Eibarko erdigunean daukate elkartea Juan Luis Mardarasek (Eibar, Gipuzkoa, 1952) eta haren lagunek. Hantxe dago zain Eibarreko presidente ohia. Horman, Arrate eskubaloi taldearen argazki historiko bat dago, igoera bat lortu zutenekoa. Ekainean izango al dute aukera Eibarren argazki historikoa izan daitekeen hori ipintzeko, igoerarena?
Ipuruara urduri joaten hasi al zara?
Ez, ez. Oso lasai joaten naiz.
Balizko igoerak ez zaitu aztoratu, orduan?
11 partida falta dira oraindik, eta ikusi egin behar da zer gertatzen den. Poliki-poliki joan behar da. Esperientziak esaten dit hori.
Presidente zinen garaian agintarien palkoan gehiago sufritzen zenuen orain harmailan baino?
Bai, bai. Orain lasai egoten naiz partidak ikusten.
Zu presidente izan zinen garaian, gainera, ez jaisteko borrokan ibiltzen zen Eibar ia beti.
Beste urduritasun bat zen hura.
Noiz hasi zinen pentsatzen taldeak handiren bat egin zezakeela?
Huelvan irabazitakoan; pauso garrantzitsua izan zen hura.
Zergatik ari da talde hori halako denboraldi bikaina egiten?
Talde zaila da aurkarientzat. Asko kostatzen zaie Eibarri irabaztea. Hari ere kosta egiten zaio irabaztea, baina talde zaila da besteentzat.
Ezaugarri hori edukitzea funtsezkoa da edozein mailatan, baina Bigarren Mailan are garrantzitsuagoa, ezta?
Uste dut mailak behera egin duela. Etorri izan dira taldeak Ipuruara izar batzuekin, eta ez dute ezer egin; edo ez dira hain onak, edo ez diegu uzten, edo ez dira halako izarrak. Lehen ez zen horrela izaten; jokalari onek ez zuten orain bezala barkatzen.
Zergatik egin du behera taldeen mailak?
Garbi dago diru arazoek eragin itzela izan dutela. Aurrekontuetan alde handia dago oraindik taldeen artean, baina, zelaian, berdintasuna oso handia da.
Zenbateko eragina dauka Gaizka Garitano entrenatzaileak taldearen ibilbide bikain horretan?
Asko aldatu du jokatzeko era: ez galtzeko jokatu baino gehiago, irabazteko jokatzen du hark. Jokalariek bat egin dute ideia horrekin, eta gauzak ondo ari dira ateratzen.
Jokalari asko Bigarren B Mailako taldean ari ziren aurreko sasoian. Harrigarria da mailaz igo eta hain ondo jokatzen ibiltzea.
Datu hori hor dago, eta bistan da maila aldaketak ez duela eraginik izan haiengan. Oso talde landua da, eta jokalariek elkar ondo hartzen dute zelaian. Une oro, oso garbi dute zelaian zer egin behar duten. Lana, eraginkortasuna eta halakoetan ezinbestekoa den zorte on apur bat dira talde honen oinarriak, bakoitzaren kalitatea ere kontuan hartuta, noski.
Benetako aukera da zuretzat Eibar Lehen Mailara igotzea?
Oraintxe bertan, bai; eta, dudarik gabe, gainera, aurrenak goazelako eta gainerako taldeei aldea ateratzen diegulako.
Burutik askotan pasatu al zaizu igoera lortuko litzatekeen une jakin hori?
Imajinatu, askotan imajinatu izan dut, baina ametsetan. Ikusiko dugu ekainaren hasieran non gauden, liga bukatzeko gutxi falta denean. Hori bai, ziurtzat jotzen dut aurreneko seietan sailkatuko dela Eibar; igoerako kanporaketa jokatzea segurutzat daukat.
Azkenean igotzen bada, zer egingo du Juan Luis Mardaresek?
Herriari su emango diot, gutxienez [barrez].
Polita litzateke Ipuruan igotzea.
Bai, baina berdin zait. Joan behar den lekura joango gara.
Sarri joaten al zara Eibar etxetik kanpo ikustera?
Bai, nahiko sarri. Miranda de Ebrora joan nintzen lehengo asteburuan, eta Zaragozara, Mallorcara eta Coruñara joateko asmoa ere badaukat.
Zu presidente izan zinenean, bi bider ia-ia igo zen Eibar Lehen Mailara. Gogora etortzen ari zaizkizu orain garai haiek?
Zaila zen igotzea. Gu atzetik gindoazen, eta aurretik zihoazen taldeek etxean zuten azken partida bi denboraldi haietan; eta kontu horiek aurretik konpontzen dira.
Iruzurrak izan zirela diozu?
Ez. Etxean irabaztea baino ez zuten mailaz igotzeko, eta normalean, halakoetan, etxekoek irabazten dute. Besterik ez.
Igo ez izanaren arantza duzu?
Ez. Bagenekien zaila zela. Igotzea demaseko saria izango zen.
Orain ez igotzea zer litzateke?
Ezer ez. Denboraldi bikaina izango da igo ala ez.
Zelaiko lehia baino zailagoa izango da kapitala handitzea?
Injustizia handia da, lehenik eta behin. Eibar klub eredugarria da diru kontuetan, eta ez da bidezkoa lege absurdo bategatik horrela ibiltzea.
Kapitala handituko da azkenean?
Era batera edo bestera, baietz uste dut. Legearen barruan, betiere.
Zuzendaritzak laguntza eskatu dizu gai horretan?
Ez nago barruan, baina gertu, bai.
Zer aholku emango zenieke oraingoei, datorren denboraldiari begira?
Gure aurrekoek hasitako bidean segitzen du klubak. Igotzen bagara, hamar urterako dirua izango dugu, gutxienez. Burua ez da galdu behar. Eta ikasgaia ikasia dugu: 2005ean ia igo ginen, eta gero, hurrengo sasoian, jaitsi. Iparra ez da galdu behar; jakin zer garen, oinak lurrean eduki, eta datorren denboraldian hutsetik hasi. Uste dut zuzendaritzakoek ere garbi dutela zer egin.
Juan Luis Mardaras. Eibarreko presidente ohia
«Lehen Mailara igoz gero, beste hamar urterako dirua genuke»
Eibarreko presidente izan zen hamabost urtez Mardaras; Bigarren Mailan egon zen taldea haren agintaldi osoan. Zuhurtzia izan zuen oinarri, eta horretan segitzen du. Igo ala ez igo, klubak bideari eutsi behar diola uste du: «Burua galdu gabe, zer garen argi edukita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu