Reala 1-0 Elx

Lidergoa puntu bakarrera du Realak

Txuri-urdinek Elx hartu dute mendean gaur Anoetan, Oiartzabalen gol bati esker. Aukera gehiago izan dituzte etxekoek, baina kosta egin zaie gola sartzea.

Mikel Oiartzabal, gaur, garaipenaren gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 26a
21:42
Entzun

Realaren gainetik Real Madril soilik dago uneotan Espainiako Ligako sailkapenean. Imanol Alguacilen taldeak denboraldiko lehen neurketa galdu egin zuen, baina ibilbide bikaina egin du ordutik: bost garaipen eta berdinketa bat lortu ditu ordutik. Hiru norgehiagoka jokatu ditu azken astean, eta zazpi puntu poltsikoratu. Gaurkoan Elx izan da biktima.

Valentziako taldeak ondo eutsi dio Realaren joari ia neurketa osoan. Baloi jabetza etxekoena izan da, gol aukerarik onenak ere bai, baina bat berak ere ez du sarean amaitu 80. minutura arte. Aukerarik argienak izan dituzten jokalarien artean aipatzekoa da gaur lehen aldiz hasieratik jokatu duen Julen Lobete aurrelaria; harrobiko jokalari lezoarrak lan bikaina egin du, baina ez du asmatu azken jaurtiketetan.

Bestetik, azpimarratzekoa da Alex Remiro atepera itzuli dela gaur (Ryanek jokatu zuen Granadan). Erabakigarria izan da, gainera, atezaina: Piattiri 72. minutuan sekulako geldiketa egin dio.

Azkenean, asmatu duena, betikoa: Mikel Oiartzabal. Baloi luze batean sekulako oparia egin dio Enzo Roco atzelariak, eta ezin hobeto baliatu du Realako kapitainak. Baloia lurrera jaitsi du, atezainari izkin egin dio, eta baloia bultza besterik ez du egin behar izan. Jada ohikoa bilakatu den moduan, armarria musukatuz eta Aitor Zabaleta Harmailari begira oihuka ospatu du Oiartzabalek.

Gauzak hala, txuri-urdinek hamasei puntu dituzte, eta sailkapeneko bigarren postuan dira. Min hartuta jokalaria mordoa ditu Alguacilek, baina ez dirudi aitzakia horrek taldea kikiltzen duenik.

Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen (Cristo, 73'); Turrientes (Gebara, 83'), Zubimendi, Merino (Elustondo, 89'); Oiartzabal (Valera, 83'), Januzaj (Portu, 73') eta Lobete.

Elx: Casilla; Palacios, Roco, Gonzalez, Mojica; Mascarell, Guti (Gumbau, 66'), Fidel (Pastore, 86'); Piatti (Milla, 76'), Lucas Perez (Carrillo, 66') eta Benedetto (Tete Morente, 76').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.