Txirrindularitza

Leire Olaberriak Espainiako Federazioa salatu du, ama izateagatik "baztertu" egin dutela argudiatuta

Federazioko presidentea ere salatu du Ikaztegietako txirrindulariak. Federazioak ukatu egin du baztertu izana.

Unai Gomez. LEIRE OLABERRIA, SEMEA BESOETAN DUELA, EUKENE LARRARTEREKIN 2017KO ESPAINIAKO TXAPELKETA IRABAZI BERRITAN.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 28a
06:59
Entzun

Kirol Profesionaleko Emakumeen Elkarteak (AMDP) jakinarazi duenez, ama izateagatik diskriminatu egin dutela argudiatuta, Leire Olabarriak salaketa jarri zuen joan den astelehenean Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean. Espainiako Txirrindularitza Federazioaren aurka egin du, eta aldi berean, Nazioarteko Txirrindularitza Batasuneko (UCI) Etika Batzordera ere jo du, Jose Luis Lopez Cerron Espainiako Federazioko presidentearen aurka eginteko. "Diskriminazio horrek UCIren araudia hautsi" duela uste du Olabarriak.

Ikaztegietako txirrindulariak bere egoera salatzeko egin dituen bigarren eta hirugarren salaketa dira horiek. Izan ere, joan den otsailean Raul Mena Espainiako pistako hautatzailearen kontra ere egin zuen.

AMDPk babes osoa eskaini dio Olaberriari. Hala, Espainiako Federazioari eskatu zion esku har zezan. Federazioak erantzun egin dio jada, eta esan dio ez dagoela frogatuta ama izatea faktore erabakigarria izan denik hautatzaileak hartutako erabakian. AMDPren iritziz, "bitxia da ama moduan eskubideak exijitzeagatik selekzioak deitu izana, eta kontziliazio neurriak eskatu ondoren hastea arazoak".

Auzia iazko irailean hasi zen. Menak Olaberria deitu zuen Europako Txapelketa prestatzeko, Mallorcan (Herrialde Katalanak) egin beharreko egonaldi batera. "Baietz esan nion, nahiz eta haurrak bederatzi hilabete eskas zituen. Semea nirekin eraman nuen, eta gastu guztiak nire gain hartu nituen", azaldu zion Olaberriak BERRIAri joan den martxoan. Behin han, Federazioak esan zion txapelketara semearekin joan nahi bazuen, berak ordaindu beharko zuela zaintzailea. Aldi berean, Olaberriaren iritziz, "ordaintzen zaila" zen egutegia proposatu zioten. Hori ikusita, uko egin zion Europako Txapelketari.  

Ez zen izan tirabira bakarra. Izan ere, Menak Olaberriari proposatu zion madison proban Ane Iriarterekin lehiatzeko. Olaberria ez zegoen ados. "Itzuli nintzenetik proba hori Eukene Larrarte taldekidearekin korritzen nuen. Oso emaitza onak lortzen ari ginen Europako zirkuituan, eta esan nion harekin egin nahi nuela". Menak, ordea, ez zuen onartu, eta Iriarterekin entrenatzera behartu zuen. Ez zen ondo joan, eta Olaberriaren arabera, hautatzaileak berari bota zion errua. "Errebelde" izatea leporatu zion, eta "portaera txarra" izatea egotzita, selekziotik at utzi zuen.

Ordutik ez da lehiatu Espainiarekin, nahiz eta Olaberria saiatu den arazoari irtenbide ematen. Adibidez, prest azaldu zen gastu guztiak ordaintzeko joan zen azaroan Txileko Munduko Kopan aritzeko. Baina Menak ez zion utzi, UCI puntu nahikoa ez zituela argudiatuta. Saiatu zen hori ere lortzen, eta lehen mailako hainbat probatan lehiatu zen Europan Gipuzkoa-Ogiberri taldearekin. Hiru hilabetean selekzioko beste ziklistek adina puntu lortu zituen. Halere, Menak ez du inoiz deitu. Olabarria apirilean erretiratu zen, baina, bazterketa salatzeko borrokan segitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.