PILOTA

Lehengo lepotik du burua Binakako Txapelketak

Lehen ligaxkan aurreneko lau postuetan sailkatu ziren bikoteak ariko dira finalerdietako ligaxkan: Jaka eta Mariezkurrena II.a, Peio Etxeberria eta Zabaleta, Altuna III.a eta Martija, eta Artola eta Imaz. Asteburuan jokatuko dute lehen jardunaldia.

(ID_13643323) (Aritz Loiola/Argazki Press) 2024-02-25, Bilbo. Binakako Txapelketako kanporaketako azken partida jokatu dute Artola ...
Iñaki Artola, pilota jotzear, atzo, Bilbon, Peña II.aren eta Albisuren aurkako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 26a
05:00
Entzun

Ligaxkak lehenbizi, eta kanporaketek gero. Bi galbahe horiek egin dute euren lana: zehaztu dute zer lau bikote ariko diren Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan. Lehen ligaxkan aurreneko lau postuetan sailkatu ziren bikoteak lehiatuko dira: Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, Jokin Altuna eta Julen Martija, eta Iñaki Artola eta Ander Imaz. Hau da, enpresa bakoitzeko bi bikote ariko dira.

Bi bikote zuzenean sailkatu ziren aurreneko ligaxka amaitutakoan: Jaka eta Mariezkurrena II.a batetik, eta Peio Etxeberria eta Zabaleta bestetik. Baikokoak lehenak izan ziren, eta Aspekoak bigarrenak.

Altuna III.a eta Martija sailkatu ziren ondoren. 22-11 irabazi zieten Mikel Urrutikoetxeari eta Imazi joan den ostegunean, Tolosan (Gipuzkoa). Urrutikoetxeak Artola ordezkatu zuen partida horretan, alegiarra gastroenteritisak jota baitzegoen.

Osatu egin zen gero Artola, eta hark eta Imazek azken kanporaketa irabazi zieten Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu enpresakideei, igandean, Bilbon: 22-20 hartu zituzten mendean. Artolaren eta Imazena kemenaren garaipena izan zen, 12-19 joan baitziren galtzen, baina azken txanpan suspertu egin ziren, eta behetik gora eginda irabazi zuten.

Lau bikote sailkatuek asteburuan ekingo diote finalerdietako ligaxkari. Larunbatean, Baikoko pilotarien arteko partida izango da, Iruñean, Labriten (17:15, ETB1): Jakak eta Mariezkurrena II.ak Artolaren eta Imazen aurka jokatuko dute. Ligaxkan, bikote bakoitzak partida bat irabazi zuen euren arteko neurketetan: Jakak eta Mariezkurrena II.ak 22-5 irabazi zuten Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Artolak eta Imazek 22-18 Iruñean.

Igandean, berriz, Aspeko bi bikote ariko dira elkarren aurka Gasteizen, Ogetan (17:00, ETB1): Altuna III.a eta Martija Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra. Ligaxkan, behin neurtu zituzten indarrak, Gasteizen ere bai, eta Peio Etxeberria eta Zabaleta 22-19 nagusitu ziren. Lehen itzuliko neurketan, Danel Elezkanok ordezkatu zuen Altuna III.a, eta 22-9 galdu zuten Lizarran (Nafarroa).

B Seriekoa ere, zehaztuta

B Serieko binakakoan ere zehaztuta dago zer lau bikotek jokatuko duten finalerdietako ligaxka. Ostiralean jokatuko dituzte lehen jardunaldiko bi partidak, Orozkon (Bizkaia), 22:15ean (ETB1). Lehenbizi, Baikoko bi bikotek neurtuko dituzte indarrak: Asier Agirre eta Martxel Iztueta ariko dira Iker Larrazabalen eta Iosu Eskirozen aurka. Jarraian, Aspeko bi bikotek jokatuko dute: Julen Egigurenek eta Arkaitz Eskuzak Aingeru de la Fuenteren eta Iñigo Bikuñaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.