Yulema Corres. Athleticeko jokalaria

«Liga ondo amaitu nahi dugu, Kopara sentipen onekin iristeko»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Kili-kolo dabil Yulema Corres (Gasteiz, 1992), bizeps femoralean duen edema baten erruz. Denboraldia erdipurdikoa izaten ari den arren, iaz baino gol gehiago daramatza: 17, hain zuzen.

Asteazkenean ez zenuen jokatu, min hartuta zeundelako. Zer moduz zaude?

Edema bat daukat bizeps femoralean. Ondo zaindu behar den lesioa da, eta nahiko minduta egon naiz. Donostian izango naiz, baina ikusi beharko da nola nagoen. Izan ere, esprintak egitean arriskutsua da.

Azken bi partidak 0-4 eta 4-0 galdu dituzue. Zer moduz dago taldea?

Nik uste dut Granadillaren eta Bartzelonaren aurkako porrotakgehiegizkoak izan direla, eta kolpe handia izan dira taldearentzat. Baina derbiari begira, horrek ezin du aitzakia izan. Gogoz eta ilusioz gaude.

Realak oraindik ez du ziurtatua Espainiako Kopa jokatzea. Ez al du zuek baino presio handiagoa gaurko derbian?

Agian, sailkapenari begira, presio handiagoa du. Baina guretzat oso neurketa garrantzitsua da. Geratzen diren ligako partidetan ahalik eta garaipen gehien lortu nahi dugu, Kopara begira sentipen onak berreskuratzeko. Oso txapelketa berezi da, jokatzeko gustagarria. Uste dut maila ona eman dezakegula, eta edozer gerta daitekeela.

Nolako partida espero duzu?

Derbi guztietan bezala, giro askokokoa eta polita. Nik uste dut gol gutxiko partida izango dela, eta, golak badaude ere, oso partida lehiatua izango dela. Guk intentsitate handiz jokatu behar dugu, eta baloi jabetza izan.

Realak denboraldi hasiera txarra egin zuen. Orain, ordea, gora egin du. Zein indargune ikusten dizkiozu?

Kalitate handiko taldea da, atezainetik hasi eta aurrelarira. Oso joko zuzena egiten du, eta erasoan ekin eta ekin aritzen da. Beraz, oso adi egin behar dugu.

Defentsan ez zabiltzate iaz bezain fin. Aurreko denboraldian, jardunaldi honetan, 11 gol zenituzten jasoak; orain, berriz, 36. Irene Paredesen falta asko antzeman duzue?

Aurreko denboraldia biribila izan zen, eta nik uste dut ezin dela parekatu. Irene oso jokalari garrantzitsua zen guretzat, baina, gainontzean, atzealdeko jokalariak aurreko sasoiko berak dira. Nik uste osoa dut haiengan. Baina egia da sendotasun txikiagoa izan dugula defentsan, baina baita erasoan ere. Denek egin behar dugu autokritika, aurrean jokatzen dugun jokalarietatik hasita. Izan ere, defentsako lana guk egiten dugun presiotik hasten da. Sendoagoak izan behar dugu, adiago egon, ez bakarrik baloiari, baita aurkarien mugimenduei ere.

Zuk, dena den, aurreko sasoian baino gol gehiago sartu dituzu. Pozik zaude alde horrekin?

Alde horretatik pozik nago, baina, oro har, ez. Izan ere, taldea ez da espero bezain ondo aritu. Erdipurdiko denboraldia izaten ari da. Espero dugu hobeto amaitzea.

Gorabehera dezente izan dituzu jokoan. Zergatik?

Taldean aldaketa asko egon dira. Jende gaztea sartu da taldean, eta oso lana on egiten ari dira, baina denbora eta jokatzeko aukera behar dituzte goi mailan jokatzera ohitzeko. Ez da erraza; are gehiago iaz Liga irabazi genuela kontuan hartuta. Hemen geundenak ere ez gara maila onenean aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.