Lehen urratsa lan ituna lortzeko bidean

Espainiako Ohorezko Mailako Kluben Elkarteak eta Saskibaloi Jokalarien Elkarteak akordio bat sinatu dute Espainiako Ohorezko Mailako lan itunaren edukiari buruz. Sasoiak iraun bitartean, 16.000 euroko gutxieneko soldata ezarriko zaie jokalariei.

ARASKI-IDK.
Araskik eta IDK-k denboraldi honetan Mendizorrotzan jokatutako derbia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 6a
05:05
Entzun

Emakume kirolariak gero eta aldarrikapen sozial gehiago egiten ari dira. Pixkanaka, zaleen aitorpena biltzen ari dira, eta gero eta gehiago ateratzen dira hedabideetan. Hala ere, aitorpen hori ez da nahikoa. Oraindik ere ez baitituzte langile profesionaltzat hartzen. Gaur egun, Espainian, futboleko Lehen Maila da kirol profesional moduan aitortua dagoen bakarra. Horregatik, lan hitzarmena daukan emakumezkoen liga bakarra da. Bertan, jokalarientzako 21.000, 22.500 eta 23.500 euroko gutxieneko soldata adostu zen, aldagarri batzuekin, hurrengo hiru denboraldietarako. Orain, badirudi saskibaloiak gertu daukala bere lan hitzarmena. Espainiako Ohorezko Mailako Kluben Elkarteak eta Saskibaloi Jokalarien Elkarteak akordioa sinatu zuten ostegunean, Kirol Kontseilu Gorenean, Espainiako Ohorezko Mailako Hitzarmen Kolektiboaren edukiari buruz. Horrekin hasi nahi dituzte lan hitzarmena erregistratzeko legezko tramiteak. Hitzarmena lortzeko lehen urratsa izan da, eta bidea dute egiteko oraindik.

Liga garatzeko eta jokalarien baldintzak hobetzeko eta egonkortzeko funtsezko pausoetako bat da lan ituna. Emakumezkoen saskibaloiak urte asko egin ditu halako hitzarmen baten atzetik. Emakumezko Saskibaloiko Jokalarien Elkartea arduratu da urte horietan guztietan negoziazioak aurrera eramateaz, eta badirudi lanak emango dituela bere fruituak. Lan hitzarmenaren nondik norakoak adostu zituzten, eta hori sinatu dute oraingoz, ez lan ituna bera.

Sinatze ekitaldian egon ziren Carmen Muguruza, Espainiako Ohorezko Mailako Kluben Elkarteko presidentea –IDK-ko presidentea–; Lucila Pascua, Emakumezko Saskibaloi Jokalarien Elkarteko presidentea; Elisa Aguilar, Espainiako Saskibaloi Federazioko presidentea, eta Victor Francos, Kirol Kontseilu Goreneko presidentea. Muguruzak oso ontzat jo du lehen urratsa: «Profesionalizaziorako eta berdintasunerako lehen urratsa da. Hitzarmenak lan esparru seguru eta egonkorra ezartzen du jokalarientzat». Bide beretik jo zuen jokalarien ordezkari Pascuak ere: «Hau ez da helmuga. Elkarlan baten hasiera besterik ez da. Lehen harria jarri dugu gizon eta emakumeen artean berdintasuna egon dadin profesionaltasunaren bidean eta kirolean».

Espainiako Federazioak zabaldutako mezuaren arabera, lan itunaren bidez, 16.000 euroko gutxieneko soldata ezarriko zaie jokalariei denboraldiak iraun bitartean (zortzi bederatzi hilabete inguru), lanaldi osoan. Klubek eta jokalariek erabiliko dituzten kontratu ereduei buruzko nondik norakoak ere jasotzen dira bertan, eta berme handiagoak ziurtatzen dira oporrei, atsedenari eta jazarpenaren prebentzioari dagokienez. Dena dela, Ohorezko Mailako klub eta jokalariei soilik eragingo die hitzarmen horrek, baina, Muguruzak dioenez, ezin da horretan soilik gelditu. Beste urrats batzuk egin nahi dituzte: «Lehen urratsa besterik ez da, baina oso urrats garrantzitsua. Orain, beste pauso batzuk eman nahi ditugu, eta bide orri bat markatu dugu horretarako. Ez dadila hitzarmen horren sinadura hutsa izan». Hiru dira eskakizun nagusiak: «Lehenik, Espainiako Saskibaloi Federazioaren batzarrean ordezkaritza izan nahi dugu; ACB ligak badauka, baina emakumezkoen klubek ez daukagu ordezkaririk. Bestetik, federazioaren barruan egitura independente bat sortzea adostu dugu federazioarekin, eta bertan bi aldeen artean adostu nahi dugu nola izango den lehiaketa. Eta, azkenik, Kirol Kontseilu Gorenaren laguntza nahi dugu kluben egiturak hobetzeko; horrek hobekuntzak ekarriko dizkie jokalariei, eta klubek aukera izango dute jokalariak erakartzeko eta negozioa garatzeko».

Saskibaloian lan ituna iristen bada, ordea, ez da lehena izango. 2007an akordio bat lortu zuten lan hitzarmen bat egiteko. Indarrean jarri zuten, baina urtebete baino ez zuen iraun. Harrezkero, ez da berriro lortu kirolarien jarduera profesionala arautzen duen hitzarmenik sinatzea

Gaur egungo zailtasunak

Futbolean eman diren aurrerapausoak ispilu izan dira beste kirol diziplinetan, eta azken urtean bizkortu egin dira hitzarmen hori lortzeko negoziazioak. Saskibaloia ez da edozein kirol. Lizentziak ikusita, argi eta garbi ikusten da nolako garrantzia duen gaur egungo gizartean. Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Espainian lizentzia gehien duten kiroletan bigarrena da, futbolaren atzetik. 377.108 lizentzia zenbatu ziren guztira 2022an. Gainera, nesken artean lizentzia gehien izan zuen kirola da: 130.644. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, emakumezkoen lizentzia gehien duten kiroletan bigarrena da: 20.581 lizentzia ditu, mendiko kirolek baino 200 lizentzia inguru gutxiago. Baina hainbeste lizentzia izan arren, maila goreneko liga ez da kirol profesionaltzat jotzen. Hor dago arazo nagusia. Kirol profesionala ez denez, ez dute kotizazio zuzenik, eta, kirol ibilbidea amaitzen dutenean, ezer gutxi izaten dute. Horregatik da garrantzitsua emakumeen kasuan kirola egiten duten bitartean beste lanen baterako trebatzeak, nahiz eta haien ametsa saskibaloiari profesionalki ekitea izan. Jokalari gehienek unibertsitateko ikasketekin uztartzen dute saskibaloia.

Futbola eta saskibaloia alderatzea zaila da, ez baitaude maila berean. Alor ekonomikoan batez ere. Ligen eraketa ere desberdina da. Gizonezkoen futboleko Espainiako lehen bi mailak, emakumezkoen Lehen Maila eta gizonezkoen saskibaloiko lehen maila (ACB) pribatuak dira. Euren arauak dituzte. Saskibaloian, ordea, liga publikoak dira; Espainiako Saskibaloi Federazioak zuzentzen ditu. Espainiako Ohorezko Mailaren kasuan, talde batzuk gizonezkoen futbol edo saskibaloi klub baten barruan daude; esaterako, Valentzia, Bartzelona, Zaragoza edo Estudiantes. Badaude Avenida bezalako taldeak ere, hiriko edo autonomia erkidegoko talde nagusietako bat izaki, diru laguntza publiko dezente jasotzen dutenak. Klub horiek dira, ziur asko, Lan Hitzarmenari ondoen aurre egingo dieten klubak.

Baina badaude klub txikiagoak, harrobia lantzen dutenak, eta ekonomikoki gaitasun handirik gabeak. Halakoei ezinezkoa zaie jokalari bakoitzari 16.000ko soldata ordaintzea, kontuan hartuta klub batean dauden gastu guztiak: jokalariak, prestatzaile taldea, medikuak, instalazioak, bidaiak, materiala... Gastu horiei denei aurre egiteko beharrezkoak izango dira diru laguntza publikoak, klub apalagoek etorkizuna izan dezaten. Orain dela gutxi ikusi zen Clarinos Tenerifeko taldearekin. Zenbait jokalarik taldea utzi zuten ordainsaririk jasotzen ez zutelako, eta lehen taldean sei jokalari baino ez zutela amaitu zuten sasoia. Gazte mailako jokalariekin bete zituzten azken partidetako deialdiak. Ez da hori gertatu zaion klub bakarra, eta arrazoiak ere askotarikoak dira. Muguruzak, ordea, argi dauka nola jokatu beharko duten klubek: «Egungo baliabide ekonomikoekin, lehen urteetan klubek bestela banatu beharko dute jokalariengan inbertitzen duten dirua. Gaur egun, talde berean asko kobratzen duten jokalariak daude, eta oso gutxi kobratzen dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.