Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Liderraren kalera, nabarmen

Vincenzo Nibalik izugarri sufritu du, berriz ere, Peña Cabargan gora, eta hiru segundo eskasera gerturatu zaio Chris HornerVasil Kiryienkak dotore irabazi du etapa, ihesaldian sartu eta indarrak ondo neurtuta

Liderraren kalera, nabarmen.
unai zubeldia
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Elkarri pedalak ukituz doaz Vincenzo Nibali (Astana) eta Chris Horner (RadioShack). GPSak eman beharko du norabideen berri, baina estatubatuarra italiarraren kalean sartzen ari dela ematen du. Nabarmen. Epaileak hobe du bien tartean sartzea, biak zalapartan hastea nahi ez badu, behintzat. Olatu bat. Ur bidoi bat. Bihurgune txar bat. Askoz gehiago ez dago bien artean. Eta azken txanpa luzea falta da oraindik helmugara iristeko. Madrilen dago baliza jarrita. Baina giro gaiztoa dago iragarrita hurrengo egunetarako; biharko, batez ere. Euripean eta Angliruko pareta parean, zulo-zuloan geratzeko arriskua izango du batek baino gehiagok.

Lehen kaletik doa Nibali, eta zale guztiek dakite zenbateko kontraolatua izaten den kale horretan; liderraren maillota jantzi eta presioa kudeatu behar. Ito antzean doa, jada, Astanakoa. Jarri zen olatuaren gainean, hartu zituen bizpahiru txanpa on; baina kalea dauka okerra. Bigarren kaletik arinago doa Horner. Bizi-bizi. Pedalkada sendoarekin. Zutik. Patroirik onenak bezain dotore. Harrotu egin da, eta baietz, sinesteko esaten diote taldean. Adinaz ahazteko. Gozatzeko. Joan da lehen kalera bidean, eta bost begirada zital bota dizkio, jada, Astanakoaren maillot gorriari. Atzo azkena, Peña Cabargara bidean. Beste 25 segundo Nibaliri. Hiru falta. Olatu on bat.

Marka da gero, baina Vueltako lehen hemezortzi etapak jokatuta, hiru segundoren tartea besterik ez dago Nibali eta Hornerren artean. Eta hirugarren eta laugarren kaletik doazen bi artistak ere ez dabiltza urruti. Bezperan argitutak moduan, jo zuen eraso seko-sekoa Joaquim Rodriguezek (Katuxa) aldaparik gogorrenean, Dani Moreno eta Angel Vicioso taldekideen laguntza aparta jasota, eta gerrarako dagoela berretsi zuen. Eta, artisten eremuan goi-goian, Alejandro Valverdek ere (Movistar) etsitzea zer den ez dakiela erakutsi zuen. Beste behin. Bera lehertu zen lehenengo ohorezko txandako lau oilarren artean, baina, behetik gora eginda, lehen kalera sartuta amaitu zuen etapa, Nibali bera atzean utzita. Beste kolpe bat. 1.09 minutura dauka espainiarrak Astanakoa; 1.13 atzerago dago Rodriguez... Eta itsasoa dago emanda biharko.

Burgosen hasi eta Peña Cabarga gainean amaitu, 186,5 kilometro zeuzkan Vueltako 18. etapak. Ihesaldia eta sailkapen nagusia. Bi borroka nabarmendu ziren hasieratik. Hamabost txirrindulari joan ziren ihesean etapa hastearekin batera, eta hamar minututik gorako aldea hartzen utzi zien tropelak. Bertan zegoen garaipena. Begiratua botata, beste askotan bezala, Egoi Martinez (Euskaltel) eta Amets Txurruka (Caja Rural) ziren bi euskaldunak, eta Vasil Kiryienkarena (Sky) zen zaindu beharreko gurpila. Argi samarra zen hori, baina klasea agertzen denean... Caracol bigarren mailako mendatean gora jo zuen erasoa, eta inor ez zen gai izan jarraitzeko. Tira, bai, saiatu ziren Egoi Martinez bera, Chris Anker Sorensen (Saxo) eta Vicioso. Baina ezin. Olatu gainean zihoan ordurako Skykoa. Merezi zuen urte guztian besteen mesedetan egindako lanaren saria jasotzea.

Chris Horner, su batean

Atzeko taldetxoarekiko 1.40 minutuko aldea zeukan Peña Cabarga igotzen hasi zenean, eta sei minutu pasatxora zihoan tropela, Movistarrek luze-luze eginda. Sei kilometroko igoerari aurre egiteko alde dotorea da hori. Sufritu zuen, bai; gogotik, gainera. Baina oraindik ez da jaio %16-19ko batez besteko aldapa daukaten paretetan sufritzen ez duen txirrindularirik. Atsedenaldi txiki batekin, baina itoa da Peña Cabargako igoera, eta Hornerren suarekin zuloan geratu zen, beste behin, liderra. Itsaso zabala zeukan orain gutxi bere alde, baina olatu bakarra geratzen zaio orain.

Eta hiru segundoko aldea jateko nahikoa leku badauka oraindik aurtengo Vueltak. Urrutira joan gabe, Narancon amaituko da gaurko etapa, Oviedon. Sei kilometroko igoera da, eta %5,8ko batez besteko aldapa dauka. Bihar, berriz, El Cordal (6 km, %8,1) eta Angliru (13,2 km, %9,5) igoko dituzte. Horner liderraren kalean erabat sartzeko menu dotorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.