ESKUBALOIA. TUNISIAKO MUNDUKO TXAPELKETA

Lehia basamortuan

Munduko hogeita lau selekziorik onenak ariko dira gaurtik Tunisian; Kroazia, Frantzia, Danimarka eta Suedia dira faborito

Julen Etxeberria.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hogeita lau selekziorik onenak ariko dira, gaurtik otsailaren 6ra, Tunisiako Munduko Txapelketan. Lau multzotan banatuta, bakoitzeko lehen hiru sailkatuak azken ligaxkan sartuko dira.

- A MULTZOA. Danimarkaren eta Frantziaren artean erabakiko da multzoko lehen postua. Eskandinaviarrek oso talde indartsua eraman dute Tunisiara. Makuluak betikoak dira (indarra eta bizitasuna), eta bikainak horiek aurrera eramateko tresnak: Hvidt, Christiansen, Jorgensen, Jakobsen, Stryger, JeppesenÉ Azken orduko hutsune garrantzitsua dute (Boldsen erdikoa), baina badute horri aurre egiteko kalitatea. Helburua argia da: iaz Eslovenian Europako Txapelketan lortutako postua berriz eskuratzea (hirugarren izan ziren), eta ahal bada, goia jo eta txapeldun izan.

Frantziak azken urteetako bizkarrezurra du oraindik. Richardsonek, Dinartek, Burdetek, Guillaume Guillek, Abatik, Kervadecek, Karabaticek eta enparauek beste aukera bat izango dute: 2001ean Munduko Txapelketa etxean jokatu zutenetik, ez dira igo podiumeko maila gorenera. Richardsonek Frantziarekin jokatuko duen azken txapelketa izango da Tunisiakoa. Danimarkak eta Frantziak orain dela bi aste jokatu zuten elkarren aurka, Ivryn (Frantzia), eta etxekoek aise irabazi zuten: 32-23.Tunisia eta Grezia lehiatuko dira azken txartela lortzeko. Tunisiak etxean jokatuko du, eta horrek beti egiten du mesede. Afrikako txapeldunordeari, hala ere, bi jokalari oso garrantzitsu falta zaizkio: Sioud albokoa eta Ben Amor erdikoa, selekzioko bi jokalari onenak. Greziak Atenasko Olinpiar Jokoetan hasitako bideari eutsi nahi dio: ezustean, seigarren izan zen. Angolak eta Kanadak ez dute aukerarik, eta lan txukuna egiten saiatuko dira.

- B MULTZOA. Eslovenia da multzoko lehena izateko faboritoa. Europako txapeldunordeak apalgarri handi samarra hartu zuen Atenasen: azkenaurrena izan zen, faboritoetako bat izan arren. Hala, ondo ikasita joan dira Tunisiara. Celjeko jokalariak (iaz Europako txapeldun) dira berriz taldearen oinarri: Skof, Kozlina, Natek, Brumen, Rutenka, ZormanÉ Esloveniako harrobiak emandako azken harribitxia gehitu zaie: Gorenje Velenje taldeko Kavticnik.

Esloveniarrak, hala ere, ezin dira deskuidatu. Errusia prest dago atzaparkada egiteko. Errusiarrak erregularrak dira oso, eta beti jardun ohi dute ondo. Azken jauzia falta zaie, baina ari dira horretan, buru-belarri. Talde indartsua dute, nahasketa politarekin. Batetik, beteranoak daude, azeri zaharrak: Lavrov nekaezina (42 urte) da adibide garbiena. Bestetik, eskarmentu handiko jokalariak: Koktxarov eta Krivoshlikov, besteak beste. Azkenik, atzetik gogor bultzaka datorren belaunaldia dago: Bashkin, Gorbatikov, Kamanin, Egorov, Rastvortsev, Txipurin...Islandia eta Txekia ariko dira hirugarren postua lortzeko. Teorian, Islandiarentzat beharko luke (talde hobea du), baina azken txapelketa garrantzitsuetan pattal aritu da: 13.ak Europako Txapelketan, eta 9.ak Atenasen. Stefansson da liderra, baina Ciudad Realeko albokoa ez da bakarrik arituko, laguntzaile onak izango baititu ondoan: Sigurdsson, Geirsson, Jonson, Atlason... Txekiak, berriz, ez du izarrik, eta talde jokoa izango du ardatz. Azkenik, Aljeriak eta Kuwaitek apaingarri hutsak baino gehiago izan nahiko dute.

- C MULTZOA. Argi dago zeinek egingo duten aurrera: Kroaziak, Suediak eta Espainiak. Ordena bakarrik falta da erabakitzeko. Emaitzei begiratuta, Kroazia da faboritoa lehena izateko: munduko eta Olinpiar Jokoetako txapelduna da, eta faboritoa Tunisian txapela irabazteko. Lino Cervarrek konfiantza osoa du hain emaitza onak eman dizkion oinarriekin. Koktelak hiru osagai ditu: beteranoen eskarmentua eta gazteen bizitasuna eta ausardia. Kalitatea bermatuta dago; zerrendari begiratu besterik ez dago: Sola, Losert, Dzomba, Balic, Goluza, Metlicic...

Suediak eta Espainiak lehia gogorra izango dute bigarren izateko. Biek ala biek taldea eraberritu dute. Arraroa egingo da ez ikustea pistan Olsson, Wislander, Masip eta Duixebaev. Munstro batzuek jarraitzen dute jokatzen Lovgren, Svensson, Garralda eta Barrufetek, adibidez, baina gehienei iritsi zaie ordua agur esateko. Batzuek erretiroa hartu dute, eta beste batzuk euren taldeetan murgildu dira. Behi sakratuen agurrak, hala ere, ekarri du onurarik: gazteak ari dira erantzukizun handiagoa hartzen. Romero, Entrerrios anaiak eta Rocas Espainiako selekzioan, eta, Ahlm, Boquist, Andersson eta Kallman Suedian dira horren erakusle.Argentina apalago dago. Multzoko hiru handien aurka ezustea ematen saiatuko da, baina ez dirudi egiteko moduan denik. Goiz etorri zaio Munduko Txapelketa. Multzoko beste bi taldeek, Japoniak eta Australiak, aski egingo dute partida guztietan astindu ederra ez jasota.

- D MULTZOA. Alemaniak ere selekzioa eraberritu du. Heiner Branden taldeak ez du antzik Atenasen zilarra irabazi zuenarekin, eta gutxiago iaz Europako Txapelketa irabazi zuenarekin. Lesioak eta erretiroak direla medio, jokalari asko faltako da Tunisian: Kretzchmar, Fritz, Baur, Zerbe, Schwarzer, Stephan, Ramota, Dragunski, Immel, Petersen... Brandek oso talde gaztea egin du. Hens, Von Behren, Zeitz, Velyky eta Kehrmann izango dira bizkarrezurra, eta ondoan, etorkizuneko jokalariak izango dituzte: Glandorf, Preib, Schone, Bitter eta Grafenhorst, besteak beste. «Ezin dugu miraririk espero izan», aitortu du Brandek.

Alemaniak gertu izango ditu Serbia eta Norvegia. Serbiak lau urte daramatza podiuma izan gabe hirugarren izan zen 2001eko Munduko Txapelketan. Azken txapelketetan goian egoteko hautagaien artean izan da, baina gero kale egin du. Uste baino gehiago ari zaie kostatzen etorkizuneko talde bat osatzen. Talde polita egin du Veselin Vujovicek: Sterbik, Saric, Sudzum, Curuvija, Stojanovic, Nikolic eta enparauek soberan dute kalitatea. Norvegiak, berriz, txapelketa garrantzitsu bat jokatuko du aspaldiko partez. Norvegiatik kanpo aritzen diren jokalariek eramango dute jokoaren pisua: Ege, Erevik, Hagen, Lauritzen, Kjelling eta Riise, besteak beste.Egipto Afrikako txapeldunak ezustea eman zuen 2001eko Munduko Txapelketan (laugarren), eta Tunisian gauza bera egin nahi du. Oso zaila izango du, baina etxetik gertu jokatzeak mesede egin diezaioke. Brasil eta Qatar azkenak ez geratzeko egingo dute lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.