Lemoa indartsu dago

Bizkaiko taldeko hiru bikotek, Iparraldeko bik eta Irurtzungo batek egin dute aurrera BERRIA Txapelketan

Patxi Etxegarai, Iparraldeko taldeko kadete mailako aurrelaria, pilota astintzeko zorian. SYLVAIN SENCRISTO.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lemoako taldeak serio ekin dio BERRIA Txapelketari. Iragan ostiralean bigarren kanporaketako partidak jokatu zituen Zestoan, eta hirurak irabazi zituen. Zerrendaburu zergatik den erakutsi zuen, eta ordezkaririk gabe utzi zituen Lea Ibarra (Munitibar) eta Txukun Lakua (Gasteiz). Igandean beste kanporaketa bat jokatu zen, Hendaian, Iparralde eta Irurtzunen artean, eta Ipar Euskal Herriko selekzioak ustekabekoa eman zuen, lehen bi partidak irabaziz. Bi kanporaketetan aurrera egin duten bikoteek final-laurdenetan egingo dute topo, ekainaren 1eko asteburuan.

KADETEAK (ZESTOA)
Aurrekoetxea-Martitegi (Lemoa) 22. Estrada-Muruaga (Lea Ibarra) 16.


Kadete mailako partida izan zen Zestoako onena. Han baturiko ehun pilotazale inguruk lehia polita ikusi zuten. 68 minutuko partida izan zen, ezohiko iraupena adin horretako pilotarien artean. Hasiera orekatua izen zen (7-5 eta 12-8), baina apurka Lemoako bikoteak tartea ireki zuen (18-10). Lea Ibarra gerturatu zen (21-16), baina aurkarien aldea handiegia zen. Mikel Aurrekoetxea aurrelaria izan zen laukoteko onena.

KADETEAK (HENDAIA)
Etxegarai-Azarate (Iparralde) 22. Beraza-De la Cruz (Irurtzun) 17.


Hendaiako jaialdia ezustekoarekin hasi zen. BERRIA Txapelketako aurreko aldietan Iparraldeko kadeteek garesti ordaindu izan dute eskarmentu falta, baina aurten ez da hala izan. Partidaren hasiera gogorra izan zen (14-14), baina hortik aurrera etxekoak nagusitu ziren (15-21). Nafarrak ez ziren ondo aritu, eta hori ondo baliatu zuen Patxi Etxegaraik hamabi tanto egiteko.

GAZTEAK (ZESTOA)
Gisasola-Etxeberria (Lemoa) 22. Muñozguren-Uriondo (Lea Ibarra) 13.


Lemoako bigarren partidan ez zen orekarik egon, eta amaierako emaitzak ez du lehia ondo islatzen. Irabazleak 20-4 aurreratu ziren, eta gehiegi erlaxatu ziren gero. Ioritz Gisasola aurrelariak min egin zuen saketik, eta Oier Etxeberria atzelaria nagusitu zen pilotari ematen. Nabarmentzekoa ez zuela huts bakar bat ere egin. Lea Ibarrak bukaeran atondu zuen emaitza, 9-2ko partzialarekin.

GAZTEAK (HENDAIA)
Alkasena-Mendi (Iparralde) 22. Zudaire-Mariezkurrena (Irurtzun) 11.


Hendaiako ezkerparetak zoru oso bizia du, eta pilota biziak erabiliz gero, zaila da han moldatzea. Gazte mailako partidan Iparraldekoak hobeto egokitu ziren baldintza horietara, eta partida luzatu ahala aldea handituz joan ziren (4-4, 7-12 eta 10-16). Xabi Mendi atzelariak ondo eutsi zion Iker Mariezkurrenaren kolpeari, eta aurrean Xabi Alkasena gehiago izan zen. 11 tanto egin zituen guztira, lau saketik.

NAGUSIAK (ZESTOA)
Arrese-Galarza (Erreka) 22. Mendinueta-Perez (Txukun Lakua) 8.


Nagusi mailako partidan ez zen egon espero zen orekarik, hein handi batean Miguel Perez Txukun Lakuako atzelaria ez zelako ondo aritu. Sei huts egin zituen, eta ezinean aritu zen Xabi Galarza profesional ohiaren aurka. Imanol Arresek —13 tanto guztira— partida amaiera ona egin zuen, eta irabazleek jarraian egin zituzten azken hamabi tantoak: 10-8tik 22-8ra.

NAGUSIAK (HENDAIA)
Bilbao-Agerre (Iparralde) 8. Ongai-Mitxelena (Irurtzun) 22.


Zestoan pasatu bezala, Hendaiako nagusi mailako partidan ez zen egon espero zitekeen orekarik (4-4, 5-12 eta 6-15). Irurtzungo bikoteak itxura askoz sendoagoa eman zuen. Alberto Ongaik min handia egin zuen saketik, eta Beñat Mitxelena nagusitu zen pilotari ematen. Galtzaileen aldetik, Damien Agerre ezin jarrita ibili zen, eta Bixintxo Bilbaok haizea aurka zuela jokatu zuen partida guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.