Nicky Haydenek 2006ko Munduko Motoziklismo Txapelketa irabazi zuenetik ageri zuen Valentino Rossik gogoa zuela berriro korritzen hasteko. Zazpi titulu irabazi dituen arren, zortzigarrena azken lasterketan galtzea oraindik kendu ez duen arantza da italiarrarentzat. Iaz duda-mudatan aritu zen denboraldi hasieran, 1 Formulan korrituko zuela eta ez zuela. Baina aurten bestelakoa da Yamahako gidaria. Anbizio handia erakutsi du denboraldi-aurrean, eta atzo Qatarko Sari Nagusiaren erlojupeko saioetan pole-a lortu zuen.
Gaur lehen lerrotik aterako da Valentino Rossi, eta ez du urruti izango Colin Edwards taldekidea. Yamahako bi gidariak azkarrenetakoak izan ziren atzoko saioan, eta Casey Stoner Ducatiko gidariak soilik lortu zuen euren artean sartzea. Italiarrarengandik bost ehunera sailkatu zen australiarra.
Hasi dira MotoGPko gidariak zilindro edukiera berrira moldatzen. Motoak abiadura txikiagoa dutenez, teknikak eta estrategiak garrantzia gehiago izango dutela aurreratu zuten atzo gidariek. Maila nagusiko sailkapen saioa baino gehiago zirudien 125 cc-ko saioa; izan ere, atzeko gidariek ufakoa hartu ez zezaten aritu ziren gidariak.
Yamahak aho bete hortz utzi zituen motozaleak M1 motoarekin. Rossiren denbora zirkuituko errekorra baina gutxiago izan zen, baina kosta egin zitzaion Stonerri pole-a kentzea. Australiarrak hobetu zuen lehenik iazko pole-ko denbora, eta atzora arte bere gainean dauden usteak baieztatu zituen: alegia, ezustea eman dezakeela Ducatirekin. Lehen urtea du, baina Desmosedici moto erasokorrean hobeto moldatzen da Hondakoan baino. Azken itzulian hartu zion aurrea Rossik, gutxigatik izan bazen ere. Ondo aritzen da italiarra Losailen; Qatarko azken bi sari nagusiak irabazi ditu, eta atzo denboraldiko lehen karrera irabazteko moduan dela erakutsi zuen. Lasai hasi zen korritzen lehen itzulietan, baina bikain gidatu zuen, huts egin gabe. Gainera, gaurko pneumatiko onenak zeintzuk izan daitezkeen aukeratzen aritu zen, eta emaitzaren arabera bistan da asmatu duela. Atzokoa bere ibilbideko 36. pole-a du.
HONDA, ATZEAN. Hondak bigarren lerrotik atera beharko du gaur. Nicky Hayden atzean geratu zen atzo, eta asko hobetu beharko du titulua gorde nahi badu. Bederatzigarren izan zen. Hondarekin Toni Elias eta Dani Pedrosa izan ziren azkarrenak, eta eurekin batera John Hopkins aterako da bigarren lerrotik. 250 cc-koan eta125 cc-koan Apriliak bere nagusitasuna erakutsi zuen, eta lehen lerroak osorik hartu zituen.
Lehen lerroan, Yamaha
Rossik eta Edwardsek lehen lerroan hasiko dute gaur Qatarko Sari Nagusia, Stoner Ducatikoa inguratuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu