«Edozein zelaitan irabazteko gai gara». Markel Susaetak esana da. Ezin daiteke askoz gehiago gehitu. Urteak izango dira Athleticeko aldagelatik horren mezu baikorrak eta horren sarri igortzen ez direla. Izan ere, talde zuri-gorria bolada gozoan dago. Aspaldiko partez, gauzak argi ditu: jokalari bakoitzak badaki zer egin behar duen. Eta jakinekoa da jokalari guztien ekarpena behar dela talde oso bat izateko.
Athletici ezin zaio eskatu egiten ari den baino askoz gehiago. Eskatzen hasita, erasoan eraginkorrago izatea eta gol gutxiago jasotzea eskatu beharko litzaioke. Baina hori guztia egiteko gai balitz, txapelketa guztiak irabazteko lehian ibiliko litzateke. Ez da hori zuri-gorrien maila, eta, beraz, helburua ere ez. Punta-puntako taldeek egiten duten joko mailara ailegatu barik, behar ona egiten ari dira Joaquin Caparrosek zuzentzen dituen futbolariak. Oso ona. Horregatik kostatzen da horrenbeste sinestea zergatik damaratzan Bizkaiko taldeak lau hilabete etxetik kanpo irabazi barik: ia itzuli oso bat. Izan ere, Zaragozaren etxean, hau da, Romaredan irabazi zuen azken aldiz Athleticek zaleen babesetik urrun. Hain zuzen, Zaragozaren kontra jokatuko du Athleticek igandean San Mamesen.
Lau hilabete luze izan dira ondo jokatu, aukerak sortu, eta merezitako saririk eskuratu gabe. Ezin ligan etxetik kanpoko 300. garaipena eskuratu. Eta ez da samurra izango txapelketa amaitu bitartean San Mamesetik urrun jokatu beharreko neurketetan irabaztea. Arrazoi ezberdinak tarteko, gaitza da oso Valentzia, Osasuna eta Real Madril mendean hartzea. Ezinezkoa ez da, ordea. Mestalla zelai gaitza da edozein aurkarirentzat: sasoi honetan ere indartsu ari da Unai Emeryk entrenatutako taldea zaleen aurrean; bigarren itzulian, batez ere. Azken zortzi partidetan zazpi irabazi eta bat berdindu du. Racing izan zen puntu bat irabazteko zortea izan zuen talde bakarra.
Inor ez da harritu Valentziak erakutsi duen indarrarekin. Sasoia hasi aurretik espero zen lekuan dago: hirugarren, Real Madrilen eta Bartzelonaren atzetik. Beraz, lurtarren ligan lehen sailkatua da, Sevillaren aurretik. Ligan helburuak betetzen ari dela esan daiteke. Hala ere, ez dira gutxi entrenatzaile gipuzkoarraren lana ezbaian jartzen dutenak. Eta jokalariak ere badira. Emeryk futbolari askorekin izan ditu arazoak: Miguelekin, Joaquinekin, Villarekin eta Banegarekin, besteak beste, eta ez da gutxi. Betiko legez, arazo larrietan sartuta dago Valentzia, baina talde horren elastikoa janzten duten futbolariek badute gainerako taldeetan ohikoa ez den bertute bat: zelairatzen direnean, arazo guztiak ahaztu eta lan ona egiteko gai dira.
Zelai erditik aurrera jokatzen duten futbolarien magia da zuri-gorrien gaurko aurkariaren arma nagusia. Villaren gol senak eta Silvaren joko zehatz, azkar eta neurtuak Mataren, Joaquinen, Pablo Hernandezen eta Chori Dominguezen laguntza paregabea dute. Jokoaren arlo guztietan nabarmendu daitezkeen futbolariak dira. Jokatzeko edozein eratara egokitu daitezkeen izarrak. Baina, batez ere, abiadura da guztiek batera egiten duten jokoaren ezaugarri nagusia: azkar jokatzen ahalegintzen dira. Beraz, kontraerasoan jokatzeko aukera dutenean egiten dute minik handiena. Ez dute barkatzen.
Baina ez da Emeryk esku artean daukan baliabide bakarra. Txikiekin arrakastarik ez badauka, ligako aurrelaririk garaiena zelairatu eta jokatzeko era aldatzeko aukera dauka. Zigic aproposa da horretarako. Aukeratzeko emanez gero, San Josek eta Amorebietak gurago izango lukete erraldoi serbiarraren aurka lehiatu, txikiak zaindu behar izatea baino. Haien ezaugarriak aproposagoak dira mutil handiak zaintzeko. Baina Emeryk ere badaki hori. Villak eta Silvak atseden hartu zuten azken jardunaldian. Beraz, prest eta gogotsu egongo dira jokatzeko. Futbolari horiei erraztasunik ez emateko, zelai erdia indartuko du teknikari zuri-gorriak. Carlos Gurpegik utzi egingo du euskarria, eta hegalera bueltatu. Andosillakoaren lekuan Orbaiz zen aritzekoa, baina lesionatu egin zen, atzo, azkeneko lan saioan. Iturraspek jokatuko du, hortaz. Aurrean, berriz, Susaeta ariko da Llorenteren inguruan, Toquerok ere min hartu zuelako atzo. Caparrosek kontraerasoa baliatu gura du hiru puntuak irabazteko. Hartara, eibartarra alternatiba egokia izan daiteke horretarako.
Lehorte luzeegia
Athleticek, ondo jokatu duen arren, lau hilabete pasatxo daramatza etxetik kanpo partidarik irabazi gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu