Lehen lerroaren atarian

Efren Vazquez laugarren postutik abiatuko da gaur Mugellon, Italiako Sari Nagusian

Efren Vazquez (Honda), atzo, Mugelloko zirkuituan, Italiako Sari Nagusiko sailkatze saioan. DAVID CLARES POZO.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Azken sailkatze saioekin alderatuta, jauzia eman zuen atzo Efren Vazquez gidari bilbotarrak (Honda), Mugelloko zirkuituan, Italiako Sari Nagusian. Gutxigatik ez zuen muturra sartu lehen lerroan. Azkenean, baina, laugarren denborarekin konformatu behar izan zuen. Halere, pozik zegoen egindakoarekin. «Argi dago laugarren izatea 14. edo 24. izatea baino hobea dela. Horrek lasaitasuna emango digu, ez baitugu arriskatu beharko lehen itzulietan».

Behin parrillan toki txukuna lortuta, ez dio ezeri uko egiten. «Lasterketa polit bat egiteko aukera asko ditugu. Gogorra izango da, eta bizi-bizi jokatu beharko dugu, baita burua hotza izanda ere. Irteeran aurrera egin beharko dugu, lehen taldetxoan sartzeko».

Espargaro eta Pedrosa

Beste bi mailatan, Herrialde Katalanetako gidariak izan ziren beste behin azkarrenak. Moto2n, Pol Espargarok lortu zuen pole-a, Marc Marquez herrikidearen (Suter) eta Johann Zarco frantziarraren aurretik (Motobi). Zarco, hala ere, 17. postutik abiatuko da gaur, epaileek zigorra jarri baitzioten saio libreetan Espargaro botatzeagatik. MotoGPn, berriz, Dani Pedrosa (Honda) izan zen azkarrena, Jorge Lorenzo balearraren (Yamaha) eta Hector Barbera valentziarraren aurretik (Ducati). 12:20an eta 14:00etan jokatuko dira Moto2ko eta MotoGPko lasterketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.