Oso motibagarria da. Zerbait handia egin nahi dugu.

Zein helburu duzue taldean?

Iragan sasoian seigarren postuan amaitu genuen liga, eta hori hobetu beharra daukagu. Taldea badugu horretarako. Iruditzen zait lehen lau postuetan sartzeko gai garela, nahiz eta talde onak egon lehian. Luze joko du denboraldiak, eta ikusi beharko da nola egingo diogun aurre hiru txapelketetan izango dugun lanari.

Iragan sasoian baino talde hobea osatu al du Realak?

Yuri joan zaigu, eta hark izugarri ematen zigun. Aurrelariontzako lagun bikaina zen, ia beti pase onena ematen baitzigun. Kalitate izugarria du, eta ohorea da PSGn ikustea. Orain, gaudenokin kontatu behar dugu, eta fitxaketak ere interesgarriak izan dira. Januzajen kalitateak zeresana eman du taldekideon artean. Ondo indartu dute taldea.

Brasilgo selekziora iristea ere ba al duzu buruan?

Ametsa litzateke, eta Realean toki onean nago, erakusleiho ona delako. Gauzak ondo egiten baditut, iritsiko zait selekzioaren deia. Sarritan jokatu dut beheko mailetan, baina lehen taldearekin inoiz ez. Oraindik gaztea naiz, hobetzeko tartea dut, eta lanean jarraitzeko asmoz nago. Brasilek kalitate handiko jokalariak ditu, baina ni ere sar naiteke taldean.

Neymar brasildarra da. Zer iruditzen zaizu haren truke PSGk Bartzelonari 222 milioi euro ordaindu izana?

Erokeria bat da. Neymar baino gehiago, haren aita egongo zen tartean, eta ez dut uste aita bat izan daitekeenik pertsonarik egokiena halakoak bideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.