Aspaldiko partez, krisialdian dago Osasuna. Azaro beltza izan zuen, eta, abenduko lehen neurketa galdu ostean, alarma hotsa entzuten hasi da. Arazo nagusia, beheraldi orotan gertatzen den bezala, emaitzak dira: puntu bat baino ez du bildu azken bost partidetan. Egutegia ez da edonolakoa izan Atletico, Sevilla eta Bartzelona izan ditu aurkari, besteak beste—, baina, halere, uzta eskasegia da azken bi sasoietan helburuak aise bete dituen Nafarroako taldearentzat. Orain, ordea, jaitsiera postuetan dago, eta noraezean jokoari dagokionez: Jagoba Arrasaterekin bereak zituen distira eta lehiakortasuna galdu ditu. Hori horrela, ipar egokia finkatu eta lema biratu beharra du teknikari bizkaitarrak, gorritxoak ur harroetan hondoratzen hasi baitira.
ESTILO BERRIA, EZBAIAN
Nafarrak ez dira zelaian gozatzen ari. Arrasatek moldatu egin du jokamoldea, eskuragarri dituen jokalarietara egokitzeko, eta aldaketak ez dio onik egin taldeari. Lehen bertikala eta elektrikoa zen estiloa lakarra eta aurreikusten erraza da orain. Jokatzeko moduan dauden aurrelari gehienak garaiak eta sendoak dira, eta, hori baliatu nahian, baloiak behin eta berriro luze jokatzea bihurtu da Osasunaren argudio nagusia. Oraintxe, ligan baloiaren jabetza gutxien duten taldeetan laugarrena da —%44, batez beste—, eta pase on gutxien egiten duten—%68,2an asmatzen du bakarrik— eta pase luze gehien egiten dutenetan hirugarrena —80 partidako—. Beste talde batzuei balio die horrela jokatzeak, baina gorritxoei, oraingoz, ez.
IKURRAK, MAKUR
Taldeak, zenbaitetan, ez du jakin zertan jokatu. Erabatekoa izan da argitasun falta. Ikurretako batzuk ez dira nahi bezala egokitu jokatzeko era berrira, eta, gainera, galdu egin dute aurreko sasoietan zuten txinparta. Eraginik izan du, ziurrenik, liga hasi aurretik atseden hartzeko izan duten tarte laburrak. Kontua da beren maila onenetik urrun dabiltzala Roberto Torres, Ruben Garcia eta Nacho Vidal. Haien ekarpena funtsezkoa da erasoko jokoari zentzua emateko, eta, makal dabiltzanez, sormen aldetik gabezia handiak ari da izaten taldea. Bederen, Rubenek bi gol sartu ditu; alta, urriaren 24an egin zuen azkena, Athleticen aurka, Osasunak orain arte irabazi duen azken norgehiagokan.
AURRELARIAK, IDOR
Bi ale horiekin, valentziarra da taldeko golegile nagusia. Datu horrek zalantzan jartzen du aurrelarien jarduna. Haien artean, gol bakarra sartuak dira Adrian, Calleri eta Budimir, eta alerik oraindik ez du zakuratu Gallegok. Budimir ari da izaten arriskutsuena: gola sartu zuen elastiko gorritxoa aurrenekoz jantzi eta berehala, Atletico Madrilen aurka, eta beste bi gol sartu ditu geroztik, baina biak ere baliogabe gelditu dira. Gallego, berriz, langile dabil, baina izerdiaz gain, golak ere eskatu behar zaizkio bi milioi euro balio izan dituen aurrelari bati—guztira 4,5 milioi izan daitezke etorkizunean zenbait baldintza betetzen badira—. Gauzak hala, Osasuna orain arte gol gutxien egin duen taldea da (zortzi), Eibarrekin batera.
LESIOEN ZAMA
Beheraldiaren analisia egitean, ezin daiteke ahaztu nafarrak lesioekin izaten ari diren zorte txarra. Chimy Avilak, taldearen erreferente izan beharko zuenak, belauna bigarrenez apurtu zuen sasoia abiatu aurretik, eta hortik aurrera, hainbat taldekide batu zaizkio erizaindegian. Aridanek eta Callerik ere belauneko lesioak izan dituzte, horren larriak izan ez badira ere, eta giharretan min hartu dute, besteak beste, Torresek, Torrok, Adrianek eta Jonyk. Brasanac, bestalde, sorbaldan egindako ebakuntzatik osatu da, eta Budimir ere nahi baino beranduago sartu zen taldearen dinamikan, COVID-19an positibo eman eta gero.
URTE AMAIERAKO FINALAK
Jokoa eta golak ez ezik, tarteka lehiatzeko gaitasuna ere falta izan zaio Osasunari; besteak beste, Levante eta Bartzelonaren aurka, edo Huescaren kontrako lehen zatian. Arrasate zalantzati dabil, eta oraindik ez du hamaikakorik errepikatu. Zernahi ere, konfiantza osoa izan behar da bizkaitarrarengan. Aurrez ere asmatu du taldea une zailetatik ateratzen, eta beste horrenbeste egiten saiatuko da urtea amaitu aurretik gelditzen diren partidetan. Final kutsua izango dute Valladolid, Vila-real, Elx eta Alavesen kontrako lehiek.
Lema biratu beharrean
Jagoba Arrasateren aroko garairik zailenean dago Osasuna. Kezka iturri dira emaitzak, baita taldearen jokoa ere. Kale edo bale egin behar du abenduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu