Beñat San Jose. Txileko Universidad Catolica taldeko entrenatzailea

«Lekua edozein izanda ere, gauzak ondo egitea da nire filosofia»

Saudi Arabiara joan zen duela bost urte Beñat San Jose. Kopa irabazi zuen han. Txilera joan zen gero, eta Boliviara ondoren, eta Bolivarrekin bi liga irabazi zituen. Txilera itzuliko da, talde historiko batera: Catolica.

Beñat San Jose Bolivarrekin irabazitako bi ligetako bat irabazi ondoren, koparekin eta dominarekin. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Nork esango zion Beñat San Joseri (Donostia, 1979) entrenatzaile titulua ateratzen hasi zenean, 2006an, orain Hego Amerikan sona handiko entrenatzailea izango zenik. Futbolaren jirabirak. Eta pertsonenak, hark dioen bezala, «pertsonak baikara futbolean gabiltzanak ere».

Universidad Catolica taldera joatea aurrerapauso handia da?

Bai. Bolivarreko esperientzia oso ona izan da. Han jarraituz gero, hirugarren aldiz liga irabazteko aukera izango nuen; inork inoiz egin gabea han. Gainera, Libertadores kopan aritzeko aukera ere banuen. Urte eta erdi egon naiz etxera etorri gabe, eta lagun handiak egin ditut. Arlo emozionalean ere kosta egin zait Bolivar uztea. Baina Catolica talde handia da, Txileko handienetan hirugarrena, eta Hego Amerikan, handienetakoa.

Profesionala zara, eta, azkenean, zeure buruari begiratu behar.

Leku guztietan da horrela, baita Saudi Arabian ere. Nahiz eta gugandik oso ezberdinak izan, erabat inplikatu izan naiz taldeetan, baita emozionalki ere. Taldearekin eta inguruko jendearekin. Pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera eman dit horrek.

Zertan inplikatu izan zara?

Egunerokoan, gizarteko ekintza asko egin ditut Txilen eta Bolivian. Zuzendaritzako kide batzuei ere lagundu izan diet arazo pertsonalen bat izan dutenean, nire etxeko ateak beti irekita egoten direlako. Harreman profesionalaz gain, elkar aberasteko aukera ikusten badut pertsona moduan, ireki egiten naiz. Horri esker, gizartean gehiago sartzen naiz, eta emozionalki lagun gehiago egiten ditut. Bolivian, adibidez, segituan joan nintzen etxe batera bizitzera, beste entrenatzaile asko hotelean denbora luzez bizitzen geratzen diren bitartean. Kalera ere asko ateratzen nintzen.

Futbola bai, baina horren gainetik pertsonak eta giza harremanak daude, ezta?

Gutxitan egin didate galdera hau, eta beti esan izan dut gauzak ondo doazenean mozorro bat sortzen dela ondo doan talde horren bueltan: jende gehiago joaten da entrenamenduak ikustera eta abar. Jokalarien eta entrenatzaileon atzean pertsona dago, eta, pertsona ondo badago, jokalari hobea izango da. Gauza bera gertatzen da zuzendaritzako kideekin. Hor ere pertsonak daude, eta gustatzen zait jendea pertsona gisa tratatzea beste ezeren gainetik.

Jarrera horrekin ibiltzea gauza bera da Saudi Arabian eta Bolivian, hain ezberdinak izanik?

Galdera funtsezkoa da, bi erantzun dituelako. Denok gara pertsonak, gure gorabeherekin, baina, aldi berean, ezberdinak gara lekuaren arabera. Saudi Arabian hizkuntza eta kultura zeharo ezberdinak dira. Ni atzerritarra nintzen han, eta atzerritarrak moldatu eta integratu egin behar du. Jendea ezagutzen hasten zarenean, ohartu izan naiz denak antzekoak garela. Bolivian, gizartean ezberdintasun handia dago aberatsen eta txiroen artean, baina konforme bizi dira, eta sekulako bizipoza daukate. Gu materialistagoak gara,

Euskal Herritik 2012an joan zen Beñat San Jose eta oraingoa oso desberdinak dira halako bizi esperientzien eraginez?

