Espainiako Liga

Lehen Mailan lehiatuko diren lau euskal taldeek ekin diote sasoi-aurreari

Alaves hasi zen lehenengo, uztailaren 19an; aste bat geroago ekin zioten Athleticek eta Eibarrek, eta gaur Realaren txanda izan da. Bilbokoek eta Eibarkoek nobedade handirik gabe hasi dute denboraldi-aurrea. Ez, aldiz, donostiarrek eta gasteiztarrek; hainbat jokalari etorri dira taldera, eta beste hainbatek alde egin dute.

Alaveseko jokalariak denboraldi-aurreko lehenengo entrenamenduan. ALAVESFEM
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 2a
15:10
Entzun

Lehen Mailako lau euskal taldeetatik hiruk dute emakumezko bat entrenatzaile lanetan: Natalia Arroyo (Realean), Iraia Iturregi (Athleticen) eta Ana Junyent (Eibarren). Alavesek du gizonezko bakarra, Mikel Crespo. Denboraldiko lehenengo jardunaldia irailaren 4 edo 5ean hasiko da, eta hauek izango dira euskal taldeen partidak: Alaves-Betis, Eibar-Sevilla, Reala-Valentzia, eta Madril-Athletic.

Alaves

Joan den denboraldian azkeneko partidara arte ibili zen nor baino nor gehiago Osasunarekin, eta, ligako azkeneko norgehiagokan Atletico de Madrilen aurka lortu zuen garaipenari esker, Lehen Mailan ariko da datorren sasoian. Gasteiztarrak aurrenekoz egongo dira gorengo mailan, eta Mikel Crespo entrenatzaileak jarraituko du taldea gidatzen. Helburu argia izango du: mailari eustea.

Aldaketa ugari jasan ditu taldeak, eta ez da harritzekoa. Izan ere, mailaz igotzean, ohikoa da kanpoko jokalariak fitxatzea; taldearen maila hobetzeko. Etorri diren gehienak gazteak dira: Jana Xin atezaina (17 urte) Atletico Madrileko bigarren taldetik etorria; Sonia Garcia Majarin atzelaria (18 urte), Atletico Madrilek utzia; Nerea Nevado atzelaria (20 urte), Athleticek utzia; Garazi Facila hegaleko atzelaria (21 urte) eta Sara Carrillo aurrelaria, (18 urte) Osasunatik etorriak; Carla Armengol erdilaria (23 urte), Bartzelonatik etorria; eta Abdulai Mukarama aurrelaria (18 urte), AEBetatik heldua. Horietatik, soilik Nevadok eta Armengolek jokatu dute Lehen Mailan. Joan den sasoian Sevillan aritu zen Armengol, Bartzelonak utzita, eta hamasei partida jokatu zituen. Aurrelariak aurrerapauso bat eman dezake, eta aurreko jokalarien artean erreferente izan daiteke. Hari laguntzen, Marta San Adrian aurrelaria eta Ane Miren hegaleko aurrelaria egongo dira. Aurrelari donostiarrak 11 tanto eskuratu zituen Bigarren Mailan, eta maila horretako Ipar B multzoko golegile nagusia izan zen joan den denboraldian.

Atzeko lerroa indartzeko asmoz, eskarmentu handiko bi jokalari ere fitxatu dituzte arabarrek: Osinachi Ohale eta Cristina Auñon. Ohalek hamasei partida jokatu zituen joan den sasoian Madrilekin Lehen Mailan, eta 29 urte ditu nigeriarrak. Auñon eskuin hegaleko atzelariak 32 urte urte ditu, eta Rayo Vallecanon egon da azken 11 sasoitan. Ohalek eta Auñonek ez ezik, taldean dauden hainbatek ere eskarmentua dute gorengo mailan: hain justu, Itziar Gastearenak, Cristina Cornejok eta Alba Aznarrek. Crespo entrenatzailea esperientzia eta gaztetasuna uztartzen ahaleginduko da.

Zortzi jokalari etorri dira, eta beste zazpik, berriz, taldea utzi behar izan dute; denentzako tokirik ez baitago. Amancay Urbanik, Uxue Mendiak, Silvia Meridak, Silvia Ruizek, Erika Samirak, Minori Chibak, eta Maialen Martinezek ez dute Alavesen jarraituko. Martinezek, ez du segituko jokalari moduan, baina talde teknikoan egongo da datorren sasoian. Denboraldia prestatzeko bederatzi lagunarteko jokatuko ditu Alavesek; lehena uztailaren 31n izango da: Alaveseko jokalarien artean arituko dira, eta hurrengoa abuztuaren 4an izango da, Laurusen (Errioxako taldea) aurka.

Eibar

Eibarrentzat bigarren denboraldia izango da Lehen Mailan. Aurreko sasoian helburua aise bete zuten; hiru partidaren faltan lortu zuten mailari eustea, Logroñoren aurkako lehian. Eibar sendotasunez estreinatu zen gorengo mailan. Iker Dorronsororen taldea indartsu eta seguru aritu zen defentsan, eta kontraerasora azkar ateratzeko abilezia ere badutela erakutsi zuten jokalariek.

Bereziki, Thembi Kgatlanak egin zuen distira. Hegoafrikarra taldeko golegile nagusia izan zen, hamar golekin. Hori gutxi ez, eta goleko paseak ere eman zituen: zazpi guztira. Aurrelariak ez du taldean jarraituko, Atletico Madrilek fitxatu du, eta armaginek haren falta sumatuko dute. Kgatlanaz gain, beste lau jokalarik ez dute taldean jarraituko: Nerea Abancens Napo-k eta Esti Aizpuruak erretiroa hartu dute, eta Jujuba Cardozo eta Mar Torrasi kontratua amaitu zitzaien. Horiek utzitako hutsunea betetzera etorri dira Amaia Peña atezaina, Alejandra Bernabe ezker hegaleko atzelaria eta Elba Verges atzelaria. Peña eta Bernabe Athleticek eta Athletico Madrilek utzita etorri dira, hurrenez hurren. Vergesek, berriz, sasoi baterako sinatu du; Espanyoletik dator. Horiez gain, fitxaketa gehiago etorriko direla iragarri du aurkezpenaren prentsaurrekoan Eibarko entrenatzaile berriak: Ana Junyentek.

Kataluniako entrenatzaileak ordezkatuko du aulkian Dorronsoro. Junyent Bigarren Mailan egon da Bartzelonako Seagull taldean azken bi denboraldietan, eta jokalari ere izandakoa da Bartzelonan. Haren aurkezpeneko prentsaurrekoan adierazi zuen nolakoa nahi duen izatea Eibar: «Klubaren identitatea galdu gabe, nik emandako ñabardurak izango ditu taldeak». Ikusteko dago zer-nolako estiloa nahiko duen Junyentek, eta horretarako daude lagunartekoak; gauzak probatzeko eta ikusteko zerk funtzionatzen duen ondo eta zerk gaizki. Bost lagunarteko jokatuko dituzte; lehena, Osasunaren aurka, Zangozan (Nafarroa), abuztuaren 7an.

Ana Junyent, Eibarreko entrenatzaile berria, sasoi-aurreko lehenengo entrenamenduan. @SDEibar

Athletic

Athleticek azken denboraldiko akatsetatik ikasi eta hobetu nahiko du. Joan den sasoian bederatzi partida kateatu zituzten garaipena lortu gabe; beren historian inoizko boladarik txarrena izan zuten. Zuri-gorriak hamaikagarren postuan zeuden sailkapenean; jaitsiera postuetatik soilik lau puntutara. Bolada txar horrek eragin zuen Angel Villacampa entrenadorea kargutik kentzea. Iraia Iturregik hartu zuen haren lekukoa, Eguberrien ondoren. Athleticeko jokalari ohiak estreinako lehia galdu zuen arren, taldearen dinamika aldatzea lortu zuen, eta beste freskotasun bat eman zion taldeari: hamaikagarren postuan amaitu zuten liga, jaitsiera postuetatik urrun.

Bizkaitarrek berri handirik gabe hasi dute sasoi-aurrea. Taldearen bizkarrezurra mantendu dute, eta Lehen Mailan esperientzia duten hiru fitxaketa egin dituzte: Mariasun Quiñones atezaina eta Itxaso Uriarte erdilaria Realetik, eta Ainize Barea Peke aurrelaria Deportivotik. Harrobiko bi jokalariri ere lehen taldeko fitxa egin diete: Irene Ogiza erdilariari eta Leire Monente aurrelariari. Ogizak sei gol sartu zituen joan den denboraldian, eta, Lucia Garciaren atzetik, taldean gol gehien sartu zituen jokalaria izan zen. Horiez gain, harrobikoen aldeko apustua egin nahi du Iturregik; zortzi jokalariei eman die aukera denboraldi-aurrea lehenengo taldearekin egiteko. Klubera jokalari berriak etorri diren bezala, beste hainbat joan dira. Andene Leginak eta Leia Zaratek futbola utzi dute; Andrea Sierrak, Jone Ibañezek, Marta Pereak eta Maria Diazek ez dute kontratua berritu; eta Bibiane Schulze, Nerea Nevado eta Amaia Peña beste talde batera joan dira, utzita.

Iturregik, joan den astean egin zuen prentsaurrekoan, taldearen helburua finkatu zuen: jaitsiera postuetatik urrun egotea, eta, ahal bada, sailkapenaren erditik gora. Taldea «itxita» dagoela adierazi zuen bizkaitarrak: «Ondo indartu gara, eta talde lehiakorra osatu dugu». Zuri-gorriak, denboraldia prestatzeko asmoz, Osasunaren aurka ariko dira abuztuaren 10ean, Lerinen (Nafarroan).

Athleticeko jokalariak denboraldi-aurreko lehenengo entrenamenduan. @AthleticClubFem

Reala

Realak inoizko denboraldirik onena egin zuen: bosgarren postuan amaitu zuen sasoia. Txapeldunen Ligako lehen hiru postuetan sartzeko borrokan aritu zen denboraldian; nahiz eta bukaera aldera lehen hiru postu horietatik urrundu. Emaitza eta joko aldetik sasoi ezin hobea izan dena pixka bat zapuztu da, hamar jokalarik ez dutelako taldean jarraituko. Nahikari Garciak, Mariasun Quiñonesek, Itxaso Uriartek, Leire Bañosek, Nuria Mendozak, Kiana Palaciok, Barbara Latorrek, Lucia Rodriguezek, Maitane Lopezek eta Manu Lareok kluba utzi dute. Taldean ez jarraitzeko zenbait arrazoi egon dira; entrenatzailearekin izandako desadostasunak, klubak egindako kontratuaren eskaintzarekin konforme ez egotea, eta arrazoi pertsonalak, besteak beste.

Natalia Arroyok lanak izango ditu denboraldi-aurrean; taldea goitik behera aldatu da, eta hamar jokalari horien hutsunea betetzea ez da erraza izango. Izan ere, taldea utzi zutenetako askok hainbat urte zeramatzaten Realean: Itxasok, hamar; Bañosek eta Nahikarik, zortzi; Quiñonesek, zazpi; eta Mendozak eta Lareok, sei. Gainera, ez dira nolanahiko jokalariak, horietako bost talde indartsuetara joan dira; joan den sasoian lehen lau postuetan sailkatu ziren taldeetara, hain zuzen. Madrilera (Nahikari eta Lucia), Athletico Madrilera (Maitane Lopez eta Barbara Latorre), eta Levantera (Nuria Mendoza eta Leire Baños). Jokalariak ez ezik, talde teknikoa ere aldatu da: Iñaki Goikoetxea bigarren entrenatzaileak eta Ander Ruiz atezainen entrenatzaileak taldea utzi dute. Horien ordez, Eder Maestre eta Beñat Etxebeste egongo dira.

Inor ez da ezinbestekoa, eta horretarako etorri dira Iris Arnaiz, Clare Pleurer, Manuela Vanegas, Emma Ramirez, eta Allegra Poljak; Nahikarik eta enparauek utzi duten hutsunea betetzera. Atzeko lerroa indartzera etorri dira Arnais, Vanegas, eta Ramirez. Ez, ordea, Pleurer, eta Polja; erdian eta aurrean jokatzen baitute. Arnaiz jaitsi berri den Deportivotik etorri da, eta atzean zein euskarri moduan jokatu dezake; Pleurer estatubatuarra eta Poljak serbiarra Granadillatik datoz; Vanegas kolonbiarra, berriz, Espaynoletik etorri da; eta, azkenik, Ramirez sasoi baterako etorri da, Bartzelonak utzita. Horiez gain, Mirari Uria harrobiko aurrelariari lehen taldeko fitxa egin diote. Taldea ez dago itxia, eta litekeena da fitxaketa gehiago iragartzea datozen asteetan.

Nerea Eizagirrek, Amaiur Sarriegik eta Sanni Franssik sasoi ona burutu zuten; tolosarrak eta donostiarrak hamahiru gol zakuratu zituzten, eta finlandiarrak, 11. Haiek dira datorren denboraldian taldearen zama bizkarrean hartu beharko dutenak. Ikusteko dago talde txuri-urdina nola moldatuko den ligan; taldeak aldaketa ugari jasan ditu, eta pieza guztiak bat etortzen ahalegindu beharko du Arroyok. Horretarako daude lagunartekoak; lehena abuztuaren 14an eta 15ean izango da: txapelketa bat jokatuko dute Leonen, Madrilen, Real Madrilen eta Cacereñoren aurka.

Realeko jokalariak eta talde teknikoa denboraldi-aurreko lehendabiziko entrenamenduan. @realsociedadfem

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.