«Leitzan jokatzeak ez zidan mesederik egin»

Lau urte egin ditu Bengoetxeak finalik jokatu gabe, baina ez du presio handiagoa sumatu txapelketetan

Imanol Magro Eizmendi.
Barañain
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bengoetxea VI.ak lau urte zeramatzan finalik jokatu gabe, buruz buruko txapela jantzi zuenetik. «Ez dakit zehazki horren falta sumatzen nuen, baina asko betetzen gaituen zerbait da. Ez nintzen buru janean ibiltzen, hemen urte osoan lehiatzen garelako. Gainera, manomanistako hainbat finalerdi jokatu ditut, Olaizola II.a eta Irujoren aurka galduta, baina horiek pilotari bikainak dira, eta badakit gal dezakedala». Lau t'erdian, baina, desberdina zen, inoiz ez baitzuen bide luzerik egin, kaiolan nabarmentzeko dohainak izan arren. «Gustatzen zaidan modalitate bat da, baina ezin naiz itsutu galdu izanagatik. Presioa ez dut sumatzen, asko jota neure buruari ezartzen diodana».

Sufrituz iritsi da finalera. «Bai, baina hemen denok sufritzen dugu», nabarmendu du. Final-laurdenetatik aurrera ez du partida erosorik izan, eta asko egin du korrika. Bere defentsak zaleak harritu ditu. «Kilometro asko egitea ez da seinale ona, hobe daaurkariak egin ditzala. Baina tira, Olaizolaren aurka bai, baina beste partidetan ez dut uste aurkariek baino kilometro gehiago egin ditudanik». Sufrimenduak saria jaso du, egun batean ezik, finaleko aurkariarekin. «Aimarrek sasoi ikaragarria du, indar eta bular gehien duena da. Garaipen asko partida gogortuz lortzen ditu, eta une bat iristen da zuk baino puntu bat gehiago duena. Partida oso gogorra izan zen hura. Une bat izan nuen jota nengoena eta berak pasatu egin ninduen».

Txapelketa gogorra izan dapsikologikoki. «Partida batzuk izan nituen, Xala eta Iker Arretxeren aurka, irabazi nezakeela eta irabazi behar nuela uste nuena». Leitzakoa gogoratu du bereziki. «Asko sufritu nuen Xalaren aurka. Etxean jokatzeak ez zidan mesederik egin, partida berezia zen, ni jaio nintzen pilotalekuan, baina aspaldian han jokatu gabea nintzen... Partida gogorra izan zen». Irabazi zuenean sakon hartu zuen arnasa, eta zorion keinu agerikoa egin. «Bai, bai... poz handia bai, baina lasaitu galanta ere bai» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.