Itxako 22. Oltchim Valcea 25

Lezio ona izan daiteke

Oltchim gehiago izan da bigarren zatian, eta Itxakok Txapeldunen Ligako ligaxkako lehen partida galdu du

Macarena Aguilar, Itxakokoa, Oltchimeko bi jokalariren artean atera jaurtitzen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Asfi Itxako.Navarro, Barn, Zulai (1), Pinedo (2), Martin (5), Barbosa (5) eta Zebic (2)—hasierako zazpikoa— Milenkovic (o.a.), Aguilar (5), Egozkue, Tervel, Alonso, Pena (2) eta Fernandez.

Oltchim Valcea. Tolnai, Managarova (1), Stanca, Ardean (4), Chirila, Jovanovic (2) Bradeanu—hasierako zazpikoa— Kenzovic (o.a.), Kurea (1), Nechita (3), Fiera (2), Vetkova, Manea (5), Ozel (4) etaVizitiu (3).

Markagailua. 1-1, 4-2, 7-3, 9-7, 11-9, 12-10 (atsed.); 14-11, 15-15, 18-18, 19-21, 20-23, 22-25.

Epaileak. Pandzic eta Mosorinski (Serbia). Itxakoko Martin eta Pinedo bi minutuz egotzi zituzten, eta Oltchimko Manea (bi aldiz) eta Bradeanu.

Bestelakoak. 900 ikusle Lizarreriko harmailetan. Giro bikaina.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik. Ez jokalariek, ez teknikariek. Txapeldunen Liga da, eta txapelketa nagusian ezer ez da erraza. Ez dago oparirik, ezta aurkari erosorik ere. Itxakok ligaxkako lehen partida galdu zuen atzo, Oltchimen aurka, baina oraindik bizi-bizirik ditu aurrera egiteko aukerak. Errumaniakoa multzoko beste talde indartsua da, eta Itxakok atzetik dituen taldeen aurkako partidak irabaztearekin aski du final-laurdenetara sailkatzeko.

Itxakok burumakur amaitu zuen partida Lizarreria bete zuten zaleen txalo artean. Triste, baina jakintsuago, Oltchimek lezio garrantzitsua irakatsi ziolako. Talde handien arteko partidak estuak dira, azken minutuetan erabakitzen dira, eta egoera horretan burua bere tokian izaten jakin behar da. Behar zenean Oltchimek gogorrago jokatu zuen. Itxako, eta bide batez Barbosa, estu lotu zituen, eta apurka gora egin zuen. Bigarren zatiko partziala 10-15 izan zen, eta kanpokoek merezita irabazi zuten.

Multzoko bi talde onenek neurtu zituzten indarrak Lizarrerian. Ezin da ahaztu Oltchim Errumaniako selekzioa dela, Europako azken txapelketan hirugarren sailkatu zena. Hasierako zalantzen ondoren —lau minutu behar izan ziren lehen gola ikusteko—Itxakok hobeto ekin zion partidari. Barbosak libre jokatzea lortu zuen, eta etxekoek aterako bidea aurkitu zuten. Atepean Navarrok inspirazio uneak bizi zituen, eta ikusleak gozatzen ari ziren (7-3, 15. min.). Oreka falta sentsazio irreala zen, Oltchim erakusten ari zena baino gehiago zelako. Errumaniarrek minutu batzuk behar izan zituzten suspertzeko, eta atsedenaldirako tartea murriztua zuten (12-10). Aurkaria gora zetorren, eta oraindik lan asko zegoen egiteko.

Bigarren zatiaren lehen minutuetan Itxakoren itxaropena puztu egin zen, jarraian lorturiko bi goli esker errenta handitu zuelako (14-10). Lizarreriako harmailak zutik jarri ziren une batzuetan. Oltchimek, baina, ez zuen amore eman, eta Txapeldunen Ligako errealitate gordina nolakoa den erakutsi zion Itxakori. Defentsa eta faltak gogortu zituzten. Asko. Epaileek onartu zuten, eta kanpokoek 1-5eko partzialarekin orekatu zuten partida (15-15, 45. min.). Itxakok behera egin zuen azken minutuetan, eta Oltchimek, gora. Minutuak aurka zituzten nafarrek, eta aldea handitu zen, irabaztea ezinezko bihurtu arte.

Bera Berak, berdindu

Bera Berak puntu bati ihes egiten utzi zion atzo Cleba Leonen etxean, ABF Ligako partidan. Donostiarrek 24na berdindu zuten, eta hirugarren postutik laugarrenera jaitsi ziren Murtziak bere partida irabazi zuelako. Kukullagak, berriz, bururik altxa gabe jarraitzen du. Bost partida jokatu, eta bostak galdu ditu; atzo Elxen33-20. Elx talde indartsua da, eta aldea agerian gelditu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.