Aberatsagoa naiz pertsonalki. 2012an atera zen Beñat irekia zen, eta, horri esker, asko aberastu naiz pertsona gisa. Kontatzen hunkitu ere egiten naiz. Entrenatzaile gisa ere asko hobetu dut.

Jokalariengana eta zuzendariengana pertsona bezala gerturatzeko orduan, nolako eragina dute taldearen emaitzek?

Asko. Baina zintzoa izatea da gakoa. Taldea gaizki doanean beti esaten diet jokalariei asko balio dutela, eta, ondo doanean, ez harrotzeko. Orekan asko sinesten dut. Xabi Alonso oso laguna dut, eta asko erakutsi dit pertsona orekatua izatea zer den. Emaitzek asko baldintzatzen dituzte harremanak, baita kazetariekin ere. Azkenean, animoz nola gauden izaten da kontua, baina ezin gara egon emaitzen mende. Besteei «lurra mugitzen» bazaie, Bolivian esaten duten bezala, entrenatzaileak bere lekuan egon behar du.

Entrenatzaileak egunero ondo egon behar du emozio aldetik, orekan, baina jokalariak ez.

Jokalaria norbera da. Kapitainak izan daitezke ezberdinak, beste inplikazio bat dutelako taldearekin. Azkeneko txapelketan, Bolivarreko kapitaina izan zen Walter Flores eduki dut laguntzaile, hango futboleko historikoetako bat. Hark ezagutu zuen nolakoa naizen zelaitik kanpo, bulegoko lanean, eta harrituta geratu zen. Entrenatzen ari naizenean, beti indartsu eta baikor egoten naizela esan zidan, baina bulegoan beste modu batera ikusten ninduen: kezkak han azaltzen ditut, zalantzak, segurtasun falta eta abar; bulegoan dena jarri behar da zalantzan, baina zelaian, ideiak garbi eduki behar dira, eta energia handia ateratzea funtsezkoa da.

Jokalarien iritzia ez duzu aintzat hartzen?

Ez. Garai hauetan informazio asko dago gauza guztiez, eta beharrezkoa da feedback delakoa. Baina jakin egin behar zein jokalariri galdetu behar zaion zerbait, eta zeini ez. Haien iritzia kontuan hartzen bada, gehiago ematen dute zelaian, parte sentitzen dira, baina jakin egin behar da noiz galdetu.

Jokalarien aurrean zure okerrak onartzen dituzu?

Bai. Behin, partida baten lehen zatian gaizki atera zen dena, eta, atsedenaldian, nire erantzukizuna zela esan nien. Hala, eskatu nien beste modu batera jokatzeko, irabaziko genuela eta. Enpatia lortzen baduzu jokalariekin, gehiago emango dute, ikusten dutelako entrenatzailea beraiek bezalakoa dela. Hor ateratzen da pertsona, eta beraiek konturatzen dira aurrean duten entrenatzailea ere pertsona dela.

Beste batzuen araberan, jokalariei ez zaie ezer eman behar, eskua eskaini eta besoa hartzen dutelako. Zer diozu zuk?

Hala gertatu izan da askotan. Baina bi gauza dira oinarrizkoak: batetik, transmisioa, ondo iritsi behar duelako mezuak jokalariengana; bestetik, zuk marra batzuk jarri behar dituzu, jokalarien ekintzak eta jarrerak hortik pasa ez daitezen. Hori jokalariek antzeman behar dute zuk esan gabe, eguneroko lanean ikusten dutenaren baitan, transmisioaren bidez. Pasatzen duenak badaki gutxienez solasaldi bat izango duela nirekin.

Entrenatzailea, edonon, beti dago emaitzen mende?

Bai. Baina hortik harago, nik lan egiteko moduan sinesten dut, norberaren gaitasunetan, jendeari zor zaion errespetuan eta norberaren lanaren kalitatean. Gero, jakina, emaitzak dira denaren eragile. Ederki esaten du Jorge Sampaolik: «Nire kontratua lehen lau partidetarakoa da. Galtzen baditut, kalera noa».

Catolican Bolivarren baino arrisku handiagoa daukazu lehen lau partida horietan?

Ez dut uste. Bolivar oso zaila zen, irabazteko eta ondo jokatzeko presio handia dagoelako han. Catolican ere bai, baina beste filosofia bat dago. Denboraldi bakarrean ez dituzte bi liga egingo, eta tarte gehiago dugu.

Zergatik erabaki zenuen Saudi Arabiara joatea duela bost urte?

Jokalari profesionalekin egon nahi nuen. Realean nenbilen, nire ametsa betetzen. Partida bakoitzaren aurretik, etxean ispiluan neure buruari begiratzen nion, Realeko txandala jantzita; niretzat dena zen. Ondo baloratzen ninduten, eta asko eskertzen diet hori Luki Iriarteri eta Bittor Alkizari, orduko harrobiko zuzendari zenari. Beheko mailetan aritzeko eta segitzeko ikusten ninduten, baina bazekiten nire nahia profesionalekin aritzea zela. Saudi Arabiako aukera jaso, eta ulertu ninduten. Asko ikasi nuen Zubietan lanean, eta haiei eskerrak baino ez dizkiet eman behar. Kadeteekin nengoen orduan, eta talde hartan ziren, besteak beste, Mikel Oiarzabal eta Igor Zubeldia.

Hara lan baterako joan, eta beste batean bukatu zenuen.

Al-Ittihadek fitxatu ninduen, bigarren talderako, baina, handik hilabete batzuetara, lehen taldean nintzen, entrenatzailea bota egin zutelako. Hasieran, partida bat zuzentzeko zela esan zidaten. Gauzak zer diren.

Futbolak badu zorte puntu hori.

Bai, baina norberak ere sortu behar ditu bere aukerak. 33 urterekin egin nuen debuta Lehen Mailan, eta Kopa irabazi nuen. Ni naiz Europako futbolaren historian inoiz izan den entrenatzaile gazteena bere herrialdetik kanpo txapelketa bat irabazten. Beti izan dut buruan entrenatzaile profesionala izatea, eta asko ikasi dut nire kontura eta ikastaroetan.

Catolicarena da Europan entrenatzeko atea?

Ez dut horretan pentsatzen. Zauden lekuan gauzak ondo egin behar dira, eta kontratua egin dizun horri ondo erantzun behar zaio. Europan aritzeko asko jan behar da lehenago, eta gero gerokoak. Erronkak leku guztietan ditugu entrenatzaileok, maila eta adin guztietan. Presioa izaten dugu, eta fisikoki sentitu egin dut presio hori: finalak zelaiak beteta, azken unean Boliviako txapelketa galtzea... Baina futbola eta pertsonak gara, han eta hemen.

Presioa jasaten ikasi egiten da?

Ilusioarekin lortzen da hori. Egoera zailean egonda taldea, ez da bakarrik pentsatu behar emaitzan. Pentsatu izan dut Euskal Herrira itzuliko naizela, familia hemen dudala, eta beste erronka batzuk ere edukiko ditudala hemen. Momentuan energia handiagoa ematen dute pentsamendu horiek.

Nola gustatzen zaizu jokatzea?

Gustatzen zait taldearen ezaugarri onenak ateratzea, eta, batez ere, talde osoak parte hartzea erasoan eta defentsan. Erabat betetzen nau horrek. Gero, baloia ondo erabiltzea nahi izaten dut, baina ez edukitzeagatik edukitzea. Irabaztera jokatzea gustatzen zait. Ez zait gustatzen, aldiz,ezaugarri jakin batzuen barruan ibiltzea, nahiago dut daukadan horretara moldatu.

Talde izaera hori ezartzea kosta egin zitzaizun Saudi Arabian, Txilen eta Bolivian, oso bakarkako jokalariak direlako?

Batez ere anarkikoak dira, fisikoki indartsuak eta teknika oso onekoak. Taktikoki dituzte oker gehiago, taldeak hausten dira,eta hor egin behar da lana. Erronka izan da talde izaera ematea beren erasoko ezaugarriak galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.